Magazines

Pott

Bilbo, 1978-1980

Ustela aldizkarian (1975-76) bere ibilbidea amaitu ostean, Bernardo Atxaga Bilbora joan eta Manu Erzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera Pott banda osatu zuen 1977ko irailean. Jatorri, adin, zaletasun, sentsibilitate eta ideologia anitzekoak izan arren, literaturzaletasunak eta adiskidetasunak batu zituen Bilbon. Euskal kultura simulakro bat zela iritzita, izpiritu berri baten jabe ziren bandakideek literatura heterodoxoaren eta abangoardiaren abiapuntua ezarri zuten kulturalki hila zegoen hirian.

Alde Zaharreko Arriaga antzokiko kafetegian eta Cantábrico tabernan hasi ziren biltzen ostegun gauetan literaturaz, musikaz zein zineaz berba egiteko. Berriketaldi haietan deskubritu zituzten Marcel Schowb, Saki, Juan José Arreola..., amerikar nobela beltzeko autoreak edota azken mugimendu musikaletako izarrak.

1978ko martxoan Hiri Handiak liluratuta zeuzkan seikoteak Pott bandaren hamasei orrialdeko (20,5x27) fanzine edo panfloa kaleratu zuten: Pott bandaren berriemalea. Bost durotan saldu zuten Joxemi Zumalabek maketatutako alea (bereak ziren hainbat marrazki ere). Azaleko argazkia Atxagarekin batera Panpina Ustelan aritutako Jesus Mari Susperregirena zen, urte berean Atxaga beraren Etiopia liburukoa egingo zuen moduan; alearen "makinista", berriz, I. Zabala izan zen.

Azaleko aurkezpenean argi eta garbi azaldu zuten euren helburua editorial bat sortzea zela, baina burokraziak baimena ukatu zienez, huraxe lortu bitartean panfloa ateratzeari ekin behar izan ziotela, alegalak izatera pasatuz, inongo diru-laguntzarik gabe eta publizitateari uko eginez. Kontsumoaren aurka, kreazioa aldarrikatzen zuten. Argitaratu nahi zuten liburua T.S. Elioten Four Quartetsen itzulpena zen, Gabriel Arestik 1973an eginikoa. Pott bandaren bragan zati batzuk atera zituzten, baina ezin izan zen itzulpen osoa irakurri Jon Juaristik eta Joseba Sarrionandiak 1983an Hordagon argitaratu zutenera arte. Pott bandaren berriaemalearen kontrazalean jarri zuten atera nahi zuten liburuarentzat prestatuta zeukaten grabatua. Kontrazalak bazuen beste bitxikeria bat ere, Remigio Mendiburuk diseinatutako anagrama bat. Irudi hura bihurtu zen Pott bandaren ikurra, Pott Tropikalan ezik ale guztietan errepikatuko zena.

Ez zuten kulturako hutsunerik bete nahi, kultura bera hutsik baitzegoen, eta horregatik, Pottmanek lehen aleko bere atalean azaldu zuen legez, kulturarik gabe kontrakultura egitea ezinezkoa zen. Dena dela, momentuko korrontearen kontra ari ziren eta hori bera kontrakultura mota bat zen, Bilbo batean euskara hutsez aldizkari bat argitaratzea izan zen bezalaxe. Baina konfrontaziorik gabe, "disidentzia lasaian" Pott Tropikalean aitortu zutenez.

Aleek ez zuten datarik (Pott Tropikala izan zen salbuespen bakarra) eta azalean beti agertzen zen "3. zenbakia"; izenburuekin hitz jolasa egitea ere atsegin zuten, izengoitiekin bezalaxe.

Pott bandakoek literaturaren kontzepzio eta estilo literario berri bat estreinatu zuten. Ustelaren ideiari jarraituz, literatura ekintza autonomo bezala ulertzen zuten. Literaturaren lurralde autonomo horretan presio politikoek eta ideologiek ez zuten inongo lekurik. Sorkuntzan aritzerakoan, ideologia politiko guztiak baztertu egin zituzten eta konpromiso politikorik gabeko literatura sortzen ahalegindu ziren.

Horrelako adierazpenak egiten zituzten Pott bandaren blagan (1978ko ekaina) estreinatu zuten "Kazetatxoak" sailean. Bertan, ironia handiarekin eta "kazetatxo" edo berrien bidez, giro kulturalaren kritika egiten zuten. Hamar durotan saldu zuten 28 orrialdeko (21'5x29) bigarren ale honek Santutxu auzoko Hauzoa liburu-dendaren babesa izan zuen eta bere helbidea mantendu zuen, hurrengo bi aleetan bezalaxe. Oraingo honetan bi "infiltratu" (kolaboratzaile) ageri dira goitizenen azpian ezkutatuta: Gotzon Madrid eta Mary Thurner Amilibia. 1. alean bezala, Jesus Mari Susperregirenak dira argazkiak eta marrazkiak, berriz, Fidel Azkoagarenak. Diseinuaz A. Garrote arduratu zen.

Estetika berritzaile baten laguntzaz, sorkuntza lanek gero eta garrantzi handiagoa izan zuten aldizkarian, baina ez zituzten berriak eta kritika umoretsuak baztertu; era berean, kanpoko literaturari buruzko atalak eta atzerriko idazleen lanen itzulpenak ugaritu egin ziren 1. alean Jorge Luis Borgesen poema bat itzuli eta bigarrenean poloniar literaturaren berri eman zutenetik. Kanpoko oihartzunek aberastasuna eta perspektiba ematen zien. 1978ko azaroko 3. aleak, esaterako, poloniar literaturarekin segitu zuen. Aurreko alean Stanislav Ignacy Witkiewicz aurkeztu bazuten, oraingo honetan Bruno Schulz idazle eta artistaren eta Slawomir Mrozek idazle eta antzerkigilearen txanda izan zen. Azken honen "Elefantea" narrazio grafikoa ere euskaratu zuten. Ale berean, James Joycek 1914an idatzitako ipuin bateko pasartea euskaratu zuten eta beste artikulu batean poesia irlandarraren nondik norakoak azaldu zituzten. Galiziar eta kataluniar literaturek ere izan zuten presentziarik 3. ale horretan, Xoxe Luis Mendez-Ferrin eta Pere Gimferrerren poema bana itzuli baitzituzten. Kalitate minimoko euskarazko jatorrizko testurik egon ezean, beste hizkuntza batetik itzultzearen aldekoak ziren. Itzulpena, literatur genero bezala, gaizki ikusita zegoela zioten eta horren haritik hausnarketa sakona egin zuten "Itzulpena eta traizioaren praktika" artikuluan.

Jon Casenave izan zen aleko gonbidatua bere hiru ipuin laburrekin, Bilboko lau poeten poemak izan ziren "hautapen literarioak" (Luis Cosme Cubas, Jesus Etxezarraga, Iñaki Ezkerra eta Emilio Sagasti) eta Mary Thurner Amilibiak segitu zuen infiltratu moduan. Kuxe papera erabili zuten 32 orrialdeetan eta formatua apur bat handitu zuten (21x30). Patxi Txiki Legorburu eta Mariano Arsuaga artista gipuzkoarrek egin zuten maketa; marrazkiak, berriz, Patxi Txikik berak eta Jose Luis Longaronek. "Kazetatxoak" atala euren egoera larriarekin ireki zuten: Pott banda desagertzeko zorian zegoen liburu-dendetan ez baitzioten harrera onik egiten eta banaketa arazoak etengabeak baitziren.

1979ko martxoko 4. aleak (Pott bandaren braga) 32 orrialde zituen (21x29,5) eta 100 pezetatan saldu zuten. Betiko seikoteaz gain, lau infiltratu ageri zaizkigu, lehenengo biak bizkaitarrak eta beste biak Iparraldekoak: Malkaitz, Joanes Pottolitto, Jon Casenave eta Mikel Hiribarren. Maketagilea Patxi Txiki izan zen eta marrazkilariak Gonzalo Etxeberria, Jose Enrike Urrutia Kapo eta Fidel Azkoaga. Literatur kritika izan zen protagonista ale honetan "Kritiko literarioen aideplano konplexuaz eta beste zenbait arazo xelebrez..." artikuluari esker. Kanpoko literaturak ere bazuen bere tartea T.S. Elioten poemen, Julio Cortazarren narrazio baten eta Bruce Springsteenen kanta baten itzulpenekin. Gazteleraz idatzitako testu bat ere plazaratu zuten, "Las inquietudes de Santi Doneztepe". Hurrengo aleetan gehitu egin zuten erdarazko testuen presentzia. Euren helburua ez zen aldizkaria euskara hutsean egitea, literaturaren lurralde autonomo horretako banderak ez baitzeukan hizkuntzarik. Bestalde, Potten erabiltzen zuten euskara "txukera" zen, "beste euskara guztien entsalada".

36 orrialdeko (21,5x31,5) 5. alea (Pott bandaren praka) 1979ko uztailean plazaratu zuten. Hasiera batean, Pott bandaren Praga ateratzeko asmoa zuten, Kafkaren hiriari eta bertako idazleei zieten miresmenagatik, baina udazkenerako utzi zuten (udazkenean ez zen alerik izango eta urtebetera agertuko zen azkena izango zena). Patxi Txiki arduratu zen maketaz, Jesus Mari Susperregi argazkiez eta Jose Enrike Urrutia Kapo marrazkiez. Ale honetan, Ibernalo, Maripi Solbes, C.S. Cosme Cubas, Joanes Urkixo, Jon Kortazar, Andolin Eguzkitza eta Jose Julian Bakedano izan ziren infiltratuak edo "prakalariak"; gonbidatutako autoreak, berriz, Javier Aguirre Gandarias, Pablo Antoñana, Ramón Irigoyen, Jose Luis Merino eta Miguel Sánchez Ostiz. Kanpoko literaturaren tartean, bigarren gerraosteko alemaniar literaturaren berri eman zuten.

Pott Tropikalarekin gailurra lortu zuten. Antton Soroaren laguntzaz eta sari pare batean irabazitako sosak xahutuz ale mardula atondu zuten: formatu berria (25x36), kuxe orriak, grafiko eta argazki ugari eta idazle andana 84 orrialdetan. Pott bandako kide moduan Joxemari Iturralde, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta José Julián Bakedano ageri ziren. "Eta baita" alorrean, berriz, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Manu Erzilla.

Aurreko alean zuten asmoari eutsiz, Pragari eta Franz Kafkari eskaini zieten hamasei orrialdeko Pott bandaren Praga deitu zuten atala. Sorkuntza lanek, euskaraz zein gazteleraz, eta saioek osatu zuten alea. Kolaboratzaileak izan ziren, besteak beste, Ladix Arrosagarai, Pablo Antoñana, Iñaki Uriarte, José Luis Merino, Javier Aguirre Gandarias, Koldo Izagirre, Miguel Sánchez Ostiz, Jon Casenave, José Borja, Daniel Soria, Hibaikoa, Maripi Solbes, Mikel Hiribarren, Jon Arrue, Joanes Urkixo, Felix Ibargutxi, Lezeta, Txomin Peillen, J. Bari, Gaxuxa, Jon Kortazar, Jon Etxezarraga, Txema Larrea eta Lezeta. Maketatzailea Joseba Pagazaurtundua izan zen, argazkilaria Jesus Mari Susperregi eta marrazkilariak Jose Enrike Urrutia Kapo eta Juan Carlos Eguillor.

Tirada 2500 alekoa izan zen eta salneurria 300 pezetakoa. Erdia ere ez zuten saldu eta galerak izan zituzten. Zor handia eragin zuen edizioak eta, argazki batzuen egile eskubideak zirela eta epaitegitik pasatu ondoren, pott egin zuen Euskal Herriko aldizkari mitikoenak. Aldizkariaz gain, utzi zuen herentziarik Pott bandak: "Pott liburutegiak" 1978an argitaratutako Bernardo Atxagaren Etiopia poema liburua.