Dakigunez Aitzin Aroan zahar eta gaixo jendea zaintzeko eraikuntza berezirik ez zen aurreikusten eta ondorioz garai honetako adibiderik ezin dugu eskaini. Berez, Erdi Aroan lehen aldiz arimak sendatzearen ardura hartzen zuten gizasemeek zaharren eta gaixoen zaintza euren esku hartuko dute, hau da, hainbat ordena erlijiosoak arduratuko dira horretaz. Ondorioz, garai honetan ospitaleen egiteko nagusia herriko zaharrak eta pobreak zaintzea izan zen, gaixotasunak sendatzea baino. Horretarako beharrezkoak ziren eraikinak eta azpiegiturak gauzatzea herritar aberatsen ardura izaten zen eta karitateko fundazioetatik etortzen ohi zen. Eraikin hauek normalean hiriaren erdialdetik gertu kokatzen ziren; horrela zaharrak eta gaixoak hiri bizitzaren barnean mantentzen ziren: Salbuespena sendatu ezinezko gaixoekin gertatzen zen, horien ospitaleak hirietako harresietatik kanpo kokatzen baitziren.
Erdi Aroaren amaieran, ospitaleak gauzatzeko mugimenduak indar handia hartu zuen hainbat faktoreen ondorioz. Alde batetik erromesaldi bideak -Santiagokoa, adibidez- erromes ospitaleak eskatzen zituzten erromesaldietan parte hartzen zuten fededunei oinarrizko eta beharrezko zerbitzuak eskaintzeko. Bestetik, gurutzadak ondorio bikoitza izan zuen. Bertatik etorritako zaurituak eta gaixoak zaintzeaz gain, ekimen horrek ekialdeko medikuntzaren ezagutza ekarri zuen, bereziki lan horiek burutzen laguntzeko sortu ziren ordena militarrei esker. Azkenik, Erdi Aroaren amaieran eskeko orden erlijiosoen sorrera, Aro Berriaren hasieran hirien berpizkundea eta medikuntzako fakultateak sortzeak faktore garrantzitsuak izan ziren. Azken finean, faktore guztiak elkarrekin ospitaleak eraikitzeko joera bultzatu zuten Aro Berritik aurrera.
Ikuspuntu arkitektoniko batetik ospitalearen estilo arkitektonikoa monasterioetan sortzen da. Lehen monasterioetan -Saint Gallen, Frantzian, adibidez- ospitalea funtsezko elementu guztietatik banandutako barruti gisa aurkitzen dugu. Orokorrean, ospitalea hartzen zuten eraikin horiek areto bakarreko barrunbe unitario eta altua izaten ziren. Tamainan, askotan eliza handi baten neurria izaten zuten. Normalean zurezko gangak edo ageriko egiturak estalitako habeartea izaten zen. Zenbait kasutan, euskarri zentralaren gainean habezko sabai batek estalitako bi habearte ere izan ohi zen. Oheak hormaren ondoan jartzen ziren eta gela modulu konpartimentutan banatzen zen, gaixoak begiratzeko propio egindako galeria inguratzailepean. Gaixo guztiei eguneroko zerbitzu erlijiosoetan parte hartzeko aukera ematearren, aretoaren ondoan aldarearentzako esparru bat zedarritzen zen, edo arkupe ireki moduko kapera bat jasotzen zen luzetarako ardatzean edo albo batean, eraikinaren angelu zuzenean, aldarea aretorik ikusteko moduan. Beste zerbitzu guztiak, administratiboak edo barrunbe bereziak -medikuntzako gelak, farmazia, langileen gelak, sukaldea, biltegia, eta abar- eraikin nagusiarekiko hegaletan banatzen ziren. Formen ikuspuntutik apaindurarik gabeko eraikinak izaten ziren eta ondorioz funtzioa zen agintzen zuena eraikin hauek altxatzeko orduan.
Aro Garaikidean tipologia honetan, beste gehienetan bezala, ez zen bakarrik aldaketa estilistiko edo estetikoa eman. Lehenik ilustrazioa eta geroago liberalismoaren ideien eraginez, tipologia honek lehenik eta behin iraultza higienista jasan zuen, eraikina espazio bakar batean antolatu beharrean pabiloi isolatuetan antolatzen hasi baitziren. Horrela gaixo motak eta funtzio desberdinak hobekiago banatu eta antolatzen zituzten, hasieran orrazi formako oinplanoan, aireztapena eta eguzkia nabarmenki bilatuz. Eredu horri jarraituz gauzatu ziren XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran neoklasizismoa garaiko lehen ospitaleak. Oraindik hirien kanpoaldean eraiki zituzten eta estiloz soilak, xumeak eta sinpleak ziren, garai klasikoan oinarrituta.
XIX. mendearen amaieran pabiloiaren kontzeptua garatu zen eta zuzenean pabiloidun ospitalearen eredua sortuko da, orrazi oin-plantaren araberako atala osatuz. Bertan, administraziorako pabiloia sarreran kokatzen zen. Berau abiapuntutzat hartuta, gainontzekoak -bakoitza funtzio zehatz bat burutzeko, esaterako, gaixoak hartzeko eta bestelako hainbat eginkizun kudeatzeko- kaperaren inguruko lorategi moduko espazioan antolatzen ziren: Gehienetan isolatutako pabiloien disfuntzionaltasuna konpontzeko lurpeko pasabideak ere egiten ziren. Eredu horrekin aireztapena eta eguzkiaren eraginak handitu eta hobetzeaz gain, hiri berrien behar demografikoetara eraikina hobekiago moldatzea bilatzen zen, lorategi ereduarekin eta pabiloi eskemarekin eraikin gehiago egiteko aukera baitzegoen. Estiloari so eginez, eraikin multzo horiek eklektizismoaren eraginpean altxatu ziren, eta zenbait kasutan ere modernismoan inspirazio iturria aurkituz.
Hala ere, XX. mendearen hasierarekin, eta bereziki funtzionalismoa eta arrazionalismoaren agerpenarekin, berriro bloke eraikuntza berreskuratu zen eta ondorioz solairuetan antolatutako ospitaleak berriro azaltzen hasi ziren. Oraingo honetan, aireztapena eta eguzkiaren eragin baikorrei muzin egin gabe, ospitale eraikin berri hauek paisaiarekiko eta klimarekiko leku berezietan kokatzen ziren, gaixoen bizi baldintza hoberenak bilatu nahian. Baina XX. mendearen erditik hona bloke eraikuntza hauek handituz joan ziren eta auzoetan bihurtu dira hiri handien barnealdean; batzuetan bloke multzo batez osatuta, bestetan eraikin gutxi baina erraldoiez bilduta, egun ospitaleak bereziki funtzionaltasunari erreparatzen diote, eta beste alderdi guztiak -paisaia, lorategia edo aireztapenaren kontzeptuak- baztertu egin dira teknika eta teknologiaren menpe ipiniz eraikin berriak.
Euskal Herrian Erdi Aroan ospitalaren funtzioa betetzen zuten hainbat eraikinen berri badago ere, hauen adibiderik ez da gure garaietaraino heldu. Berez, Euskal Herrian lehen ospitalea ez dugu XIX. mendearen hasiera arte ezagutuko, Gabriel Benito de Orbegozo arkitektoak Bilbon Ospitale Zibil zaharra altxatzen duen arte. Adibide interesgarri hau dakigunez lehena izateaz gain, bere garaiarako aurrerazale eta modernoa izan zen oinari orrazi itxura emanda argirik eta aireztapenik gehien izatea bilatzen baitzuen; berriz, estetikoki, eraikuntza klasiko sendoa eta soila da.
Bigarren adibide interesgarria Enrique Epalzak Bilboko Udaleko Herri Lanetako arkitekto buruak egin zuen XX. mendearen hasieran proiektatutako Basurtoko ospitalean. Epalzak, Estatuko zein atzerriko ospitaleak aztertu ondoren, Ilustrazioko ospitaleen planteamenduekin alderatuta sekulako aurrerapausoa eman zuen pabelloidun ospitalaren eredua proposatuz. Eredu honetan aldaketak gainera ez dira bakarrik txertatuko oina eta funtzioarekiko, baizik eta baita ere formekiko, aurreko hizkuntza klasikoaren ordez Basurton adreilua, harrizko dekorazio elementuak eta pabilloien estalkien bitartez Europako estetika korronte berriak ekarri baitziren, Europa erdialdeko modernismotik oso hurbil kokatutak.
Hala ere, eredu honek ez du jarraipenik izango Euskal Herriko beste lurraldetan, eta laister antzematen da blokean antolatutako eraikinen aldeko apostua agertuko dela. Honen adibiderik argiena Bizkain ere aurkitzen dugu Gorlizeko ospitalean; hormigoian eginiko Euskal Herriko bigarren eraikuntza izateaz gain -lehenengoa Bilboko Ceres lantegia izan zen, iriñaren ekoizpenari eskeinitako eraikuntza-, Gorlizeko ospitalea paisairekiko bere kokapena eta neurri higienikoen aldeko apustuari esker nabarmentzen den eraikina da. Beste adibide esanguratsua XX. mendearen lehen hamarkadetan ere eraikia Arabaren hegoaldean kokatzen da, zehazki Bastidatik hurbil, eta Lezako ospitalea da. Pablo Zabalo arkitekto gipuzkoarraren lana esanguratsu honetan bat egiten dute modu bikainean funtzioa eta forma, honelako eraikuntza batek eskatzen dituen baldintza guztiak bat egiten baitute hizkuntza arkitektoniko bikain batekin. Azkenik, beste estilo bat garatuz baina baita ere beste forma arkitektonikoak aldarikatuz Tafallako San Manuel eta San Severino Asiloa nabarmendu behar da; Victor Eusaren lan honetan, arkitekto nafarrak patio baten inguruan antolatutako oina berreskuratzen baitu.
XX. mendearen bigarren erdialdean, aipatu bezala ospitale blokeak gero eta handiagoak eta funtzionalagoak eraikitzen diren neurrian formak eta estetika garrantzia galduko dute. Hala ere, azken hamarkadetan zenbait adibide interesgarriak ere eraiki dira gure artean, Bilboko Santa Marina ospitalaren kasuan bezala Eugenio Maria Aguinaga Azqueta arkitektoak eginiko lana, edo beranduago Donostiako ospitaleko multzoa, Gasteizeko Santiago ospitalea, Barakaldoko Gurutzetako ospitalea edo Iruñan beste bi multzo interesgarri, Clinica Universitaria eta Virgen del Camino.
- CENICACELAYA, Javier; SALOÑA, Iñigo. Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbao: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Turismo Saila, 1990.
- FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
- MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
- MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.