Lexicon

sunprinu

Urritzaren azalez egindako tutu konikoa. Goiko muturra zapaldua du mihi bikoitzeko pita osatuz. Tonu-aldaketarako bi zulo ditu. Batzuetan pita eta gorputza, dena azal-puska berarekin egiten da, besteetan pita aparte delarik. Sunprinua jotzeko moduan kontserbatzeko, uretan sarturik gorde behar da. Bestela, lehortu egiten da eta ez zaio soinurik ateratzen. Baina uretan denbora luze daramanean usteldu egiten da eta horregatik, udaberrian egiten zenetik, “San Ferminak” arte jotzen zen. Artzainen entretenimenduetako bat sunprinua jotzea izaten zen. Bere sasoian, egoera egokian honen soinua ozena da eta urrundik entzuten da mendian. Horrela, inguruko artzainek soinua entzundakoan, bat edo beste animatzen zen eta elkarrekin txandakatuz “elkarrizketa” musikala mantentzen zuten aspertu arte. Arratsaldeetan, beren etxeetara jaisten zirenean, herritik kilometro bat edo bira zeuden lekutik, hasten zuten sunprinu-saio garrantzitsuena. Tresna-mota hau munduan zehar ezaguna da eta Europan, esate baterako, punta batetik bestera egin eta jotzen da, edo erabili da. Gaur egun ez da batere ezaguna Euskal Herrian, erabat galdu da. Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunprinu-jotzaileak.