Euskal Herrian mihi bikoitzeko soinu-tresnen artean eboluzionatuena eta ezagunena. Konikotasun irregularreko forma hartzen du. Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Gipuzkoan eta Bizkaian metalezkoak egiten hasi ziren. Tonu-aldaketarako zortzi zulo ditu, zazpi aurrealdean eta bat goiko atzealdean. Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, soinu-tutuaren luzera finkatzen dutenak. Nafarroako gaitarekin itxuraz ez du ia diferentziarik, baina erabilpenean eta ematen duten musikaren aldetik desberdintasun nabarmenak dituzte. Baserri ingurukoek belarriz ikasten eta jotzen zuten, erromeria eta herri txikietan. Dultzainaren errepertorioa, fandango jota, arin-arin, porrusalda, martxa eta herri kantuz osaturik dago.
