Lexicon

garatxo

Herri-medikuntzaren arabera, garatxoa, sendatzeko, zazpi ostiralez jarraian urdai-azalaz igurtzi behar da.

Garatxoa duenaren ohe azpian zulorik ez duen ontzi estali batean sarturik apo bizi bat utzi behar da; apoa akabatzen denerako garatxoa desagertu egiten da.

Sagar-alea lau zatitan banatzen da eta horietako bakoitzaz garatxoa igurzten da; ondoren inork ikus ez ditzakeen toki batera botatzen dira sagar zatiak.

Gatz-, gari- edo ipuru-alez igurzten dira eta sutara botatzen edota harripean usteltzen uzten dira azken bi horiek.

Elduainen ihi-zukua erabiltzen zen gatz-ale batzuekin eta hori guztia simaurpean gordetzen zen gatza urtu eta ihiak usteldutakoan, eta horrenbestez garatxoak desagertu egiten omen ziren. Bedian ihizko lotura bat egiten dute eta jende asko dabilen bide batean harripean jartzen dute.

Oiartzunen garatxoak dituenak ikusi gabe atera behar ditu ihiak lurretik, gurutzeak eginez garatxoen gainetik pasatu eta beheko suko tximinian ezarri lehenbailehen ihar daitezen. Belarrak ihartu ahala, joaten dira garatxoak ere.

Bedia, Garai, Kortezubi eta Arabako Garaion garatxoak sendatzeko gari-aleak erabiltzen ziren eta Laudion ipurualeak. Garatxoak ale horiez igurtzi ondoren, harripean uzten dira usteldu arte.