30-60 zentimetro altuerako eltzearekin egindako soinu-tresna. Ezagutzen direnetan, Baigorriko herrian aurkitutakoa izan ezik, buztinezkoak dira. Ipurdia kentzen zaio eltzeari eta tenkaturiko larruzko partxearekin ixten da. Larruaren erditik bikeaz zikindutako soka pasatzen zaio. Eltzagorra besapean hartzen da, ahoa aurrealdera duela, eta eskua eltze barrura sartu eta bi behatzekin soka barrutik kanpo aldera igurtzi egiten da. Tresna honek gure inguruan izan duen funtzioa ez da izan batere musikala, zalaparta egiteko eta ikaratzeko edo beldurtzekoa baizik. Beste herrialde batzuetan Gabonetan jotzen da, baina Euskal Herrian galarrotsetan eta xaribarietan. Esan bezala, zarata ateratzea eta helburu desberdinekin animaliak edo pertsonak izutzea eta uxatzea zen helburua. Garbi dago pertsonen belarrietarako eltzagorraren hots zakar hori higuingarri eta beldurgarria dela, baina animalien belarrietarako hori baino gehiago da nonbait. Dirudienez, min hartzen dute eta ezin dituzte hots honek sortzen dituen disonantzia eta maiztasunak jasan. Horregatik itsutu eta erotu egiten dira eltzagorra entzundakoan. Eltzagorrak izan duen erabilera ikusiz, ez da harritzekoa jende askok eta agintariek aurkako jarrera izatea eta ondorioz, toki askotan debekaturik egotea eta jotzaileak ezkutuan aritzea.
