Lexicon

kanpai

ezkila.

Hainbat neurritako metalezko ontzi kono-enbor antzekoak izaten dira. Ahoz behera daudelarik, barnealdean zintzilikaturik mihi bat dute. Eliza eta etxe ofizialetako dorre edo goialdeetan egoten dira, abisu eta mezu desberdinak bidaltzeko. Horretarako, jendeak ezagutzen dituen kodeak erabiltzen dira. Elizkizunetarako deietan, orduak eta egunaren zati nagusiak adierazteko erabiltzen dira. Baita sukanpaiak inguruetakoei laguntza eskatzeko, hil-deiak emateko... Halaber, jotzeko era desberdinak izaten dira hildakoa haurra, heldua edo erlijiosoa den bereizteko. Itsas herrietan arrantzaleei deitzeko ere erabili dira. Oso interesgarriak dira era libreago eta musikalagoan jotzen diren kanpai-iraulketak eta errepikak ere. Festa hasieran, prozesiotan eta halako beste ospakizunetan jotzen dira. Jotzaileek trebezia handia behar izaten dute arauen barnean luze, bariatu eta polita jotzeko.