Concepto

Demografia

Demografiaren esanahi etimologikoa populazioaren azterketa dugu (demos: herria; graphein: deskribapena, trazua). Achille Guillardek (1855) erabili zuen lehen aldiz demografia hitza, zentzu zabalean "gizadiaren historia naturalaren eta sozialaren ikerketa" eta zehazki "populazioaren ezagutza matematikoa, bere oinarrizko mugimendu (eta) bere egoera fisiko, zibila, intelektuala eta moralaren" azterketa zela adieraziz. Hasierako definizio honetan agertzen dira, dagoneko, demografiaren bilakera teoriko zein metodologikoa gidatuko duten bi ikuskerak. Alde batetik, estatistika eta datuak aztertzeko teknikak demografiaren muintzat hartzen dituen jarrera; bestetik, demografiak giza zientzietako beste arloekin duen harremanari zentralitatea ematen dion ikuspegi zabalagoa. Izan ere, diziplinaren hastapenek ekonomia eta antropologiarekin zerikusi handia izan zuten.

Hiztegi eta eskuliburuak kontsultatuz gero, horrelako definizioak topa ditzakegu:

"Herriak, gizataldeak, deskribatzen eta aztertzen dituen jakintza (jaiotza eta heriotza kopuruak, biztanle kopuruak, migrazioak, etab.)."

(Entziklopedia laburra).

"Giza populazioen egoerari buruzko azterketa koantitatiboa egiten duen zientzia. Bereziki biztanleen kopurua, dentsitatea, hazkundea, banaketa eta mugimenduak aztertzen ditu."

(Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa).

Populazioaren Ikerketa Zientifikorako Nazioarteko Elkarteak (IUSSP) argiratutako hiztegiaren arabera, demografia giza populazioaren ikerketa objektutzat duen zientzia da, horren dimentsioa, egitura, bilakaera eta ezaugarri nagusiak batez ere ikuspuntu kuantitatibotik aztertzen dituen diziplina izango litzateke.

Livi-Bacci (1993) demografo ospetsuaren esanetan, demografia populazioaren azterketa dela esatea hitzaren esanahi etimologikoa itzultzea baino ez da, demografiaren zeregina zertan datzan ulertzeko inolako ekarpenik egin gabe. Demografo italiarraren ustez, demografia zer den zehazteko diziplina honen ikergaia, populazioa alegia, definitzea ezinbestekoa da. Laburbilduz, populazioa egonkorki osatutako norbanakoen multzoa dugu, ugalketa-loturak dituena eta lurralde, politika, legea, etnia edota erlijio ezaugarriak partekatzen duena.

Beraz, demografiaren objektua pertsonen bizi-konstanteen azterketa da, modu zabalean ulerturik eta multzoka ikertuta. Hots, demografiak oso gertutik bizi ditugun fenomenoak behatzen ditu, gure intimitatearekin estuki lotuta dauden eta gure bizitzaren oinarriak diren gertakizunak alegia. Hausnarketa honek demografiaren bilakaera ulertzeko oso garrantzitsuak diren bi ondorio ditu.

Hasteko herri ikuskera demografikoa (Luxán; 2001) aipatuko dugu. Jendeak portaera demografikoen bilakaera eta egungo egoera laburbiltzen dituzten ideia orokorrak ditu. Iritzi hauek ikuskera historikoa eta gertatutako aldaketak ere jasotzen dituzte. Gehienetan, herri ikuskera hau topiko eta estereotipotan oinarrituta dago eta sarritan salbuespen egoeraren normalizazioa eragiten du, ez ohikoak izan diren portaerak normaltasun eredutzat joz. Honen adibide argia dugu XX. mendeko familia-eraketa prozesuen inguruko diskurtsoa. Izan ere, aurreko belaunaldiekin alderatuz gero, baby-boom garaian bikotea eratu eta guraso bilakatu ziren pertsonak oso gazteak ziren ezkondu eta umeak izan zituztenean. Gazte hauen ez ohiko portaera, ordea, geroko belaunaldien jokabidea aztertzerakoan eredutzat erabili da, denbora luzean gauzak horrela gertatu izan balira bezala jokatuz eta imaginarioan halako irudiak txertatuz.

Bestetik, populazioa esplizituki edo inplizituki imaginario sozialean erreferentzi garrantzitsua bilakatu da (Domingo; 1998), eta diskurtso zein erabaki politiko asko argudio demografikoak erabiliz legitimatzen dira. Zentzu honetan, herrialde batzuen hazkunde demografikoa pobrezia eta ingurugiroaren degradazioarekin lotu izan dute diskurtso politikoek eta horien arabera abiatutako garapen politikek. Beste herrialde batzutan, aldiz, zahartze demografikoak osasun sistema publikoaren hondamendia eta bertako kulturaren desagerpena ekarriko dituela ziurtatzen dute. Erretiro-pentsioen murrizketaren inguruko diskurtsoak, adibidez, zuzenak ez diren argudio demografikoetan oinarritzen dira.

Domingoren arabera (2008), demografia bi ahalegin handien bateratzean sortu zen. Alde batetik, ziurgabetasuna murrizteko prozesu luzea -zoriaren etxekotzea deiturikoa-; bestetik, biopolitikaren jaiotza helmuga izan zuena. Aipatutako lehen prozesuari lotuta, probabilitateen kalkuluan oinarritutako demografia-metodologia garatzen da. Bigarrenak, aldiz, botereak bizitzaren arlo guztietan duen esku-hartze eta eraginari buruz hitz egiten digu eta demografiak esku-harmenerako eta etorkizunean gertatuko dena aurreikusteko borondateak ditugu bere ekarpen nagusiak.

Diziplina demografikoaren sortze uneari buruz ez dago adostasunik. Batzuentzat Malthus eta bere Populazioari buruzko lehenengo entsegua dira abiapuntua. Arregirentzat, ordea, (2008) Malthusek eztabaida demografikoa plazaratu zuen baina diziplinak ez du berezko esparrua lortuko XX. mendearen hasiera arte, Populazioaren Ikerketa Zientifikorako Nazioarteko Elkartea (IUSSP) eraketarekin batera.

Edozein kasutan, populazioari buruzko kezka aspaldikoa da eta populazioaren inguruko eztabaidan bi galdera izan dira nagusi: zein da hazkundearen jatorria eta zeintzuk ondorioak. Erantzunei dagokienez ere, oinarrizko azalpen bi nagusitu dira: hazkunde demografikoa oparotasun ekonomikorako arriskua dela mantentzen duena eta hazkunde demografikoak ekonomian efektu pizgarria duela azpimarratzen duena.

Bestalde, bai IUSSPren bai diziplina demografikoaren bilakaeran bi jarrera kontrajarriak izan dira: akademikoen jarrera eta aktibistena alegia. Aktibistentzat elkarteak, eta demografiak berak, munduko biztanleen bizi baldintzak hobetzea izango luke helburu, besteentzat, berriz, elkarte eta diziplinaren zereginak helburu akademikoekin lotuta egongo lirateke. Dena dela, demografia eta politika betidanik estuki lotuta daude, garapenerako politiketan diskurtso demografikoak jokatu duen papera horren adibide argia izanik.

Historian zehar izandako teoria demografikoen berri zehatzagorako: Historia de las teorías demográficas.

Gertakizun demografikoak aztertzerakoan bi ikuskera erabili izan ohi dira: zeharkakoa eta belaunaldikoa.

Zeharkako ikuskerak une jakin batean gertatzen dena aztertzen du eta oso erabilia izan da urte luzeetan. Denbora jakin bateko egoera deskribatzeko egokia bada ere, portaeren bilakaera aztertzean arazotsua suerta daiteke, egoerak uneko adierazletan eragin handia baitu.

Belaunaldi edota luzerako ikuskerak kohorte batek denboran zehar bizitako gertakariak aztertzen ditu, demografian gero eta gehiago erabiltzen den azterketa mota dugu hau. Ikuskera honek egoerak sortutako ilusioak eragozten baditu ere, datu-serie luzeen beharra du.

Oinarrizko gertakari demografikoak jaiotzak, heriotzak eta migrazioak dira. Hiru fenomeno hauek oinarrizko ekuazio demografikoa osatzen dute. Horrela, urte eta lurralde jakin bateko populazioa ezagutzeko, aurreko urteko populazioari denbora tarte horretan izandako jaiotzak gehitu, erregistratutako heriotzak kendu, lurralde horretatik kanpo etorritakoen kopurua gaineratu eta lurraldea utzi dutenen kantitatea ebatsi besterik ez dugu.

Dena dela, demografiaren interesa zabalagoa da eta bikotearen eraketa eta desegitea, familia-egiturak, populazioak jarduerarekiko duen harremana eta erikortasuna aztertzen ditu, besteak beste.

Bestalde, gertakari demografikoak unibertsalak ala ez unibertsalak izan daitezke, hau da, pertsona orori derrigorrez gertatzekoak (jaiotza, heriotza) ala ez (bikotea eratu, umeak izan). Era berean, gertakari berriztagarriak eta ez berriztagarriak dira. Berriztagarriak pertsona behin baino gehiagotan horien protagonista izan daitekeenean (umeak eduki), ez berriztagarriak pertsonari behin baino ez zaionean gertatzen (jaio eta hil, adibidez) .

Demografian erabiltzen diren datuak stockak eta fluxuak dira eta hauen arteko aldea denbora-dimentsioa dugu.

Stocka une jakin batean dagoen populazioa da, momentu zehatz batetan egindako argazkia, instant bateko isla. Adibidez, Beizamako populazioa adin eta sexuaren arabera 2011ko martxoaren 11n. stockak zentsu, errolda eta zenbait inkesta bitartez jasotzen dira.

Fluxuak aldiz gertakariak dira (jaiotzak, heriotzak, ...) eta denbora-dimentsio jarraitua dute. Adibidez, zenbat hildako egon zen Beizaman 2010 urtean zehar. Gertakari hauek, besteak beste, bizitza-estatistiken bitartez jasotzen dira.

Stockak eta fluxuak irudikatzeko Lexis diagrama erabiltzen da.

Tasak: "Edozein motatako gertakarien kopuruak (jaiotzak, heriotzak, ezkontzak) hori gertatzen den biztanlerian zenbateko proportzioa hartzen duen adierazten du tasa batek." (Eustat; 2010). Hau da, mila biztanleko zenbat gertakari izan diren denbora tarte jakin batetan. Jaiotza-tasa (jaiotzak eta ugalkortasuna sarreran), heriotza-tasa (hilkortasuna sareran) eta ezkontza-tasa ditugu erabilenak.

Tasak biztanleria osoa erreferentziatzat hartuta edota adin taldeka kalkula daitezke. Lehenengoak, tasa orokorrak deitutakoak, gertakari demografikoen neurketa aski baldarrak dira. Horregatik, hain zuzen ere, adin taldeka kalkulatutako tasen erabilera oso zabalduta dago. Bigarren tasa hauek tasa espezifikoak ditugu.

Portzentaiak: Ehunekoak; zenbakitzailea izendatzailearen parte da. Oso erabiliak, batez ere populazioaren egitura deskribatzerakoan. Adibidez, populazioaren ehuneko 20ak 64 urte baino gehiago ditu.

Ratioak: Bi populazio ezberdin harremanetan jartzen dituen adierazlea, askotan indize izena hartzen duena. Ezagunenen artean maskulinitate indizea dugu, populazioa batetan 100 emakumeko zenbat gizon dagoen islatzen duen adierazlea.

Indize sintetikoak: Informazioa ezberdina laburbiltzen duten adierazleak, adibidez, bizi-itxaropena eta ugalkortasun-indize sintetikoa.

Batez besteko adina: Zeharkako zein belaunaldiko adierazlea izan daiteke. Zeharkakoa denean, denbora tarte jakin batetan gertakari demografiko baten protagonistak izan diren pertsonen batez besteko adina islatzen du. Belaunaldien portaera aztertzerakoan, belaunaldi jakin batetako pertsonak gertaera demografiko batekiko adinaren batez bestekoa islatzen du. Adibidez, amatasuneko batez besteko adina.

Populazioa zenbaketen objektua dugu. Eragiketa estatistiko ezberdinen bitartez, populazioaren azterketa ahalbidetzen duten datuak jasotzen dira. Urte luzetan, zentsuak izan dira datu demografikoen iturri nagusiak; hauen objektua etxeak izatetik pertsonak izatera pasatzen denean, populazioaren nozioa sendotu egiten da eta iturri demografiko modernoetaz hitz egin dezakegu.

Objetibotzat jotzen ditugun kontaketarako ariketa hauek errealitatea eraikitzen dute. Hau da, iturri hauek gertaeren definizio zehatza erabiltzen dute; definizio horien arabera jasotzen dituzte datuak eta eraikitzen dituzte adierazleak. Eragiketa estatistikoak ere garaiko produktuak ditugu. Ez dituzte jendartean onartzen ez diren errealitate politiko eta sozialak islatzen. Aldaketa sozialekiko egokitze prozesu mantsoa dute. Hortaz, neurtzen dena existitzen da eta neurtzen ez dena ez da existitzen (Luxán; 2004 eta 2005). Adibidez, 1991 urterarte Espainako zentsuetan ezkondutako emakumeei baino ez zitzaien galdetzen zenbat ume izan duten, emakume ezkongabeen ugalkortasuna izkutatuz.

Euskal Herriaren kasuan, lurraldetasuna dugu hizpide. Euskal Herria osorako datuak lortzea lan nekesa da, estatistikak lortzeko erakunde ezberdinetara jo behar baitugu eta erakunde horiek lurralde-esparru, egutegi eta datuak jasotzeko irizpide ezberdinak erabiltzen baitituzte. Lan ildo honetan aritu izan da Euskal Herriko Datuen Talaia, zailtasun hauei aurre egiten saiatzen den egitasmoa.

Erroldak eta zentsuak iturri demografiko klasikoak dira. Eragiketa hauen abantaila laginarekin baino populazio osoarekin lan egitean datza. Beraz, data eta lurralde jakin bateko biztanle guztien informazioa jaso eta ezaugarri ezberdinen arabera tabulatzen dute. Zentsuek gai anitzi buruzko informazio zabala plazaratzen dute, betiere populazioa stock -uneko argazki finkoa, momentuko deskribapena- hauetan oinarriturik eraiki daitezkeen adierazleen bitartez. Biztanleria eta Etxebizitza zentsuak 10 urtero burutzen dira.

Bizi-estatistikak, hau da, populazioaren berezko mugimenduak jasotzen dituzten estatiskak, aspaldiko kontuak dira ere. Populazioaren Berezko Mugimenduak (PBM) fluxuak islatzen ditu, hots, prozesuak, egoera aldaketak: bizitzaren hasiera eta amaiera eta ezkontza gertatzen edota desegiten delako egoera zibilan izan daitezkeen aldaketak.

Honetaz gain, maiztasun jakin batez egiten diren inkesta ugari dago, hala nola, Biztanleria Jardueraren Arabera, Inkesta Demografikoak, eta Denbora Aurrekontuen Inkesta.

Inkesten artean, inkesta biografikoak dira azpimarragarrienak. Iturri hauek XX. mendearen bukaeran zabaldu ziren eta larogeigarren hamarkadan Europako zenbait ikerketa zentruetan martxan jarritako lan ildoekin lotuta daude. Datu iturri berriak diseinatzeaz gain, demografia zentru hauetan datu biografikoekin lan egiteko metodologia garatu dute. Lan ildo honek helburu bikoitza izan du: alde batetik, gertakarien arteko harremanen ikerketan sakontzea; bestetik, gertakari demografikoen oinarrietan dauden arrazoiak eta haien ondorioak hobeki ulertzea.

  • ARREGI, B.; LARRAÑAGA, LUXÁN, M. eta MARTÍN, U. "La experiencia demográfica: teoría, estrategia y realidad". MENDIOLA (ar.). Textos y Pretextos para repensar lo social. Leioa: UPV/EHU, 2008, 435-456 orr.
  • DOMINGO, Andreu. Descenso literario a los infiernos demográficos. Bartzelona: Anagrama, 2008.
  • DOMINGO, Andreu. "La mujer inmigrada tras el velo estadístico". Papers de Demografía. Bartzelona: Centre D'Estudis Demogràfics, 1998, zk. 146, 1-13 orr.
  • DUPAQUIER, Jacques y Michel. Histoire de la démographie. París: Librairie Académique Perrin, 1985.
  • EE.DD. "Euskal Herriko demografia eta ugalkortasuna". Lan koadernoa, 2. Donostia: Gaindegia, 2007.
  • LIVI-BACCI, Massimo. Introducción a la demografía. Barcelona: Ariel, 1993.
  • LIVI-BACCI, M. Historia mínima de la población mundial. Barcelona: Ariel, 1988.
  • LUXÁN, Marta. "La fecundidad en la CAE. Un estudio generacional". ARREGI eta DAVILA (ar.). Reproduciendo la vida, manteniendo la familia. Bilbao: UPV, 2005, 123-166 orr.
  • LUXÁN, Marta "Evolución demográfica y movimientos migratorios". Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos. 6. liburkia. Bilbo: Lur Argitaletxea, 2004, 3-28 orr.
  • OVERBEEK, Johannes. Historia de las teorías demográficas. Bartzelona: Ariel, 1984.
  • PÉREZ DÍAZ, Julio. Apuntes de demografía. Blog. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Centre d'Estudis Demogràfics. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Euskal Herriko datuen Talaia. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Eustat. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Institut national de la statistique et des études économiques. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Instituto de estadística de Navarra. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].
  • Instituto Nacional de Estadística. [Fecha de consulta: 25 de febrero de 2011].