Lexicon

astegun

Asteko egunen inguruan debeku eta sineste ugari izan da tradizioz Euskal Herrian.

  1. Astearte eta ostiraletan ez da ebaki behar josi beharreko gauzarik, ez lan berririk egiten hasi ere.
  2. Astearte eta ostiralak sorgin-egunak izaten dira.
  3. Ostiralean jaiotzea zorte txarrekotzat hartzen da; ezbeharrak dituenaz hau esan ohi da: "Horrek ostiralean (barikuan) jaioa izan behar du".
  4. Astearte eta ostiraletan ez da ilerik ez azazkalik moztu behar, ezta oiloa txitatako ezarri, ezkondu, animaliak lekuz aldatu ere.
  5. Ostiralean hasten den hilabetea euritsua izaten da.
  6. Asteazkeneko ilargi berriak giro gaiztoa ekartzen du.
  7. Larraunen hautsen eguna (asteazkena) jai egiten dute, lehenbiziko eguna tristura eguna delako. Zeanurin diote egun horretan txakurrek eta katuek ere barau egiten dutela. Beste zenbait tokitan bazkaria ematen zaie, baina afaririk ez.
  8. Garizuma aurreko hiru ostegunak askari batekin ospatzen dira Nafarroako zenbait haranetan; aitakunde, gizakunde, emakunde, neskakunde eta orakunde izenak hartu izan dituzte egun horiek. Bizkaian ospatzen den hirugarren ostegunari eguen zuri eta sasi koipatsu deitzen zaio.