Lexicon

txistoki

Izen asko ditu min mota honek: azaldor, edarate, erpuruko, ertul, itzemin, zingirio, zoldu eta abar.

Herri-medikuntzaren arabera, kataplasma gogor bat behar da, eta hartan ardoa, olioa, gantza, linazia, baratxuria, tipula eta gatzagi-mamia ezarri behar dira.

San Joan belarrez edo elorri-arantzaz zulatu behar da txistokia.

Hiru erramu-hosto gainean jarri behar dira, erramuarekin berarekin zeinatuz batean goitik behera, ezker-eskuin, eskuin-ezker eta behetik gora. Min duenak Kredoa esan behar du. Hiru bider egin behar da hori, goizean, iluntzean eta hurrengo goizean. Petrikiloak hatsaldi bakarrean otoitz egiten du zerbait.

Txistokia kentzeko ur irakinetan sartzen da hatz mindua hiru, zazpi edo bederatzi aldiz.

Txistokia kentzeko ona da tipula berotu eta bigundua, baita esnetan bustiriko ogi beroa ere. Halaber, txerri-behazuna eta baratxuriz eta lirio zurien sustraiez egindako kataplasmak erabili izan dira.