Luzaideko Inauterietako ikuskizuna: Axetatupin ere deitzen denez, badirudi 'axeri' eta 'tupin' hitzetatik datorrela izendapena. Inauterietako igande arratsaldean, herriko gazte bat emakumez jantzita eta buruan elorriz eginiko koroa ezarriz, herrian zehar zebilen eskuan soka bat zeramala artilezko bola bati lotuta. Bola horri zarpila esaten zioten. Horrekin batera beste lagun bat zihoan, baina hau ardi-larruz jantzita. Buruan koroa eta eskuan zarpila zeramatzan. Biekin batera beste pertsonaia bat zihoan, "gorri" delakoa. Honek aurreko biak defendatzearren eskuan zurezko ezpata zeraman. Lehenengo horiek ezker-eskua elkarri emanda herrian zehar zebiltzan, eta jendea horiei mozorroa kentzen saiatzen zen. Behin mozorroa galdu eta gero ikuskizuna amaitu egiten zen.
