Architecture

Palacio Montehermoso

Ver versión en euskera.

Jatorrizko tipologiari dagokionez, laukizuzeneko oinplanoa eta lau dorre, hiru pisukoak, ertzetan ditu. Multzoak bi solairu ditu, ez da aglomeratua, barruko gunea patio karratu baten ingurua antolatzen baita eta jakina da bi sarbide eta lorategi bat zeukala. Harlangaitzazko hormak zeuzkan, eta harlandua murrizten zen atal nagusietara eta baoen errefortzuetara. Bi isurialdeko estalkia omen zeukan. Errenazimenduko jauregi baten ezaugarri ohikoak zituen.

Hala ere, garai hartako arrasto gutxi gordetzen dira gaur egun, oinplano eta zenbait bao, besterik ez.

Gaur egun duen itxura aldakuntza ugarien ondorioa da. Datuen arabera, lehenengo obrak eta aldaketak XVIII. mendearen bukaerakoak dira, Ortuño Maria de Aguirre y del Corralek, Montehermoso markesak, agindu zituen eta, garai hartako Frantziako eraginari jarraituz, hotel bihurtu zuten. Horretaz gain, XIX. mendearen bukaeran, Gasteizko diozesiren eskutara pasa zen eta, beste berrikuntza bat egin ondoren, apezpikuen egoitz bihurtu zuten. Fausto Iñiguez de Betolaza arkitektoari eskatu zitzaion lana eta mendebaldeko fatxadaren aldaketa burutu zuen.

Aipatutako fatxada gaur egun nagusia da, Fray Zacarias Martinez kalera ematen dena, eta bi solairukoa eta angeluzuzena izateaz gain, estilo neogotikoan egina dagoela azpimarratu behar da. XX. mendean, larogeitahamarreko hamarkadan, hain zuzen, Roberto Ercilla arkitektoak azkeneko eraberritzeko lana egin zuen. Beste aldaketa batzuen artean, handitzeko lana nabarmendu behar da. Izan ere, Montehermoso jauregia beste multzo historiko batekin, 1895 urtean egindako Gasteizko Ur Biltegi Zaharrarekin, lotuta dago, lurpeko pasabide baten bidez. Zabalkuntza hau egin ondoren, 6.400 metro karratuko gunea sortu zen eta erakusketak eta hainbat ekitaldi eta ikuskizun antolatzeko erabiltzen dute. Lorategi batek eta hainbat leku publikok betetzen dute multzoa. Gaur Gasteizko kulturgune garrantzitsuenetako bat da.

Barruko parteari dagokionez, nahiz eta berria izan, nabarmendu behar da patioa. Bi solairukoa da eta arku eskartzanoak eta aldez landutako zutabeak dauzka. Atal hau bisitariei harrera emateko erabiltzen da eta gainerako guneak antolatzeko balio du. Besteak beste, azpimarratzekoak dira antzinako ur-biltegia, Ohianederra gunea dena eta erakusketarako erabiltzen dutena, eta Mediateka eta Arte Plastikoen Dokumentazio-zentroa. Bestalde, balio anitzeko gelak eta aretoak ditu, hitzaldiak, mintegiak eta emanaldiak antolatzeko.

Jakina denez, Montehermoso jauregia gaur Gasteizko kulturgune bat da baina hori izan baino lehen hainbat erabilpena izan ditu. Jatorrian, domingotar mojaretako komentu izateko pentsatuta zegoen, baina azkenean, sustatzaileek han bertan bizitzea erabaki zuten. Gero, aipatu den bezala, apezpikuen egoitza izan da eta gaur kulturgunea da.

Eraikina honek, Aguirre Esquivel familiaren bizilekua izanez, pertsonaia noble eta ospetsuei ostatu eman die, besteak beste, Carlos I., Felipe III., Felipe IV., eta Felipe V. erregeak, aipatzekoak dira. Horretaz aparte, Jose Bonaparteren egonaldiak gogoratu behar dira eta honekin batera, Espainako gorte-lekua izan zela.

Bukatzeko, jatorrizko egileari dagokionez, Pedro de Echaburu, alegia, aipatzea beste obra edo eraikin batzuk non parte hartu zuen edo lan egin zuen, adibidez, Santa Maria elizan, San Miguel elizan eta Santo Domingo komentuan, Gasteiz hirian, eta Condestable jauregian eta Asuncion elizan, Iruñan.

Gainera, Fausto Iñiguez de Betolaza arkitektoaren lana aztertzen bada, bere kutsua, neogotiko estilokoa, bai arkitektura erligiosoan, bai arkitetura zibilean nabaritu daiteke. Beste lan batzuen artean, zenbait obra enblematiko egin zituen, adibidez, Salesen monasterioa, eta arkitektura industrial arloan, Azucarera eraikina.

  • DE BEGOÑA, Ana. Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Vitoria: Diputación Foral de Alava, 1986.
  • GONZALEZ CEMBELLIN, Juan Manuel; SANTANA EZQUERRA, Alberto. "Clasificación tipológica de los primeros palacios del País Vasco". Revisión del Arte del Renacimiento. ONDARE 17. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.
  • ZORROZUA SANTIESTEBAN, Julen. Errenazimenduko Artea Araban. El arte del Renacimiento en Araba. Vitoria: Diputación Foral de Álava. Departamento de Cultura, 1999.