Arquitectura

Atxuriko Ospitalea

Atxuriko Ospitalea, Ospitale Zibil zaharra bezala ere ezaguna den eraikina, Bilboko lehen ospitale zibila izan zen 1908. urtera arte. Aurretik lan horiek orden erlijiosoen eskuetan zeuden eta euren eraikinetan burutzen ziren, monasterio edo komentutan. Urte horretan inauguratu zen Basurtoko Ospitalea eta azken honek aurrekoa ordezkatu zuen. Atxuriko Ospitalea 1818. eta 1835. urteen artean eraiki zen eta diseinua Gabriel Benito de Orbegozorena (Bilbo, 1770-1830) da. Dena den, eraikuntzaren zuzendaritza lanetan ez zen bera aritu, beste arkitekto batzuk baizik, besteak beste, Agustin de Humaran, Silvestre Perez edota Antonio de Echevarria. Ospitalea Santos Juanes izeneko elizaren orubean altxatu zenez, lehen hamarkadetan Santos Juanes ospitalea ere esaten zioten, baina fatxada nagusiaren aurreko plazan Atxuri izeneko iturria zegoenez, azkenean ospitaleak iturriaren izena hartu zuen. Eraikina neoklasizismoa estiloan egina dago eta Euskal Herriko lehen ospitale zibila da. Eraikin berezia izan zen, garaiko irizpide aurrerakoienak jarraitu baitziren berau egituratu eta gauzatzeko orduan.

Azken finean, XIX. mendearen hasieran, Aro Garaikidean, tipologia honetan beste gehienetan bezala, ez zen bakarrik aldaketa estilistiko edo estetiko soila gertatu. Lehenik ilustrazioaren eraginez, eta gero liberalismoaren ideien poderioz, tipologia honek iraultza higienista jasan zuen. Horrela, eraikina espazio bakar batean antolatu beharrean, pabiloi isolatutan banantzen hasi ziren. Horrela, gaixo motak eta funtzio desberdinak hobekiago banatu eta antolatzen zituzten. Hasieran orrazi formako oinplanoa finkatu zuten, aireztapena eta eguzkia bilatu nahian. Eredu horri jarraituz gauzatu ziren XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran neoklasizismoa garaiko lehen ospitaleak. Hirien kanpoaldean ezartzen ziren eta estilo soila zeukaten, xumea eta sinplea, garai klasikoan oinarrituta, Atxuriko Ospitalean ikusi daitekeen bezala.

Atxuriko Ospitalean, lehenengo bi solairutan eraikina bloke erraldoi eta angeluzuzena da, baina hirugarren solairutik aurrera, hiru pabiloi isolatutan antolatzen da, gaixo mota ezberdinak banatuz. Horrela, aipatutako orrazi formako oinplanoa hartzen du, bi patioak hegoalderantz irekiz. aireztapena eta eguzkia bilatu nahian. Orokorrean eraikinaren egitura nagusia biluzik agertzen da, horman markaturiko habeekin, banda eta kantoi-errefortzuen irtengune meheekin, eta erlaitzekin. Eraikinaren elementu esanguratsuena eta apainduena sarbidea dugu, mendebaldean dago, Santos Juanes plazan, eta bertan tetrastilo antzeko ataria dago, doriar estiloko zutabe erraldoiak eta guzti. Atari horrek Erronda kaletik dagoen ikuspegia errematatzen du, eta horren ondorioz, apur bat biratuta dago, hau da, bihurgune txiki bat dauka. Orokorrean, egitura gehiena harlanduzko da eta leiho gehienak ere leihoburua daukate, patiora ematen dutenak ezik. Azken horietan Gabriel Benito de Orbegozok nahiago izan zuen puntu erdiko arkua erabili, eraikina hobekiago aireztatzeko eta geletan eguzkia jasotzeko.

1908. urteaz geroztik eraikinak beste hainbat funtzio bete ditu eta erabileran aldaketa nabarmenak ere jasan ditu. Aurrena Arte eta Ofizioetako ikastetxea izan zen, gero Bilboko Arte Ederretako Museoaren lehenengotako egoitza eta azkenik, egun oraindik, Emilio Campuzano Bigarren Hezkuntzako ikastetxea da. Beti behar berriei zorroztasunez erantzun duen eraikina izan da. Argi geratu da neoklasizismo estiloa zuzenki jarraitzen zuten garai horretako eraikinek harreman handiagoa zutela aurreko barroko garaiarekin gero garatu zen arkitektura garaikidearekin baino, modernoa eta arrazionala esaten dioten horrekin alegia.