Santuario de Arantzazu. Oñati

Arantzazuko santutegia, Oñatiko udalerrian (Gipuzkoa) dago kokatua. Aloña mendiaren hegoan dago (42° 58' 44" I, 2° 23' 55" M) eta Santiago bidea bertatik pasatzen da. Santutegiak, erromesentzako etxea, frantziskotarren egoitza eta basilika ditu. 1950 eta 1956 bitartean eraiki zen, proiektua Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoena da. Gaur egun Arantzazuko Ama Birjina Gipuzkoako patroi da.


1469 urtean santutegia kokatuta dagoen inguruan ama birjina agertu zitzaion Errodrigo Balzategi artzainari. Horren ondorioz ermita bat eraiki zuten, Ama Birjinari aterpe emateko. Ermita erakitako tokian bertan XVI. mende hasieratik eraiki zen eliza gotikotik egungo santutegirarte, 1553, 1622 eta 1834ko suteen ondorioz, hainbat aldiz berreraiki behar izan da tenplua.

1949an Kantauriako probintzia frantziskotarreko elizburu zen Pablo de Lete epe luzerako proiektua eraikitzeko ideia bultzatzen hasi zen, eta 1950 urtean arkitektura lehiaketa antolatu zuten; Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga-ren proiektuak lortu zuen lehen saria. Aurrerago ikusiko dugun bezala, eraikuntzak iraun zuen bitartean hainbat gorabehera izan ziren, nagusiki elizaren eta proiektuan parte hartu zuten abangoardia artisten arteko diferentziak zirela eta. Arkitekturaz gain oso garrantzitsua da bertan dagoen eskultura eta pintura ondarea.

Inguruaren geografia eta bertaratzen diren erromesen izaera direla eta, aurreko basilikaren neo-barrokotik aldegin eta eraikin irmo eta xumea proposatu zuten Oiza eta Laorgak.

Elizaren oina, gurutze formakoa da, arkitektoek tenplu kristauen egiazko formatzat baitzuten. 17,5mko zabalera, 29,4mko luzera (gurutzadura arte) eta 17,5 metroko altuera ditu luzera-nabeak. Nabe honen alboetan 14 kapera daude, zazpi alde bakoitzean. Nabe osoaren perimetroan Ama Birjinaren gelatxoa eta koroa lotzen dituen galeria dago. Absidea semizirkularra da, girolaren kanpo erradioak 8,75mko erradioa du eta barnekoarenak berriz 5,25mkoa, 6,7metroko altuera du. Presbiterioak bestalde zabalean 10,5m, sakonean 11,4m eta altueran 32,9m ditu.

Koruaren lehen solairua 11,39 m-ko altueran dago, Ama Birjinaren gelatxoa bezala. Koroaren lehen solairuan 277 pertsonarentzako tokia dago eta organoaren kontsola bertan dago. Bigarren solairuak berriz 210 lagunentzako espazioa du, eta berau eta sapaiaren artean geratzen den pareta organoak okupatzen du. Sarbidea dorreetako eskaileratatik dute bi koroek.

Ama Birginaren gelatxoa aurreko elizan zegoen gunean uztea erabaki zuten, presbiterioaren kotatik 6,2mtara, bere neurriak 6x5m dira. Elizako galeriatik edo presbiterioaren alboetan dauden eskaileratatik irits daiteke bertara.

Kanpoaldeari dagokionez hiru puntu nagusi bereiztuko ditugu. Fatxada nagusia; errepide mailatik behera elizara sartzeko Chillidaren ateak daude, hauen gainean, errepidearen kotan Oteizaren Apostoluak daude, eta hauen gainean artista beraren "pietatea" duen horma laua. Horma honen bi alboetan, diamante itxuran landutako harriz osaturiko dorreak daude, karratuak dira oinean eta 25m-ko altuera dute. Kanpandorrea bestalde, fatxadako dorreen estilo berekoa da, eta 44m-ko altuera du. Azkenik fatxada eta kanpandorrea elkartzen dituen arkupea dago, espazio hau bertako klima dela eta erromesak babesteko eraikitzea erabaki zen.

Hasiera batean absideko horma-irudia Carlos Pascual de Larak egin behar zuen arren, 1958an hil zenez, lehiaketa berri bat antolatu zen 1961 urtean. Lehiaketa horretara aurkeztu ziren 42 artisten artean Lucio Muñoz izan zen aukeratutakoa. 600 metro karratu baina gehiagoko obra hau egurrez egina dago. Beheko aldean eta alboetan inguruetako lurrak irudikatzen dituen kolore ilunak ditu, gora joan ahala ordea, urdin kolorea agertzen da, betiko egiaren irudi. Ikur ulerkorrak erabili arren ez ditu modu figuratiboan irudikatzen, sinesdunen kontzentrazioari kalte ez egiteko.

Javier Álvarez de Eulate Aitak bi garaitan sortuak dira Arantzazuko beirateak. 1954ean hormigoiz eraikitako eta estetika abstraktuko beirate bana eratu zituen zeharkako nabean. 1983an basilikiaren ireteeran beste beirate bat eraiki zen, eta azkenik 1985 urtean kanpandorrearen eta ostatuaren artean dagoen 3 x 1,9 m-ko beiratea sortu zuen. Bere lana arkitekturaren obran kokatzen du, gehiegizko protagonismoa hartu nahi gabe.

Oiza eta Laorga arkitektoek frisoa nork eraikiko zuen erabaki zuten 1951 utean, Jorge Oteizarren kargu utzi zuten lan hori. Oteiza berehala hasi zen lanean, 1954ean obrak gelditu zituzten arte, artisten estiloa zela eta egondako kexen ondorioz. 14 urtez egon zen hasiera horretan egindako lana errepide bazterrean, 1968an akordio berri baten ondoren berriz ere lanean hasi zen arte.

Harriz egindako 14 apostolu egin zituen, tradizionalki 12 diren arren berak nahi zituen proportzioak lortzeko helburuarekin. Denak zutik daude, errepide kotan (Chillidaren ateen gainean) dagoen 12 metroko zabalerako oinarriaren gainean. Bakoitzak 2,8 metroko altuera eta 80 zentimetroko zabalera du. Hormaren goikaldean "pietatea" dago, apostoluen estilo berekoa da, eta duen "T" forma irauli soilarekin, igoera islatzen du.

Katakonba itxura duen kripta honetara iristeko basilikako sarreratik behera doazen eskailera batzuk jetsi behar dira. Espazio honen puntu interesgarriena dituen margolanak dira. Lan horiek sortzeko 1952 urtean, besteak beste, Oiza, Laorga eta Oteizaren gomendioak jarraituta, frantziskotarrek Nestor Basterretxea kontratatu zuten. Hasierako pinturak ezabatuak izan ondoren eta Erromatik margolan horiek debekatu ondoren, paretak txuriz egon ziren 1980 urtean akordio berria sinatu zen arte, Basterretxeak lan berriak egin zituen. Hemezortzi muralek osatzen dute lan osoa, estetika abstraktua du eta kolore bizien presentzia nagusitzen da. Hemezortzi mural horien artean lehen bederatziek gizakia "sorkuntzaren" aurrean aurkezten dute, eta azken bederatziek berriz, gizakia Kristoren berpizkundetik.

Basilikako gune hau Arantzazuko Ama Birjina gertutik ikusteko aukera emateko helburuarekin egin zen, aurreko basilikan zegoen toki berean. Santutegia eraiki eta 1978 urte bitartean, gela horretako paretak txuriz margotuta zeuden. 1976ean Xabier Egaña orduan Aita frantziskotarra bertarako margolanak egitera gonbidatu zuten. Gorputz biluztuak zirela eta, kasu honetan ere, hasieran hainbat elizgizon aurka agertu zen. 1978an baimena jaso ondoren Xabier Egañak espresionismo eta kubismo estiloko zortzi oihal koloretsu egin zituen. Oihal horietan bibliako hainbat gai jorratu zituen.

Aurretik, elizaren kontrako iritzia zela eta, ikusitako proiektuen aldaketaz gain beste hauek ere egin dira.

1982an girola nabearen kotara jetsi zen, aldarearen neurriak txikitu ziren, girola eta presbiterioaren artean egur-zelosia bat jarri zen, eta bi elementu hauen artean eskailera jarri zen.

1991 eta 1993 bitartean Oiza arkitektoak proiektatu eta Eulatek pintatu zuten aitortza kapera, nabe nagusiaren alde batean.

1993an Santuario osoa teilaberritu zen, hezetasunak eragindako arazoak konpontzeko; Ama Birjinaren gelatxoa zen kaltetuena zegoena.

  • INTXAUSTI, Joseba. Arantzazu : euskal santutegi bat XX. mendean = un santuario vasco en el siglo XX. Oñati, 2001.
  • MONFORTE GARCÍA, Isabel. Arantzazu, arquitectura para una vanguardia. Donostia: Gipuzkoako aldundia, 1994.
  • KORTADI OLANO, Edorta. Arantzazu, tradizioa eta abangoardia. Donostia: Gipuzkoako aldundia, 1993.