Ensayistas

Mujika Mujika, Gregorio

Ormaiztegi, 1882- Donostia, 1931.

Gregorio Mujikaren aita, Serapio, notario zen eta artxibategietan lan egin zuen Gipuzkoan barrena. Bere lana zela eta, artxibategi ikuskatzaile gisa eginiko lan hori zela eta, historian aditu bilakatu zen Serapio eta Espainiako eta Frantziako Historiako akademien kide izendatu zuten. Gregorio Mujikaren aitak kolaborazio ugari egin zituen gainera aldizkari eta liburuetan, eta garai hartako euskal kultur munduko pertsonaia asko lagun zituen (Azkue, Urkijo,...), horrek guztiak eragina izan zuen Gregorio semearengan.

Aitak, Ormaiztegiko etxea utzi gabe, Gipuzkoako hainbat herritan lan egin zuen eta horren ondorioz familia toki ezberdinetan izan zen bizitzen. Gregorioren lehen formakuntza Ormaiztegi, Beasain, Donostia eta Bergara bitartean izan zen. Bergarako Dominikoen Seminarioan ezagutu zuen Bonifazio Etxegarai, eta 1900 urtean, batxilergoko titulua eskuan zuela Madrilera joan zen peritu industrial ikasketak egitera eta handik Valentziara eta ondoren Bartzelonako unibertsitatera. Ikasketa hauek teknikoak izanik ere, Gregorio Mujikak bazuen letretarako joera eta 1903an, 21 urte zituelarik, idatzi zuen bere lehen artikulua Euskal Erria aldizkarian. Lau urte beranduago, 1907an Euskal-Esnalea elkartearen sorreran parte hartu zuen aitarekin eta garaiko intelektual ugarirekin batera (Kanpion, Karmelo Etxegarai, Txomin Agirre, Julio Urkijo, eta abar). Urte horretan bertan Elgoibarko euskal jaietan hitzaldi bat eman zuen "Euskeraren alde"; bere jarrera zirikatzailea zen, hitzaldi nahiz artikuluetan, RIEVen argitaratutako "Euskaldun gazteriari" lanean ikus daitekeen bezala:

"Eta guk, euskaldun gazteak, arnasa eta otsarearen adiñetan gauden euskaldun gazteak, egon bear degu geldi, ixilik eta besoak gurutzetuta gure izkuntza nola galtzen dan ikusiaz? Itxi egin bear ditugu begiak eta utzi kanpoko jendeari, guk geiena maite bear degun gauza izkutatzen? Euskaldun gazteak, badegu biotzik ala ez? Maite degu euskera edo ez?"

Euskaltzale eta kultur gizona dugu, Gregorio Mujika, eta bere lanbidea Internacional Institución Electrónica elkartearen ordezkari gisa eta Aurrezki Kutxa Probintzialean bazuen ere, lan arloan ere euskara bultzatzen saiatzen da. Kutxan, esaterako, haurrei aurreztea zer garrantzitsua den azaltzeko argitalpenak euskaraz eta gazteleraz egin zituen. Baina bere ekarpena euskal kulturan, erakundeen alde eginiko lanagatik nahiz gazte garaitik hasitako kolaborazio, artikulu eta literatura lanengatik da garrantzitsua. Gazte denboran hasi zen argitaratzen Aita Onandiak dioen moduan:

"Bilbao'ko "Ibaizabal"-en (1902-1903), datoz aren lenengo olerki arin politak. Arrezkero idazteari ekin zion egundo ere aspertu barik. "Euskal-Erria"-n, "Euskal-Esnalea"-n, "Euskalerriaren Alde"-n, "Euzkadi"-n, RIEV-en, "Vida Vasca"-n, "Novedades"-en, amaika iritzi-emate eder agertzen da berak idatzita"

Artikulu eta kolaborazio asko ezizenez sinaturik zituen: "G. Biona", Euskalerriaren Alde eta Euskal-Esnalean; "J.M. Ojarbide" Euzkadi egunkarian, "J. Zumuarregi" El Pueblo Vasco egunkarian. "Jeme" Argian, "Berrizale", "Zarzale" eta "Bildari" Euskalerriaren Alden; eta abar. Izan ere horiek guztiez gain badirudi ezizen gehiago erabili zituela bere lanetan.

Bere ibilbide literarioan antzerki lan batzuk argitaratu zituen: Utzi bearko, (Donosti, 1919), Neskame berria (Donosti, 1920) eta Gizon bikañak (Donosti, 1920), ipuinen bat edo beste eta 1925ean arrakasta handiz argitaratu zuen Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak, bi urte beranduago berrargitaratu zena, eta hirugarren edizio bat ere izan zuena 1948an. Lehendik ere ahoz entzuniko hainbat istorio eta pasadizo biltzen dituen liburu honek 1980ko hamarkada hasieran ikaragarrizko arrakasta izan zuen haur eta gazteentzat Joxan Ormazabalek eginiko moldapenarekin. Kontakizun labur, arin eta umoretsuek, nekazal giroa ederki islatzen duten istorio horiek 60 urte beranduago ere arrakasta izan zuten.

Baina, Gregorio Mujikaren literatur ekarpena interesgarria izanda ere, kazetari, euskaltzale eta euskal kultur ekintzaile gisa nabarmendu zen ormaztegiarra. Euskal kultur munduko pertsonaia nagusiei eginiko elkarrizketak (Karmelo Etxegaria, Arturo Kanpion, Txomin Agirre, Aita Donostia, Aranzadi, Urkijo,...) horren emaitzetako bat dugu. Lan horren interesa adierazten du elkarrizketa horiek guztiak Los titanes de la cultura vasca (Auñamendi, 1962) liburuan jaso izanak hamarkada batzuk geroago.

1911n, Arturo Kanpion, Julio Urkijo, Karmelo Etxegaraik eta Txomin Agirrek Gregorio Mujika jarri zuten Euskalerriaren Alde aldizkariaren zuzendari lanetan. Euskal kulturaren aldizkaria da eta honen filosofia Mujikak zuenarekin bat egiten du: iritzi eta kolore politikoen gainetik euskararen aldeko sentimenduak eta lanak batu. Aldizkaria 1931 arte publikatu zen, hamabostekari moduan hasieran, hilabetekari ondoren, eta bere azken alea zuzendari zendu berriari eskainia izan zen, garai hartako euskal kulturaren pizkundearen isla zen Euskalerriaren Alde; kronikak, urteko balantzeak, kultur ekitaldien berri, euskal kulturaren zabalkundea. Baina horretaz gain bertako hainbat berrik, datu geografikoek, biztanleriaren datuek, hautsekundeenek,... edo kirol kontuek, bai eta lehen gerra handiaren kronikek ere, tokia zuten aldizkarian. Eta horiekin batera Oñatin 1918an Eusko Ikaskuntzaren sorrera kongresuaren berri dugu, besteak beste G. Mujika han izan zelako eta bertan izendatu zuten idazkariorde. Kongresuko amaiera ekitaldian pentsamendu ezberdinen gainetik elkarrekin lan egiteko deia egin zuen, izan ere une historikoa zen euskal kulturarentzat. Erakunde berriak eta behar askori erantzun beharra. Horregatik, Eusko Ikaskuntzatik gure kulturaren beharrei erantzuteko neurriak bultzatu zituen: antzerki lanak, hasi berriak ziren eskoletarako materiala, haur liburuak, eta abar.

Euskal-Esnalean ere 1910ean idazkari izendatu aurretik Mujika ageri zaigu euskal hizkuntzaren bultzatzaile. Euskalerriaren Alde erdaraz argitaratzen zen bitartean, hau batez ere euskaraz plazaratzen zen, nahiz eta erdarazko lanak ere onartu. Gregorio Mujikak bietara idazten zuen alde batetik euskara bera hizkuntza moderno eta txukuna bultzatuz, eta bestetik erdaratik zetozen erasoei erantzunez.

1931n, baina, eten zen euskaltzale honen lan nekegaitza. Otsailean buruko atake bat izan eta zenbait hilabetez gaixo egon ondoren, uztailaren 22an zendu zen Aurea Gaiztarro alarguna eta lau seme-alaba uzten zituelarik. Urte amaieran, Euskalerriaren Alde aldizkariak, Resurrección Maria Azkue, Antonio Mª Labaien, Anjel Apraiz, Aranzadi, Bonifazio Etxagarai, Antonio Ortueta eta beste askoren testigantza jasoz, azken ale argitaratu zuen Gregorio Mujika zuzendari ohiari eskainia.

  • GARMENDIA, E. Gregorio Mujika. Bidegileak bilduma, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza-Kultura Saila, 1998.
  • ONAINDIA, S. Euskal literatura V. Bilbo: Etor, 1977.