Ver versión en euskera euskera
El Abra - Real Sporting Club Nautiko Elkartea, 1972an gertatutako bi elkarteren fusioaren ondorioa da. 1898. urtean sortutako Real Sporting Club eta 1902. urtean sortutako Real Club Maritimo del Abra-rena hain zuzen ere.
Elkartearen jarduera nagusia, sortu zenetik, bela jarduerak dira, estropaden antolakuntza eta beste hainbat itsas kirol ekintzak.
Batetik, Real Sporting Club Nautiko Elkartea 1898. urtean sortu eta 1900an eraiki zen bere egoitza Nerbioi ibaiko ontzioletan. Ingalaterratik despiezatuta ekarritako piezekin txanel itxurako ur gaineko eraikina egin zen, zementuzko sabairekin. 1980. urtean hondoratu egin zen.
Bestetik, El Abra Nautiko elkartea 1902an sortu zen, D. Ramón de la Sota-ren eskutik, eta hasiera batetik, Euskal Herriko burgesiaren harremanetarako eta kirol jardueretarako egoitza izan zen. 1903. urtean El Abra Elkarteak, Getxoko "Establecimiento de Baños de Mar Bilbaínos" deituriko egoitza alokatu zuen, eta bost urte beranduago erosi egin zuen bertan bere egoitza nagusia garatzeko asmoz. Estilo eklektikoan oinarrituta zegoen eraikin monumentala zen eta Emiliano Amann arkitektoak 1909 urtean zuzendu zituen eraikina zabaltzeko eta erreformatzeko lanak.
1973ko Azaroaren 26an gertatutako atentatu baten ondorioz sortutako suteak, El Abra Elkartearen hasierako eraikina suntsitu zuen. RCMA - RSC elkarterako egoitza berri bat eraikitzeko deialdia egin zen eta Eugenio Aguinaga eta Iñigo Eulate gertatu ziren garaile. 1974. urtean proiektua garatu zuten eta lanak 1975ean amaitu ziren. Proiektuak, El Abra Elkarteko kirol jarduerak eskatzen dituen zerbitzu sozialak barne hartzen ditu, kirol ekintzak jorratzeko bisitarien bilgune izanik.
Hirurogeita hamargarren hamarkadako Espainiako arkitekturan gertatu ohi den bezala, eraikina Mies Van der Roheren lanetan eta brutalismoan oinarrituta dago eta osagai eskultoriko indartsu batek bereizten du.
Hiru solairuko eraikina da eta 5000 m2-ko azalera dauka. Taberna, 500 pertsonentzako jatetxea, jolasetarako gela, ikasgela eta Goleta deituriko diskoteka batek osatzen dute multzoa. Kirol-instalazioak ere baditu. Hala nola, paddle pistak, sauna, gimnasioa, squash pistak eta klimatizatutako igerilekua. Portuko gunean gainera beste bi igerileku eta "El Saltillo" deituriko kafetegi-jatetxe bat kokatzen dira. José Luis de Ugarte itsasgizon getxotaren omenez izendatutako "Bela eskola" daude ere multzo honen barne.
Lehen eta bigarren solairuak, laukizuzen formakoak, diafanoak eta modulatuak dira. Gardentasun handiko bolumen bat osatzen dute, itsasoarekiko bistak eskainiz. Itsasoaren kontrako aldean ordea, zerbitzu ardatz bat atxikitzen zaio, eskailera, igogailu, komun, eta eraikinaren funtzionamendu egokirako bestelako zerbitzuekin. Sukalde eta administrazio bulegoak ere hemen kokatzen dira. Behe oina, sarrerarako halla izan ezik, libre dago. Sotoan, gimnasioa, squash pistak, igerilekuak eta diskoteka kokatzen dira.
Nautikaren munduan Kantabriko aldeko erreferentziako elkartea da honakoa, eta Getxoren historian garrantzi handia izan du. Lehen Bela Errege Kopa hemen egin zen 1905. Urtean, Alfontso XVII. aren parte hartzearekin.
- AGUINAGA Y ASOCIADOS ARQUITECTOS [web]. [Kontsulta data: 2015eko abenduak 18].
- ALONSO OLEA, Eduardo. Historia del club RCMA-RSC : Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club, 1898-2002. Bilbao: Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club, 2002.
- GETXOKO UDALA. Getxoko Etxe Handien Pasealekua. Getxo: Getxoko udala - turismoa, 2010. [Kontsulta data: 2015eko abenduak 18].
- REAL CLUB MARÍTIMO DEL ABRA - SPORTING CLUB [web]. [Kontsulta data: 2015eko abenduak 18].