San Roke Dantzako Kofradia 2006ko uztailak 1ean sortu zen. San Roke dantza, Jorrai dantza eta Debarren Egunean egiten diren Aurreskua urte luzeetan mantendu eta gordetzeko sortu zen.
Sortu zen egunean Udaletxeko aretoan Korporazioa, Gure-Kai Dantzari Taldeko kideak, dantzari ohiak, txistulariak eta Juan Antonio Urbeltz zeuden. Jende asko elkartu zen eta Debako herriak harrera oso ona egin zion ideia honi. Funtsean herriko ohitura bat zaindu eta sendotzeko ideiari.
Izan ere, urte askotan zehar promesa horri eutsi eta, erlijiozko promesa eta errituala, XXI. mendeko usadio eta kultur ekitaldi bihurtu dute. Artzabal auzoko lau baserritako (Lojaberri, Antzondo, Lizarran eta Irarrazabal) kideek eramaten dute San Roke santua herrian zehar prozesioan. Prozesio hau apaizak irekitzen du, ondoren udaletxeko korporazioa joaten da eta azkenik txistulariak eta dantzariak, ibilbide guztian zehar "San Roke Dantza" dantzatuz. Urteetan prozesio honetako protagonistak hauek izan dira baina 2005 urtetik aurrera prozesio honetan Debako Buruhandi eta Erraldoi Konpartsak ere parte hartzen du.
Kofradiaren sorreraren arrazoia herrian dauden harribitxiak, dantzak, urteetan gordetzea izateaz aparte, badira dantza honen inguruan egin diren zenbait lan ere. Adibide gisa 2009 urteko abenduaren 19an aurkeztu zen DVDa dugu. Bertan, dantzaren historioa eta hainbat protagonisten esperientzia jasotzen da. Egun hartan, dantza hau urteetan zehar dantzatu izan duten gizonezkoek, 4 soka ezberdin sortu zituzten guztiak batera San Roke dantzaren doinura DVD honi ongi etorria egin ziezaioten.
Kofradia honen antzera urtean behin ere dagokion bazkaritxoa egiten da. Bertan momentu horretan parte hartzen duten txistulari eta dantzariak biltzen dira, baita beste garai batean lan horietan ibilitakoak, lau baserrietako kostaleroak, apaiza, Buruhandi eta Erraldoien konpartsa, udaletxeko korporazioa eta errito edo ohitura honen inguruan parte hartzen duten protagonista guztiak. 2013 urteko kofradiaren bazkaria berezia izan da, urte bereko San Roke eguna bezala. Urte honetako bazkarian protagonista berriak izan dira, jostunak. 2013. urtean San Roke dantzako sokan emakumezkoak ere protagonistak dira. Dantza taldea buru belarri haritu da lan horretan. Taldeak emakumeek San Roke dantzako sokan parte hartu behar zutela erabaki zuenetik lanean jarri zen. Ensaioetatik aparte, arropa ere prestatu beharra zegoen. Horreetarako herriko zenbait jostunen laguntza izan zen eta 4 hilabetetan zehar josi eta josi aritu izan dira San Roke egunerako dena prest egon zedin. Horrela, kofradiako bazkarira ere gonbidatuak izan dira.
San Roke dantzako Kofradiak lanean jarraituko du ohitura honek aurrera segi dezan.
Gure-Kai Euskal Dantzari Taldea 30 bat neska mutilez osaturik dago 2013 urtean. Urte guztian zehar lanean jarduten du herriko ohiturak eta dantzak mantentzeko. Horrela urtean zehar baditu zenbait jaialdi ezinbestekoak direnak. Honen adibide dira maiatzeko 3. asteburuan ospatzen den Debarren eguna, bertan herriko kaleetan San Roke dantza eta plazan Ausrreskua dantzatzen baitira. Uztailean bi urtetik behin Folklore Jaialdia antolatzen du Gure-Kai dantza taldeak kanpotik etorritako folklore talderen batekin batera. 2013ko jaialdia V. Folklore jaialdia izan da; beraz, 10 urte dira lan honetan. Jaialdi horretan Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeen laguntza izan da. Urtez urte hiru talde hauek, bailarakoak izanik, beharren arabera batera lan egin izan dute, askotan ere lan bateratuak sortuz. Bi urtetik behinikoa da ere Ihauterietarako prestatzen den jaialdia. Ekitaldi honetan herriko beste talde ezberdinek hartzen dute parte ere: txistulariak, Debako banda, Goaz antzerki taldea... eta Euskal herriko zenbait txokoetako Ihauteriak errepesentatu izan dira: Lantz, Donostiako kaldereroak...
Urteko emanaldiekin jarraituz, abuztuan, Debako festen programazioaren barruan zenbait egunetan Gure-Kai taldeak parte hartzen du, hala nola, abuztuaren 14an ezpata dantza dantzatuz Santa Maria Elizan. Ekitaldi honetan ere hainbat urtetan gizonezkoen dantza soilik izan da baina, orain dela bost urte, taldeko emakumeek ere dantzatzen dute. Abuztuaren 16an, San Roke egunean, prozesioan eta ermitan San Roke dantza dantzatzen da. Lehenengo emakume eta gizonek osatutako sokan, eta ondoren plazan Aurreskua dantzatzen da. Abuztuaren 17an, Marinel eguna, Debako beste dantza autoktonoari datorkio txanda: jorrai dantza dantzatzen da kaleetan zehar. Kasu honetan kofradia sortu zenetik herriko pertsona ezberdinek hartzen dute parte, gizon zein emakume, jaigiro itzela sortuz. Kurtsoari hasiera emateko iraileko azken asteburuan Euskal Jaia ospatzen da Deban. Bertan, Gure-Kai taldeak modu ezberdinen hartu izan du parte. Urte batzuetan karro baten laguntzaz kaleetan zehar musikari ezberdinekin dantza saio ezberdinak eskeini izan ditu. Beste urte batzuetan kanpotik gonbidatutako dantza talde ezberdinen bisita izan da, guztiak batera kaleetan zehar probintzi ezberdinetako dantzak plazaratuz. Horien artean Iruñeako Duguna dantza taldea edo Portugaleteko Elai-Alai taldea daude.
Aurrerago esan bezala Elgoibarko Haritz dantza taldea, Eibarko Kezka dantza taldea eta Debako Gure-Kai dantza taldeak urte asko daramatzate elkarlanean. Hiru herrietako urteko feri egunetan, negu aldean, (Eibarren San Andresetan, Elgoibarren Urte Berriko ferian, eta Deban Soro feri egunean) hartzen dute parte, Plazara Dantzara ikuskizuna prestatuz. Ekimen honen bitartez erromeriak indartzen saiatu dira. Bertan dantza herrikoiak dantzatzen dira herriko jendeak parte hartzeko intentzioarekin.
Gure-Kaiek taldeko dantzen ardurez gain, Itziar, Lastur eta Endoiako Andutz Euskal Dantzari taldea sortu zuen orain dela 10 urte. Gaur egun ere Gure-Kaiek dauka Andutz dantza taldearen ardura. Taldea 60 bat neska mutilez osaturik dago eta gaur egun helduenak Gure-Kai dantzari taldean ere parte hartzen dute. Talde honekin Gure-Kai dantzari taldeak Vianako "Erentzun Ikastolako" dantza taldearekin urteetan elkartrukean aritzea lortu du. Honela Andutz dantza taldea urtean behin Vianara joaten da dantza ikuskizuna eskeintzera eta, ondoren, "Erentzun" dantza taldea Itziarrera doa beraien dantzak eskeintzera.
Bestalde, 2013an Gure-Kai taldeak helduen dantza ikastaroa antolatu du bigarren urtez. Irailetik ekainerako luzapena duen ikastaroa da eta bertan herriko adin ezberdineko pertsona ezberdinek parte hartzen dute dantza herrikoiak ikasiz. 2013ko Folklore jaialdian ere parte hartu zuten eta 2014ko Inauterietarako dantzekin lanean dabiltza. Taldearen ardura da ere orain dela 2006 urtetatik gaurdaino 40 bat umez osatutako Mendaroko dantza taldea.
- MURIEL, Rosa. "La dantza y el grupo Gure Kai". [Kontsulta data: 2013ko abenduak 10].
