Architecture

Principal Antzokia edo Antzoki Berria. Gasteiz

Euskal Herriko lurraldean garrantzi handia izan zuen mugimendu neoklasikoak esparru artistiko guztietan, bereziki, arkitektura arloan. Izan ere, agerraldi artistiko honetan oso ondo islatzen eta erakusten dira neoklasizismoaren ideia nagusiak, hau da, Ilustrazioaren pentsamendua. Funtsezko forma geometrikoetan oinarrituriko lerro zuzenak sustatzea, eraikinaren izaera bolumetrikoa eta trinkoa azpimarratzea, egiturazko argitasuna eta apaingarrien araztasuna eta neurrizko estetika berreskuratzea, izan daitezke, laburbilduz, ezaugarri esanguratsuenak.

Tipologiei dagokienez, tipologia zibilak tipologia erlijiosari gaina hartu zion garai honetan, zeren ideia ilustratuei eta hirigintzaren garapenari esker, gune publikoen balioa asko handitu baitzen. Hori dela eta, eraikin publiko ugariak, hots, portuak, ospitaleak, museoak, liburutegiak, astronomi behatokiak eta antzerkiak hasi ziren zabaltzen.

Arabako herrialdean, Gasteizen, hain zuzen ere, XVIII. mendeko azken urteetako nobleziak eta, batik bat, burgesiak bereganatu eta bultzatu zuten Ilustrazioaren espiritua, neoklasizismo estiloa, alegia. Hainbat faktorek baldintzatu zuten hiri honetako panorama arkitektonikoa, besteak beste, demografi aurrerapena, hiriaren derrigorrezko zabalkuntza eta ohitura aldaketak garaiko pentsamendu berriak bultzatuta. Horretaz gain, hiriaren kultura-mugimendua aipatu behar da. Garai horretan, XVIII. mendeko bukaeran eta, batez ere, XIX. mendeko hasieran, burgesia hiritarrak iharduera artistiko eta zientifikoak sustatu zituen, Ilustrazioaren pentsamendurako egokia izan zedin bat.

Aipatutako panorama kulturalean sortu zen Gasteizko Principal Antzokia. Eraikuntza Arkutxoen eta Enparantza Berriaren artean zegoen orube batean altxatu zen, lehenago Santiagoko Ospitalea egina zen tokian, zehazki. Eraikuntza honekin, hiriaren zabalkuntza (Erdi Aroko erdigunetik hegoaldera hedatzen zena) eta Gasteizen multzo monumentala osatu ziren.

Silvestre Perezek, arkitekto aragoiarra, antzokiaren disenua egin zuen, baina beste arkitekto batek, Manuel Angel de Chavarri, bertakoa, burutu zuen lana 1817. urtean. Zoritxarrez, 1914. urtean, su batek eraikina errautsi zuen eta horren ondorioz, antzokia desagertu egin zen.

Aintzinako argazki batzuei eta herriko idazleei esker, ezagutzen dira eraikinaren ezaugarri orokorrak.

Bere garaiko iturrien arabera, ferra-arkuaren itxura zeukan oinplanoak, nahiz eta espazio angeluzuzen batean ingurututa egon. Barruko osagai nabarmenenak ziren ataria, harmailak, eszenatokia (bi zutabe handiek mugatuta), atze-oihala, besaulki-patioa eta tradizio klasikoan inspiratuta zegoen apaingarria. Jakina da Victor Chenillonek, eszenografo frantsesa, barruko apainketaren zati bat egin eta bukatu zuela, 1845. urteko egindako berrikuntza batean. Horretaz gain, gune guztiak gasez argiztatzen ziren eta berogailu-sistema batez hornituta zegoen.

Erabilitako materialei dagokienez, inguruko lurraldetatik ateratako harlanduz egina zen kanpotik, nahiz eta zura izan zen barruko egituraren materiala, nonbait. Antzokiaren fatxada nagusiaren antolaketak Silvestre Perezen izaera zeukan, hau da, estetika neoklasikoaren joerei jarraitzen zitzaien.

Beheko pisuak bost bao angeluzuze zeuzkan eta antzokiaren sarrerak ziren. Goiko solairuko bost hutsune laukizuzen irekitzen zirenak bost bao zemizirkularreaz koroatzen ziren, eta detaile hau, bereziki, Silvestre Perezen ezaugarritzat hartzen da. Nola nahi ere, gorputz honen elementu deigarrienak tamaina handiko lau zutabe joniarrak ziren; izan ere, fatxada leuna izanik, elementu hauek, hormatik aske eta, gainera, orden jakintsuaz eta erraldoiz eginak, asko nabarmentzen ziren. Bestalde, erdiguneko hiru hutsuneek burdinezko baranda bakoiztua zeukaten. Alboetako zatiek, beheko solairuak bezala, ez zeukaten inolako apainketarik, leihoak izan ezik. Bukatzeko, taulamendu leun batek koroatzen zuen multzo guztia.

Antzoki Berriaren kanpoko bolumenak, zehatz eta trinkoa izateaz gain, argi islatzen zuen barnealdea. Gainera, eraikinaren fatxada nagusia geometria soil, sinple eta simetrikoaren bitartez definitzen zen. Adituen arabera, fatxada mota honek Madrilgo klasizismo alderdia, hau da, erromantikoaren korrontea, gertutik jarraitzen zuen eta XIX. mendean Espainiako estatuan zehar eredutzat jo zuten. Izan ere, Principal Antzokiaren diseinuak ondo islatzen zituen egituraren neurria eta burgesiaren pentsamendu eta izaera zorrotza.

Azpimarratu den bezala, Gasteizko Principal Antzokiak ereduzko diseinua izan zuen XIX. mendeko antzerki tipologian, beste arrazoi batzuen artean, garai hartan, Espainiako estatuan bere motako lehenengoa izateagatik. Adibidez, Donostian, 1844. urtean inauguratu zuten Principal Antzokia; udaleko arkitektoak, Echeveste izenekoa, eraikuntza burutu zuen eta Gasteizko Principal Antzokiaren diseinuari jarraituz egina zen. Bestalde, Pedro Manuel Ugartemendiak Iruñako Principal Antzokiaren diseinua proiektatu zuen 1833. urtean, Silvestre Perezen Gasteizerako eskemaren arabera.

Principal Antzokia deritzona desagertu ondoren, beste antzoki bat altxatu zen Gasteizen. Cesareo Iradier arkitektoak egin zuen eraikina berria, Madrilgo Zarzuelako Antzokiaren diseinuaren arabera, Italiako antzerkien estiloari jarraituz, hain zuzen ere. Gasteizko Antzoki Berria izenekoa, San Prudencio kalean kokatu zen eta 1918. urtean inauguratu zuten.

1961. urtean izenez aldatu zuten eta lehenengoko antzoki eraikuntzaren izena berreskuratuz, Principal Antzokia deitu zuten, gaur egun ezagutzen den moduan.

Eraikina alde guztietatik libre egina zen eta eraikuntzako materialei dagokienez, harrizko harlanduz eta hormigoi armatuz egina dago. Hiru altuerakoa da, bigarren solairua 1949. urtekoa izanik.

Fatxada nagusiaren antolamenduak eskema klasikoa dauka. Beheko pisuan, bost hutsune irekitzen dira, eta kasu honetan arkuak beheratutak dira. Lehenengo pisuan, agertzen diren bost baoak erdi-puntukoak dira eta balkoi bakoiztuz hornituta daude. Bigarren pisuak antolamendu antzekoa dauka; bost hutsune semizirkularrak agerian daude baina altuera txikiagoa da.

Gaur egunean Gasteizko Principal Antzokia da hiriko arte eszeniko esparruan erreferentzi gunea.

  • BARAÑANO, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J. ; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madrid: Cátedra, 1987.
  • BARRIO LOZA, J. A. "Arquitectura Neoclásica y urbanismo en el País Vasco". Revisión del Arte Neoclásico y Romántico. Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Donostia: Eusko Ikaskuntza. Sociedad de Estudios Vascos, 2002.
  • CENICACELAYA, J.; SALOÑA, I. Arquitectura Neoclásica en el Pais Vasco / Arkitektura Neoklasika Euskal Herrian. Bilbao: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Turismo Saila, 1990.
  • COLÁ y GOITI J. "El teatro de Vitoria". Euskal-Erria Aldizkaria. 1885, XIII Liburua, (2. urterdia) 212. or.
  • DE BEGOÑA, A. Aspectos de Arquitectura y urbanismo durante los dos últimos siglos. Vitoria: Caja provincial de Ahorros de Álava, 1981.
  • NAVASCUES, P. Arquitectura y arquitectos madrileños del siglo XIX. Madrid: Instituto de Estudios Madrileños, 1963.
  • MOZAS, J.; FERNÁNDEZ, A. Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1995.
  • TABAR ANITUA, F. Arquitectura y desarrollo urbano en Vioria, del neoclasicismo al racionalismo (1800-1936). Tesis Doctoral, Universidad Complutense, 1991.