Euskal Herriko herri soinu-tresna berriena. Zurezko bi kaxa ditu: bata doinua jotzeko botoiekin, eskuinarekin jotzen dena, eta bestea, laguntzeko nota eta akordeak ematen dituena eta ezkerrarekin jotzen dena. Bien artean, hauspoa. Gure herriko musikaren munduko bazter guztietan, kaletar edo baserritar inguruetan sartu zen. Baina azkeneko honetan lortu du herrikoitasunaren kategoria edo plaza. XX. mendearen hasieran azaldu zen txirula eta atabalarekin taldea osatuz, eta dultzaina eta panderoz lagundua ere bai. Horrela mantendu da orain arte toki gutxi batzuetan, baina ospe eta arrakasta handiena Gipuzkoa eta Bizkai aldean lortu du pandero eta koplaz lagundurik. Hau da trikitia deitutako talde ezagunena. Gaur egun ezin gara euskal musikaz mintzatu trikitia aipatu gabe. Honek gordetzen du gure herri musikako altxorraren zati garrantzizkoenetakoa, inguruko aurreko musikariei hartutakoa. Izen desberdinez da ezaguna soinu-tresna hau. Hasieran akordeoia, soinua, soinu txikia eta azkenaldian bere ondoan erabiltzen den panderoaren metalezko txindek ematen duten “triki, triki” hotsarengatik trikitia izen onomatopeikoa du. Beste izen kurioso bat ere izan du soinu-tresna honek: infernuko hauspoa. Herritarrek azkar onartu bazuten ere, izen honek garbi adierazten digu hasieran Elizarekin izan zituela arazoak, besteak beste dantza “sueltoan” jotzeaz gain, plaza eta erromerietan orduko “heldutako” dantzak jotzen zituztelako. Urte batzuetan beheraka zihoala ematen bazuen ere, azkenaldian zabalkunde eta gorakada handia izan du. Bazter guztietan entzuten da. Sinonimoak: Akordeoi diatoniko, Soinu txiki, Trikiti.
