Architecture

Palacio Reparacea. Oieregi

Ver versión en euskera.

Gaur egun ezagutzen den eraikuntza 1723. urtearen inguruan goratzen hasi zen baina jakina da Erreparatz familiaren etxearen lehenengo aztarna XIV. mendekoa zela eta Erdi Aroko leinu-etxe motako bati, Cabo de Armeria izenekoa, zegokiola.

Baztango jauregiak eta Erreparatz multzoa, dorredunak direnak, Erdi Aroko eraikuntzaren bilakaera estilistikoaren ondorioa izango litzatekeela suposatzen da.

Lurralde honetako eraikin monumental eta dotoreen eraikuntza materiala harlandu gorria izaten da eta, Erreparatz kasuan, aipatutako materiala izkinetako katetxoetan eta baoen markoetan edo errefortzuetan agertzen da, gainerako paramentua, berriz, harlangaitzezkoa da eta zarpeatuta eta kareztatuta dago.

Tipologiari dagokionez, oinplano laukizuzena dauka eta patio gabekoa, aglomeratua da. Baztango jauregi ereduari jarraituz, bi dorre ditu alboetan eta atzera eramandako atal nagusia dauka. Gorputz zentral honek hiru solairu ditu. Beheko solairuaren erdian sarrera nagusia irekitzen da. Ate nagusiak arku eskartzanoa du eta alboetako bi zutabe dorikoek gaineko taulamenduari eusten diote. Zutabe dorikoen aldamenean pilastrak kaxeatuak goratzen dira. Solairu honetan eta sarbidearen albo banatan bi bao irekitzen dira eta eskartzano motakoak dira, etxearen gehiengo bezalakoak. Lehenengo pisuan edo solairu nagusian, bost bao agerian daude, nabarmenduz erdikoa, ez tamaina handikoa izateagatik baizik eta eramaten dituzten molduratzea eta markoztatzeagatik. Apaingarri honen gainean kokatzen den armarriak bizitasuna ematen dio solairu honi. Horretaz aparte, harrizko mensulen gaineko balkoi jarraiaren agerpena nabarmendu behar da. Bigarren solairuan hutsunen antolamendu berdina eta balkoi jarraia errepikatzen dira. Soilik erdiko baoen gaineko frontoi triangeluarren presentzia azpimarratzekoa da. Hiru elementu hauekin, sarbidea, armarria eta frontoi triangeluarra aurrealdeko ardatza nagusia bereizten da. Goiko partean, erlaitz irtena eta Frantziako eraginez hiru txapitula aipagarriak dira.

Alboetako dorreak diseinu ezberdinez eraiki ziren. Bi gorputz kubiko hauek lau pisukoak dira eta pisu bakoitzean bao bat, balkoi batez hornitua, agerian dago. Horretaz gain esan beharra dago harlandu gorrizko inposta lauez banatuta daudela solairuak eta fatxadak soilak eta zorrotzak direla, apaingarri elementurik gabe.

Bukatzeko, Erreparatz jauregia kokagune pribilejiatu batean dagoela, hirigunetik kanpo eta, nahiz eta nekazari-giroan egon, bizitzaren edo egoitzaren funtzioari lehentasuna ezarri zitzaiola gogoratu behar da. Izan ere, XVIII. mendean hainbat kontzeptu berri, naturaz gozatzea eta landa ingurunean bizitzea, adibidez, modan jarri ziren. Aipatutako printzipio hauek eta sendotasuna, urritasuna eta dotoretasuna Erreparatz jauregiak betetzen ditu.

Aipatu den bezala, jauregi dorredunaren tipologiak bilakaera estilistikoa jasan zuen eta ez bakarrik Baztanen, beste inguru batzuetan ere, hedatu zen. Adibidez, Erreparatz multzoa eraikin baino lehen, XVII. mendean Viguriako jauregi dorreduna altxatu zen, Viguria herrian. Horretaz gain, XVIII. mendeko eraikuntzak aurki daitezke, besteak beste, aipa daitezke, Echeverria sendiaren Jauregia, Iruritan, Aduanako jauregia, Erratzun, eta Subiza jauregia, Galar udalerrian, Iruñatik hurbil.

Erreparatz jauregiaren ondoan Erdi Aroko zubi bat eraiki zuten Bidasoa ibaiaren gainean. Jauregia 1972 urtean Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten eta hainbat urtetan (1981- 2006) Principe de Viana erakundearen diru laguntza jaso du zaharberritzeko lanak burutzeko. Zubia, berriz, 1991 eta 1992 urteen artean zaharberritu dute. 2009 urtean, bi eraikuntza Interes kulturaleko ondasunak izendatu dituzte.

  • AZANZA LÓPEZ, J. J. "El palacio y la casa señorial". El arte de Navarra. Renacimiento, Barroco y del Neoclasicismo al arte actual. Tomo II. Diario de Navarra: 1994.
  • ECHEVERRIA GOÑI, Pedro Luis; y FERNÁNDEZ GRACIA, Ricardo. "Arquitectura civil en Navarra durante el renacimiento". Ibaiak eta Haranak. Guía del patrimonio histórico-artístico y paisajístico. San Sebastián: Etor, 1991. ppg. 217-228.
  • MARTINENA RUIZ, Juan José. Navarra. Castillos y Palacios. Pamplona: CAN, 1980.