Literarias

Bi saindu heskualdunen bizia (1867). Frantzizko Laphitz

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Hemeretzigarren mendean santuen bizitzak kontatzen dituzten liburuen artean bat nabarmentzen dela esan daiteke: Frantzizko Laphitzek 1867an autorearen izenik adierazi gabe Baionan argitara emandako Bi saindu heskualdunen bizia izenburukoa. Azken urteotan liburuak hainbat argitarapen izan ditu: adibidez, 1978an lehenengo edizioaren faksimila agertu zen, Hordagok argitaratua, eta, 1987an Euskal Editoreen Elkartearen eskutik beste bat plazaratu zen, Josu Pikabearen ardurapean, ordukoan hizkuntza gaurkotuta.

Santuen bizitzak kontatzen dituzten era honetako liburuak euskal nobelagintzaren aurre-historiako liburutzat har daitezke, eta erlijioan oinarritutako literatura argumentatibo batetik narrazio-literatura batera doan ibilbidearen erdian koka ditzakegu, euskaraz fikzioa ardatz duen literatura garatzen ari deneko prozesuan.

Maisulana ez bada ere, euskal literaturaz aritu izan diren askok aipamen bereziak egin izan dituzte Laphitzen liburuaz. Hona, esaterako, Villasantek bere Historia de la literatura vasca-n dioena:

"Este libro es realmente notable por sus dotes de estilo, hechura, concepción y manera de desarrollar el tema. De él ha escrito Lafitte: "Un día que me preguntaron a ver si había novelas en vasco, yo contesté que sí, pero que aún teníamos algo mejor, pues teníamos a Lapitze: su obra está construida con una rara habilidad, y ella se desarrolla dramática, en un estilo directo, denso, carnoso, que convendría proponer como modelo a muchos escritores"." (Villasante, 1978: 170).

Eta Lafitteren goraipamenezko hitz hauek transkribatu ondoren, liburuaren edukiaren aipamena egin eta honela jarraitzen du Villasantek:

"Es una historia dramatizada, que se lee con el más vivo interés, en un lenguaje fácil, estilo cortado, descriptivo, a base de una presentación positiva de los hechos." (Villasante, 1978: 170).

Liburuak, jatorrizko argitalpenean dituen 251 orrialdeetan zehar, San Inazioren eta San Frantzisko Xabierrekoaren bizitzak kontatzen zaizkigu, modu nobelatuan, bost partetan banatuta.

Gaiak berak mugatutako obra bada ere, era sinplean zirriborratuta aurki ditzakegu nobelagintza historikoak aurkezten dituen zenbait elementu.

Lehenengo eta behin, esan behar da kontakizun honetan berez ezin bana daitezkeela egia historikoa eta fikzioari dagokiona, biografietan agertzen zaiguna egia historikotzat eskaintzen baitzaio irakurleari. Edonola ere, historia eta fikzioaren paralelotzat har daitezkeen bizitza pribatuaren eta publikoaren arteko nolabaiteko banaketaren zirriborroa azaltzen zaigu. Izan ere, Inazioren bizitzari dagozkion osagaien ondoan, hau da, santuak bere helburua aurrera ateratzeko munduan zehar egiten dituen joan-etorriekin batera, historia politikoaz ere egiten dira zenbait aipamen, gertakariak hobeto ulertzeko balio dutenak. Garrantzitsuena Nafarroako gerrari buruzkoa da, geroko gertakari guztiak aipatutakoaren ondoriotzat har daitezkeen aldetik. Aipamen horietan azaltzen da nola Inazio, Gaztelako erregearen jarraitzailea zenez gero, Nafarroa Frantziako armadatik defendatu beharrean aurkitzen zen. Protagonistak bazekien bidegabeki jokatu zuen errege baten alde ari zela, baina leialtasunak hori egitera bultzatzen zuen:

"Ontsa da, ihardesten dio Naïeraco dukiac, lo dorphe batetaric atheratzen balitz bezala. Jar zaïte aphur bat, iloba maitea. Badakizu gure erregeac Noïonen zer hitzeman zuen. Hitzeman zuen Nafarroa sei ilhabeteren buruan itzulico zuela bere nausi zuzenari Henri Albretecoari. Gure erregeac hitza jan du. Bainan ene iloba maitea, gure jendekiac erregerentzat ichurtzen du odola errege makhur ala zuzen dabilan behatu gabe. Orena huna ethorria Espainiari, Frantziari, eta erregeri erecusteco zure arbasoen odolecoa zarela."

"Jauna, erraiten dio bizi bizia Iñazioc, ez dut bertze gogoric erregeren zerbitzatzea baïzic." (Laphitz, 1867: 7).

Nahiz eta jarrera bidegabe baten alde jokatu, erregearen zerbitzaria denez gero, leialki jokatu behar du. Zaurituta suertatuko da eta preso hartuko dute; baina, borroka horretan hain leialki jokatzeak etsaien miresmena piztuko du eta ondo artatuko dute, euskal literaturan ez ezik bestetan ere (adibidez, Yon Etxaideren Amaiur antzerki lanean kontatu den pasarte batean adierazten den bezala).

Idazlan honetan denboraren tratamendua nahiko desorekatua da. Zenbait pasartetan luzatu egiten da, eta beste pasarte batzuetan, aldiz, historiaren arabera denboraren aldetik askoz luzeagoak izan arren, kontakizunean oso labur gertatzen dira, ia-ia aipamen soil batez adierazita, inportantziarik edukiko ez balute bezala. Adibide bezala, Inazioren bizitza mundutarrari dagozkionak.

Beste zenbaitetan, narratzaileak saltoak ematen ditu etorkizunera Inazioren aurreikuspenak baieztatzeko:

"Sainduac irri egiler [haur itsusi eta motel baten lepotik barre egiten dutenei] erraiten diote:

"Haur huntaz irri egiten duzue? gaizki hori; ezic itchuchia badu ere gorputza, ederra du arima, eta egun guziez edertuz juanen zaio. Apheztuko da Martin, eta demborarekin herria ohoratuko du bere bertutez eta obrez."

"Sainduac errana gerthatu zen." (Laphitz 1867: 154; azpimarra neurea da).

Etorkizunerako salto horien bidez, santuaren obraren ondorioak ere baloratzen ditu narratzaileak. Santuak bere bizitzan zehar hasiera ematen dien anitz lan aipatu ondoren, hauxe gaineratzen du narratzaileak:

"Beha dezagun gero hirur mende huntan, Aita Jesuistec egin dituzten indarrer, eta ikhusico dugu elizac eta munduac zombat dioten Iñazio Loiolacoari." (Laphitz 1867: 247).

Aipamen horiekin gertakarien garaiak markatzen duen denboratik atera eta idazlearen beraren denboran sartzen da irakurlea, santuaren obrei perspektiba historikoa emanez.

Bestaldetik, nobela historikoaren ikuspuntuaren arazora eramaten gaitu horrek, aspaldiko gertakari historikoak kontatzen direnetan denbora, garai desberdinak, agertzen baitzaizkigu lehian: kontatzen diren gertakarien garaia, narratzaileak eskaintzen duen ikuspuntuaren garaia, idazlearen garaia eta irakurlearen garaia tentsioan agertzen zaizkigu, eta haien artean erlazio konplexuak sortzen dira. Gauzak horrela, dagokigun kontakizunean gertakarien garaia aspaldikoa bada ere, narratzailearen ikuspuntua eta idazlearena bat datoz, eta horrexegatik egin ditzake geroko gertakariei buruzko halako iruzkinak, pertsonaiak etorkizuna aurre-ikusteko zuen ahalmena nabarmenduz, santuaren obra geroko gertakarien argitik justifikatuta geratzen delarik.

Narrazio bizia da, eta idazleak badaki irakurlearengan interesa pizten. Alde horretatik "ezkutatze-teknika" dei litekeena nabarmentzen da. Honela labur liteke teknika honen funtsa: pertsonaia baten nortasuna ezkutatu egiten zaio irakurleari, haren obretan ezagut dezan, eta irakurleak dagoeneko egina duenean baieztatzen zaio nor den pertsonaia. Adibidez, 51. orrialdean honela hasten da bigarren partearen bosgarren atala:

"1523co Garizuman fama handico predicari batec jendetze handia biltzen zuen Barzelonaco eliza nausirat. Doña Isabel Rosello haren aditzaile jarraikienetarik bat zen [...]" (Laphitz 1867: 51).

Hiru orrialdetan zehar fama handiko predikariaren eta Isabel andrearen arteko harremanak kontatu eta gero, emakume horrekiko elkarrizketa batean hauxe esaten da:

"Nahiz untzi-capitainarekin hitzartua naizen, dio Iñazio Loïolacoac (ezic hura zen) igurricatuco dut [...]" (Laphitz 1867: 54).

Jakina, momentu horretarako irakurleak bazekien nor zen predikari ospetsua, idazleak baieztatu beharrik gabe; izan ere, ezkutatzea mantendu den hiru orrialdeetan, irakurleak obretan ezagutu du pertsonaia. Geroago zinean erabiliko zen suspense-teknika, aldaera arkaiko batean, jakina, gogora ekartzen digu Laphitzek darabilenak.

Honakoan pertsonaia nagusiak narrazioaren pisu osoa hartzen du bere gain, eta, horregatik, ezin egon daitezke bi pertsonaia lehenengo planoan batera. San Inazioren bizitza kontatzen denean, berak darama kontaketaren zama; baina liburuan San Inazioren bizitza ez ezik, San Frantziskorena ere kontatzen zaigu, eta kontakizuna azken horren bizitzan zentratzen denean, San Inazio praktikan desagertu egiten da kontakizunetik berrogeita hamar orrialdetan zehar (Laphitz, 1867: 192-246).

Argumentuan azaltzen diren gertakarien kontakizunaz gain, edukiari dagokionez, asmo sakonagoa ere islatzen dela dirudi. Alde horretatik begiratuta, esan daiteke idazlan osoa Jainkoaren eta deabruaren arteko guda bezala planteatuta dagoela; guda horretan San Inazio Jainkoaren alderdiko soldadu garrantzitsuenetakoa (kontakizunean, garrantzitsuena) da. Hasieran, gurasoen borondatea oztopo moduan planteatzen da Inazioren bilakaeran, haiek ez baitute nahi Inazio soldadua izan dadin. Baina, ez da horrela gertatzen, eta gudak berak soldadu mundutarra izan dadin saihestuko du, Jainkoaren soldadu bihurtzeko. Probidentziak parte hartzen du, ez Inazio soldadua izan ez dadin, ez bada kausa hobe baten alde borroka dadin.

Guda horretan gaizkiaren existentzia deabruaren presentziaren bidez azaltzen da, eta, neurri txikiago batean, norberaren ahuleziaren bidez. Testuinguru horretan ulertu behar dira erlijio arazoez egiten diren aipamenak. Erlijio arazoak Jainkoaren eta deabruaren arteko gudaren errepresentazio historikoak besterik ez dira, alde batean Inazio eta bere jarraitzaileak eta bestean heretikoak, Luteroren jarraitzaileak eta abar, daudelarik. Hala ere, irakurleak nor zein alderditan dagoen argi badaki ere, kontakizuneko pertsonaia batzuek, guda abstraktu horren errepresentazio historikoa kontutan hartu behar dutenean, ez dute hain argi ikusten, eta hortik Inaziok bilakaeran gainditu behar dituen hainbat oztopo. Esaterako, pertsonaia batzuek Inazioren arrakastaren atzean ezkutuko indarrak ikusten dituzte; bigarren mailako pertsonaia batek, adibidez, esamesek diotena adierazirik, honela dio:

"Norc daki ez othe den heretico bat? Norc daki ez othe den Luterren dizipulu gorde bat, gezurrez gure bethatzera ethorria?" (Laphitz 1867: 82-83).

Horren ondorioz, pentsa liteke Inaziok dioenak azken finean ez daukala garrantzirik, berak plazaratu nahi duen egia, bere garaiko pertsonaien ikuspuntutik behintzat, heresiaren mugan egon daiteke eta; garrantzitsuena bere hitza eta ekintzak nork bultzatzen dituen jakitea da. Zein ere baita bere mezua, garrantzitsuena noren alde lan egiten duen jakitea da, Jainkoaren eta deabruaren guda horretan zein alderditan kokatzen den. Eta bere lana alderdi onean kokatzen delako frogarik handiena lan horrek geroko hiru mendeetan edukiko dituen fruituetan ikusiko da; arrakasta hori ezin ulertu daiteke Jainkoaren laguntzarik gabe; baina, jakina, garaiko pertsonaiek ezin zuten perspektiba historiko hori eduki.

Laphitzen liburua ez da eleberria, baina biografia nobelatua den aldetik, euskal eleberrigintzaren sorreran kontuan hartu beharreko lan interesgarria da, santuen bizitzak kontatzen dituzten liburuetan eleberrietan garatuko diren haziak, aldez edo moldez, agertzen baitira.

  • LAPHITZ, Frantzizko. Bi saindu hescualdunen bizia. Edizio fakzsikila. Donostia: Hordago, 1978.
  • MENDIZABAL, Mikel. "Bi saindu heskualdunen bizia". Argia. 1987/02/08.
  • MITXELENA, Koldo. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2001. 134. orr.
  • SALABERRI MUÑOA, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkar, 2002. 193. orr.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Burgos: Ed. Arantzazu, 1979. 170-171 orr.