Architecture

Casa-Torre Jauregizarrea. Arraioz

Ver versión en euskera.

Kronologiaren ikuspuntutik, Jauregizarrea jauregia XIV. mendekoa izan daiteke eta Arraioz zeharkatzen duen bide nagusiaren ondoan kokatua dago.

Eraikuntza honen sustatzailea ez da ezagutzen baina hainbat jaberen berri badago, haien artean, Juan Ursua eta Bartolome Ursua, XVI. eta XVII. mendeetan, eta Ana de Larralde XIX. mendean. Gaur egun, pribatua izaten jarraitzen du.

Eraikuntza bereizita dago eta jatorrizko oinplano angeluzuzena edo ia karratua izango litzateke baina ondorengo atalak eta zenbait osagai ere baditu eta horregatik, hasierako planta zehaztea zaila egiten da. Bi solairu ditu eta biak harrizkoak dira, inguruetan aurkitzen den harri gorrixka erabili zuten. Harri mota hau erabiltzeaz gain, goiko partean agertzen den materiala, aldiz, egurra da, eta babes-egitura, oholtza izenekoa, osatzen du. Egitura honen gaineko partean lau aldeko usategi bat altxatzen da eta, lau isurialdeko teilatu batek estaltzen du multzoa.

Beheko pisuan, hau da, zoru mailan, arku zorrotz bateko sarbidea agerian dago, eta dobela handiekin inguratuta agertzen da. Horretaz gain, gezi-leihoak, defentsarako, leiho bikiak eta hainbat leiho angeluzuzen, azken hauek ondorengoak direla dirudi, irekitzen dira. Dena den, hormetan irekidura gutxi dago eta defentsarako funtzioa nabaria da. Harrizko gorputz honen gainetik nabarmentzen da jauregiaren osagai deigarriena, oholtza edo zurezko egitura, alegia. Horretaz aparte, usategia, gehitutako atala izan arren, aipamen berezia merezi du.

Beste Erdi Aroko eraikuntzetan gertatzen den bezala, multzoan, defentsa-izaera eta egoitza-izaera konbinatzen dira. Alde batetik, jatorrizko gorputzak, gotortutako dorre forma daukana, babeserako eskema osatzen du eta, gainera, uste da, babes-sistema orokor baten partea zela, Amaiur eta Orraregi gazteluen ingurunean, Irurita, Arizkun, Donamaria eta bestelako dorrekin batera. Beste alde batetik, Jauregizarreak bigarren eraikin bat du atxikita, egoitza-izaerako gunea zabaltzeko, ustetan. Hau guztia kontuan hartuta, eraikinen bi zereginak argi daude.

Uste da Jauregizarrean Amaiurko gazteluaren atea gordetzen dela, izan ere, 1522. urtean, hau da, Amaiurko gaztelua azken kokapen independientea zela, Jauregizarreako jabearen babesa jaso zuela eta laguntzaren ordainetan gazteluko osagai enblematiko hau eman zioten.

XX. mendearen bukaeran, 1990eko hamarkadan, hain zuzen, zaharberritzeko prozesu bat burutu zuten eta 1993. urtean Interes Kulturaleko Ondarea izendatu zuten. Gaur egun pribatua da eta ezin da bisitatu.

Bukatzeko, aipamen berezia eman behar zaizkie Arraioz herriko beste leinu-etxeei, kategoria berdinekoak, Zubiria jauregia eta Vicuña jauregia.

  • ECHEVERRIA GOÑI, Pedro Luis. El arte de Navarra. Del arte prehistórico al Románico, Gótico y Renacimiento. Tomo I. Diario de Navarra: 1994.
  • LAMPEREZ ROMEA, Vicente. Arquitectura civil española de los siglos I al XVIII. Volumenes I y II. Madrid: 1922
  • LLANOS, Armando. Defentsarako arkitektura-Una arquitectura defensiva.Euskal Herriko Gazteluak eta Dorre Gotorrak-Castillos y Torres Fuertes de Euskal Herria. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2006.
  • MARTINENA RUIZ, Juan José. Navarra. Castillos y Palacios. Pamplona: CAN, 1980.
  • URANGA, J. E.; IÑIGUEZ, F. Arte medieval navarro. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1973.