Magazines

Maiatz

Baiona, 1982-...

François Mitterrand Frantziako lehendakari hautatu zuten igande berean, 1981eko maiatzaren 10ean, Lucien Etxezaharretak eta Itxaro Bordak egindako bilkura batean hartu zuten Maiatz sortzeko erabakia, Frantziako aldaketa aire berriek eta Iparraldeko euskal literaturari bultzada bat emateko grinak eraginda.

Urte hartako udan Iparraldeko berrogei bat lagunek "Maiatz Batasuna" eratu ondoren, abenduan legeztatu egin zuten Baionako suprefeturan. Iparraldeko idazleei euren lanak argitaratzeko espazio bat eskaintzea, beraien artean elkarlaguntza sustatzea eta Iparraldeko literatura eta euskarari buruz gogoeta egiteko aukera izatea zuen helburu. Horietako gogoeta-bilera bat Beloken egin zuten eta sasoi hartan idazle bezala ezagunak ziren gehienak gonbidatu zituzten. Piarres Xarriton edo Iratzederren belaunaldikoen alboan Itxaro Borda edo Aurelia Arkotxa bezalako gazte batzuk ere elkartu ziren.

Iparraldea gainbehera zetorrela eta, euskara baztertuz, euskal kultura frantsesten ari zela sumatzen zuten. Era berean, kultura eta literatura unibertsala deskubritu eta euskal munduari beste begirada batekin begiratzen hasi zitzaion belaunaldi berri bat ernetzen ari zen. Txikitasunean unibertsaltasuna eraiki zitekeela sinisten hasi ziren; azken herriko azken auzoko azken etxean zegoen hark bere idazlanean mundu bat, unibertso bat eraiki zezakeela alegia, eta gainera euskaraz. Horretarako, elkartzeko eta argitaratzeko leku bat behar zuten eta literatur aldizkariak aukera hori eskaintzen zien. Oso talde heterogeneoa osatu zuten, bai gaien tratamenduaren aldetik, norabide estetiko eta estiloagatik, bai jatorri geografikoagatik, bai belaunaldi ezberdinengatik eta baita erabilitako Iparraldeko euskalkiengatik.

1982ko otsailean aldizkariaren 1. zenbakia plazaratu zuten Baionan. Lauburu batasuneko multipointa erabili zuten lehen testuak jotzeko eta Stencyl elektronikoak aldizkaria inprimatzeko; zerabilten tresna funditu zenean, Etxegorri apaizak Angeluko elizan zuen Blancpignon makinan egin zituzten lehen zenbakiaren 500 aleen kopiak. Hogei liberetan saldu zuten, 350 pezetetan, eta ia denak agortu ziren. 64 orrialdeko (21x29,5) aldizkariaren azal eta kontrazal beltza 30. zenbakira arte (1998ko apirila) erabili zuten, formatua aldatu zutenera arte. Baionako fakultatean egin zuten lehen aurkezpena, Euskal Ikasketen Institutua abian jarri berria zela baliatuz. Hiruhilabetekaria izateko bokazioa zuen arren (1984,1985eta 1995ean hala izan zen), urtean bitan atera izan dute, salbuespenak salbuespen (1990, 2001, 2002 eta 2008an ale bakarra eta 1991 eta 1993an huts egin zuten). Maya Bovard arduratu zen marrazkiez eta maketazioaz eta Ellande Duny-Petre administrazio kontuetaz. Baionako ZUPen kokatzen zen La Ronde batasuneko Gérard Sauceyren laguntza ere izan zuten hasiera hartan.

1. zenbakiaren azalean artikulugile guztien izenak ageri ziren. Aurreko urtean zendutako Etienne Salaberriren poema baten segidan zetozen Itxaro Borda, Auxtin Zamora, Emilio Lopez Adan "Beltza", Eñaut Etxamendi, Mayi Pelot, Lucien Etxezaharreta, Henriette Aire, Ermi Madariaga, Michel Gardi, Manex Pagola, Manex Erdozaintzi-Etxart, Beñat Oihartzabal, Aurelia Arkotxa, Txomin Peillen, Ladix Arrosagarai, Jon Cazenave, Jean-Louis Davant eta Daniel Landarten narrazio, poema, saio eta itzulpenak. Sarreran, berriz, Maiatz batasunaren manifestua plazaratu zuten literaturaren funtsa azalduz eta "literatura bizirako" aldarrikatuz.

3. zenbakitik (1983ko otsaila) 5.era (1984ko otsaila) komikiek ere izan zuten bere tartea Mikel Duverten eskutik. Aipatzekoa da, era berean, Irene Bordak 12. zenbakian (1986ko abendua) eginikoa edota Markok 30.ean (1998ko apirila). Maya Bovardenaz gain, ez zen apenas marrazkirik agertu aldizkarian Irene Bordak 7. zenbakia (1984ko abendua) atondu zuen arte. Gerora marrazkilari gehiagok ere parte hartu zuten, tartean Itxaro Bordak berak edota Patrice Rouleauk, Markok, Neni Larregik, Jon Arzallusek, Paxkal Bourgoinek, Gustave Dorék, Pa Etchezarretak eta Dominique Malletek, besteak beste. Are gehiago, 9. zenbakitik (1985eko maiatza) aurrera azaleko diseinua aldatu egingo da; kolaboratzaileen izenak agertu beharrean marrazkiak agertuko dira nagusiki (1995eko azaroko 25. zenbakitik aurrera argazkiak ere tartekatuko dituzte). Mikel Lapeyre, Mayi Dufau, Yolaine Poussié, Stéphanie Mariaccia maketagileak ere kontutan hartzekoak dira, Romain Gautry grafista bezain beste.

Ale monografikoak egitea edota gai zentralak nabarmentzea atsegin zuten, atzerriko literaturei arreta berezia eskainiz, herrialde horietako testuak euskaratuz: Garaziko idazleak (6. Zenbakia-1984ko maiatza), Donibane Lohitzune-Ziburuko idazleak (8.a-1985eko otsaila); Sobietar Batasuneko literatura (12.a-1986ko abendua), Gernika eta Bretainiar literatura (13.a-1987ko maiatza), Senegalgo poesia (14.a-1987ko abendua), Palestinar poesia (16.a-1988ko iraila), eta abar.

1984ko abuztuan pausu garrantzitsu bat eman zuen Maiatz batasunak, bi liburu argitaratu zituen: bata, Itxaro Bordaren lehen liburua, Bizitza nola doan poema bilduma, eta bestea, Mark Legasseren Concerto guerrillero pour un pays qui n'existe pas frantsesezko bertsioan, aurrez euskaraz eta gazteleraz Donostiako Txertoa argitaletxeak argitaratuta zeuzkanak. Emilio Lopez Adanek sarrera luze bat egin zion euskaraz. "Uhargi" sail berriko bi obra horiek Maiatz argitaletxearen abiapuntua izan ziren. Urtean lau ale kaleratzeko asmoa zeukaten, euskaraz zein frantsesez. Maiatz batasunean hogeita hamar bat lagun ari ziren sasoi hartan eta Hegoaldeko argitaletxeetan libururik kaleratzea egile gazte eta ezezagunei ia ezinezkoa egin zitzaienez, euren kabuz argitaratzea erabaki zuten horretarako Maiatz argitaletxea sortuz. Dagoeneko 65 liburu argitaratu dituzte.

Urte bereko maiatzean literatur solasaldiak antolatzen hasi ziren Baionako Bil Txokoan. Haiei esker Hegoaldeko eta Iparraldeko idazleen artean hartu-emanak sendotu zituzten. Liburu aurkezpenak, hitzaldiak errezitaldiak eta mahai-inguruak antolatu zituzten. Iparraldeko literaturak irudi gazte ireki bat eman zezan nahi zuten. Sarako Idazleen Biltzarrean eta Durangoko Azokan ere 1984a egon ziren lehen aldiz.

9. zenbakian (1985eko maiatza) azalaren diseinua aldatzeaz gain, literatur solasaldiei esker aldizkariak Hegoaldera leiho bat ireki zuen: Ttu-Ttuá (1984-85) aldizkari desagertu berriaren sortzaile zen Laura Mintegi elkarrizketatu zuten eta bere bi ipuin argitaratu. Aurreko zenbakiren batean Joseba Sarrionandiak eta Andolin Eguzkitzak kolaboratu izan zuten baina ez zen ohikoa Hegoaldekoen presentzia. Ordutik aurrera ugaritu egingo zen Bidasoaz bestaldeko kolaboratzaileen kopurua.

12. zenbakian aldizkariko erredakzioa sendotu egin zuten; kideen artean zeuden Auxtin Zamora, Itxaro Borda, Mayi Pelot, Jean-Louis Causade, Aurelia Arkotxa, Eñaut Etxamendi eta Lucien Etxezaharreta.

15. zenbakian (1988ko apirila) sail berri bat zabaldu zuten: "Literaturaz". Bertan, mundu zabaleko idazle ezagun batzuen berri ematea izan zen asmoa. Ale horretan, esaterako, Joseph Brodsky, Rachid Boudjedra, Tahar Ben Jelloun edota Ismael Kadare bildu zituzten. Baina ez zuen segidarik izan. 22.ean (1994ko abendua) berregituratu egin zituzten aldizkariko edukiak eta bost sail berri sortu: literaturaren inguruko berriak biltze aldera, "Astez aste" berri-saila; gai jakin bat sakonduko zuten lanez osatutako "Gei eta gai" saila; sorkuntza lanen txoko ezinbestekoa izango zen "Lerroz lerro"; kanpoko erreferentzientzat gordetako "Hango haize"; eta liburuen berri emango zuen "Maiatzen liburuak".

23. zenbakiarekin batera (1995eko apirila), Maiatzek bere lehenengo gehigarria kaleratu zuen Iparraldean hain errotuta dagoen antzerkiari protagonismoa eskainiz. Antton Lukuren Ezkonduko ditugu? antzezlana plazaratu zuten. 30. enarekin berriz (1998ko apirila), Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) elkarlana abiatu zuten. Elkarlan horrek aldizkariaren itxuran izan zuen eragina. Neurria apur bat txikitu (21X27) eta liburu formatua hartu zuen, azal beltza behin betiko utzita. Aldizkariko sailak mantendu egin zituzten. Hurrengo zenbakian, Durangoko Berbaro elkarteak sustatutako Eraz aldizkariarekin ere elkarlanean hasi ziren Europatik zetozen diru-laguntzak bideratzeko asmoarekin. Aldizkarien arteko artikulu trukatze bat burutu zuten. Bizkaian Iparraldeko literaturaren berri ematea zen euren xedea eta funtsa, eta baita alderantziz ere.

Aldizkariaren amaierako "Debile principium melior fortuna sequatur" goiburuari fin jarraituz, berrogeita hamalau ale plazaratu ditu dagoeneko Maiatzek eta hirurogeita bost liburu argitaratu. Maiatz batasunaren laborategiari esker Itxaro Borda, Ur Apalategi, Manex Lanatua, Aurelia Arkotxa, Antton Luku, Mailux Legorburu, Henriette Aire, Maddi Pelot, Marikita Tambourin, Mattin Irigoyen, eta beste hainbeste idazlek berainen lehenengo lanak plazaratu ahal izan zituzten. Hegoaldekoei ateak itxi gabe, Iparraldeko idazleentzat literaturgintzarako espazio irekia bilakatu da Maiatz.