Cuento

Arratibel Zurutuza, Jose

Ataun, 1923-Estibalitz, 2011.

Ataungo Sariarte baserrian sortua, hamazazpi urte zituelarik fraide joan zen Lazkaoko beneditarren komentura. 1940an, hogeita zazpi urte zituelarik apaiztu zen. 1956an Venezuelara joan zen eta bertan eskola batean aritu zen hiru urtez. Miel Anjel Elustondori eskainitako elkarrizketa batean honela kontatzen du Venezuelako esperientzia hura:

"Hogeita hamar urte inguru neuzkan, eta sasoia. Gu fraide saila ginen Lazkaon eta, behin, guk ezagutzen ez genuen fraidea etorri zen. Jendea behar zuen misioetarako, Venezuelan. Alemana zen fraidea, abadia handi bat egin zuten Caracas inguruan eta fraide gazteak behar zituzten harako. Gure abatak borondatezkoak eskatu zituen, eta berehalaxe eman genuen izena beste batek eta biok. Esaten dizut, bada, hiru urte zoragarri egin nituen han."

Ondoren Lazkaora itzuli eta 1964tik hil arte Estibalizko komentuan egon zen. 1974an Estibalizko nagusia, Ixidro Baztarrika, atxilotu eta kartzelan sartu zuten Euskal Herriaren eskubideen aldeko pastoral bat irakurtzeagatik. Eta hain zuzen atxilotze horren ondorioz esan daiteke, neurri batean, ezagutzen dugula gaur egun Joxe Arratibelen lan literarioa berak Elustondori aitortu bezala:

"Ixidrok hura hemen irakurri zuen, Estibalitzen, eta baten batek Poliziari esan zion. Edo Guardia Zibilari. Dulantziko kuartelean eduki zuten lehenengo, han deklarazioa hartu, eta Langraitzen eduki zuten preso hogei bat egunez. Ixidroren hurrena nintzen ni Estibalizko komentuan eta niri zegokidan etxeko ardura hartzea. Nik uste estuasun hartan idatzi nituela kontuak, estuasun larri hartatik eskapatzeko. Huraxe benetako estresa, kontu zaharrak idatzita nire burutik kendu nuena".

Idatzitako ipuin haiek Arratibelek txikitan entzundako istorioak ziren, etxean entzun bezala, osorik, idatzitakoak berrogeita hamar urte beranduago. Jose Maria San Sebastian Latxagak behin eta berriro eskatuta idatzi zituen ipuinak Arratibelek. Latxaga komentuko beste apaiz batekin ari zen harremanetan Sabino Aranaren eskutitz batzuk zirela eta, izan zuenean Arratibelen kontu zaharren berri: "Esan eta esan jardun zitzaizkidan eta idatzi egin nituen azkenean". Horrela argitaratu zen 1980ean Kontu zaarrak liburua (La Gran Enciclopedia Vasca), euskal ipuin herrikoien bilduma paregabea. Felipe Juaristik ipuin biltzaile handienen artean kokatzen du Arratibel lan honi esker:

"Joxe Arratibelek tradizio bati eusten dio, gure ahozko literatura gal ez dadin. jarraitzaile da, neurri handi batean, Azkue, Barandiaran, Satrustegi, Azurmendi eta horrelakoena".

1995ean, aspaldi agortua zen liburuaren edizio berri bat egiten du Miel Anjel Elustondok, Joxe Arratibelekin elkarrizketa bat gehituz eta testuak euskara batura ekarriz. Ilustrazioak Anton Olariagaren eskutik etorri ziren eta ilustratzaile honi, hainbat idazleri bezala (Atxaga, Lertxundi,...) liburuaren aldeko iritziak entzun izan dizkiogu behin baino gehiagotan. Kontu zaharrak dugu, zalantzarik gabe, XX. mende amaieran plazaraturiko euskal herri ipuinen bildumarik interesgarrienetarikoa eta gure azken ipuin biltzaile garrantzitsuaren lana.

Liburu horren ondoren, eta beti Miel Anjel Elustondoren laguntzaz baliaturik, Arratibelek bertan jasotako zenbait ipuin haurrentzako edizioetan plazaratu zituen: Mari Xor eta beste (Erein, 1986) eta Dirua neurtzeko ontzia (Erein, 1986); eta ondoren, hainbat liburu plazaratu ditu herri ipuin gehiago eskainiz: Erramun eta Mirentxu (Erein, 1992), Sorginaren urrezko maindirea (Erein, 1999), Izugarriak (Pamiela, 2008). Bere azken liburu hori zela eta, "Katea ez da eten" zioen Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigaray editoreak:

"Liburu zoragarria da edukiari dagokionez, tradizioari dagokion ipuingintza bertan gauzatzen delako. Beste katebegi bat da, Joxe Arratibelen ahotik jasotakoa".

Arratibelek zioen mundua gehiago aldatu dela bera jaio zenetik mende amaiera bitartean, aurreko bi mila urtetan baino. Berak eginiko lana, ipuin biltzaile gisa, XIX. mende bukaeran edo XX. hasieran koka genezake, eta jakin izan du lehenaren eta orainaren arteko zubi lana egiten. Berrogeita hamar urte lehenago entzundako moduan idatzi zituen Kontu zaharrak liburuko ipuinak, eta alde horretatik liburua zaharra zen, erromantizismoaren garaira eramaten baikintuen, supazterreko kontakizunetara, sutondoaren inguruan argirik gabe ipuinak entzuten ziren garaira.

Baina zaharra izanik liburu berezia zen, altxor txiki bat, gure kultura eta gure ohituren zati bat atera baitzuen argira. Inguruko herrialdeetako tradizioari, kontakizunei, literaturari, kasu eginda gurea bazterturik, ezkutaturik zegoen unean Arratibelek, zati txiki bat behintzat, plazaratu egin zuen Kontu zaarrak liburua argitaratzean. Eta horrela bat baino gehiago harrituko da Mari xor ipuin zoragarria irakurtzean, Grimm anaien Marierrauskin ezagunaren euskal bertsioa; edo Lapurren leiza ipuinean Ali Babaren antzeko kontakizuna aurkitzean eta "Abrite portas kris-kras" espresioarekin topo egitean. Txerri Beltza, Txomin ipurdi, Etsai zaharra eta sagarra,... asko eta asko dira mundu magikora, mitologikora hurbilduko gaituzten kontakizunak, eta horren ondorio dira, besteak beste Arratibelen lanaren inguruan eginiko ikerketa lanak: Introducción a la historia oral. Kontuzaharrak (Cuentos viejos) (Anthropos, 1987) Joxemartin Apalategiren eskutik, Catálogo tipológico del cuento folklórico español. Cuentos maravillosos (Gredos, 1995) Julio Camarenak eta Maxime Chevalierrek egina, eta 2005ean Yolanda Arrietak idatzi eta argitaraturiko Gatzaren atzetik. Mari-xor ikerketa lana Arratibelen ipuin ezagunaren inguruan.

Azkenik, aipatu behar da 2000 eta 2001ean Patxi Zubizarretak eginiko moldapenen bidez Joxe Arratibelen hiru ipuin argitaratu zirela haur txikientzako liburu ederki ilustratuetan: Txomin ipurdi (Erein, 2001), Antton Olariagaren ilustrazioekin, Etsai zaharra eta mendiko lehoia (Erein, 2000) Jon Zabaletak ilustratua, eta Sorgina eta emakume ederra (Erein, 2000), Alvaro Matxinbarrenaren irudiekin.

Arratibelen azken liburuaren harira Jabier Kaltzakortak dioen bezala:

"Izugarriak ez da ohiko liburua. Sasoi bateko kontalarien harikoa da, espezie galdua gurean (...) ahozkotasunez gainezka egiten duten lanak ditugu, hizkera naturalaren gordailu, kontatzeko modu galdu baten zuzeneko lekukotasunak".

Alegia, iraganera hurbildu gintuen gizona dugu Joxe Arratibel; edo iragana gurera ekarri zuena.

  • ELUSTONDO, M. A.."Estresari contra egiteko idatzi nituen kontu zaharrak", Berria, 2008-08-03, Igandea gehigarrian.
  • ELUSTONDO, M. A. eta KALTZAKORTA, J. "Zerrate portas" in ARRATIBEL, J. Izugarriak. Iruñea: Pamiela, 2008. 49-68 or.
  • JUARISTI, F. "Etxean entzundakoak", El Diario Vasco, 1995-12-16.