Literary Figures

Minaberry, Marie-Jeanne

Branka, 1926.

Nafarroa Behereko Branka herrian sortua, aitak Errobi ibaiaren urari esker argi-indarra egiten zuen lantegi txiki batean egiten zuen lan eta Marijan, lau ahizpatatik hirugarrena, herriko eliza ondoko etxe batean hazi zen. Txikitatik herriko eskola batean ikasi zuen, eta urrutiko baserrietatik etorritako beste neska-mutiko batzuk hartzen zituzten egunero etxean bazkalorduan. Hamabi urte zituelarik Donapaleuko eskolara joan zen ikasten jarraitzera eta geroago Angelura batxiler titulua lortzera, baina ama gaixotu eta ez zituen batxiler ikasketak amaitu.

Hogeita bi urte zituelarik Branako udal idazkari lanetan hasi zen eta lanbide horretan aritu zen hamar urtez. 1954an, berriz, familia guztia joan zen Uztaritzera bizitzera eta udal idazkaria lana utzita, Baionan hasi zen irakasle, Saint Louis de Gonzague elizako ikastetxean, hamar-hamaika urteko haurrei eskolak ematen zizkielarik. Irakaskuntzan aritu ondoren Basque Eclair egunkarian ibili zen idazkari lanetan, eta zenbait kolaborazio ere eginez, denboraldi batez. Gouyon apezpikuak elizaren egunkari bat sortzeko asmotik plazaratu zen Basque Ecleir, Paben zen Eclair des Pyrénées egunkariaren edizio berezitua Euskal Herrirako. Marijan herrietako jende eta eliz gizon askorekin aritu zen lanean, bai eta zenbait idazlerekin (Gexan Lantziri edo Joseph Camino, Pan-Pin haur aldizkariaren sortzailea, besteak beste). 1975an Sud Ouest-ek hartu zuen aldizkaria eta egunkari horretarako lanean ibili zen Marijan 1990ean erretiroa hartu arte.

Euskarazko beste komunikabide batzuetan ere kolaboratu du Marijanek, Herria, Gure Herria, Almanaka edo Pan-Pin aldizkarietan, esaterako, eta bertan hasiko da plazaratzen bere sorkuntza lanak.

Irratian ere aritua da; are gehiago aitzindarietakoa dugu euskal irratigintzan. 1960an Parisko Irrati Nazionalak martxan jarritako Radio Côte Basque irratian ibili zen Pantxo Etxezaharreta, Piarres Lartzabal eta beste batzuekin batera, bertsolaritzaz eta haurrentzako txokoaz eta entzuleen disko eskaerei erreparatzen zielarik. Ondoren Gure Irratian eta Lapurdi Irratian ere entzun ahal izan da Marijan Minaberryren ahotsa.

Idazle gisa, aldizkarietako kolaborazioen bidez ekin zion poemak eta ipuinak plazaratzeari. 1960 urtean Gure Herrian kaleratu zituen bi poema: "Amañokantua" eta "Esku miresgarria". Urtebete beranduago Mari-gorri lana argitaratu zuen eta 1963an Itchulingo anderea... (Goiztiri) ipuin liburua plazaratzen da Baionan eta 1965ean Xoria kantari poesia liburua. Bi lan hauek euskal haur eta gazte literaturan mugarritzat hartu ditu Xabier Etxanizek (1997), haiekin hasten baita benetan euskal haur literatura. Lan xumeak baina, era berean, landuak dira. Itchulingo anderea... liburuan sei ipuin batzen dira, lehenak ematen dio izena liburuari eta bi erbiren istorioa kontatzen zaigu bertan, bata arra, bestea emea. Eta arrak bere bizia arriskatuko du emearena salbatzeko. Libururi amaiera ematen dion ipuina, "Erregina gaztea", berriz, antzinako herri ipuinen estiloko ipuina dugu. Gachucha erreginak hiru froga gainditu beharko ditu bere senarra berreskuratzeko. Ipuinak, estilo eta gai aldetik oso ezberdinak dira, eta egilearen asmo moralizatzailea present izan arren, hizkuntzaren aldetik, deskribapenetan, kontakizunetan, nabaria da edertasun asmoa, idazlearen lana:

"Aingeruño pottolo bat zen. Ilhe kuchkulatu batzuek haren burua urhe korona batez inguratzen zuten. Bisaia irrikoi ezti bat zuen ardurenean bainan goiz hartan, egiazki, ez zen omore onean. (...)

Ahatik egun Aingeruñok ez zuen anaien laguntzeko tirria izpirik. Primadera sortzeko punduan zen eta lurretik hartaraino igaiten zen aire berezi bat, eztitasunez eta usain onez bethea, nik ez dakit nolakoa, bainan Aingeruño arrunt harroturik ezartzen zuena, laneko gostua kendurik. Puchka bat chochoturik ez zuen kurri ibiltzeari eta jostatzeari baizik pentsatzen." (op. cit.: 10).

Xoria kantari poesia liburuak, aldiz, hogeita hiru poemek osatzen dute. Henri Laulhéren beste hogeita hiru ilustraziok laguntzen dituzte poemak, eta alde honetatik irudia eta testuaren arteko parekotasuna bilatu da haur eta gazteentzako den liburu honetan.

"Ixabel ene ilobañoari" dio liburuaren eskaintzak eta poemen gaia, eta egitura ikusirik, haurrentzako direla esan dezakegu. Animaliak dira zenbait poematako protagonistak: "Xerri kuttin", "Oilarra", "Untzi ttipia", "Gatu eta sagu"... Baina animali poema hauetaz gain, badira herrikoietan oinarrituta aldaera berriak: "Arri, arri, manddoko" edo "Mari-gorri" adibidez; beste aldetik, "Agur Jesus Haurra" poema erlijiosoa dago, eta baita ere familiari buruzkoak: "Besta on, ama", "Amarendako", eta abar.

Poemetan errima, errepikapenak, eta onomatopeien erabilera dira gehienetan agertzen diren elementuak. Egitura aldetik, sinpleak dira, erraz irakurtzeko eta buruz ikasteko moduko poemak. Ez da ahaztu behar, hogeita hiru poema horietako zazpi kantak ere badirela.

Hona hemen, adibide gisa, "Amarendako" izeneko poema, buruz ikasi ahal izateko errepika-egitura erabiltzen duena:

"Amarendako
Bihotzean baditut nik
Amarendako gorderik
Kanpo ederrean baino
Aise lore gehiago.

Baditu ene bihotzak
Amari eskaintzekoak,
Mundu zabalean baino
Xori eder gehiago.

Baditut ere gordeak
Amari eman beharrak,
Egiten ahal den baino
Potta ezti gehiago." (op. cit.: 37).

Xoria kantari liburu honetako hainbat poema erabiliz Oskorri taldeak Marijan kanta zan haurrentzako diskoa atera zuen 1999. urtean eta Kukubiltxo taldearekin batera ikuskizunaren emanaldi ugari egin Euskal Herriko bazterretan.

Hori baino askoz lehenago, baina, Marijan Minaberryren poemak abestu dituzte Arrantzaleak, Adixkideak edo Nekez ari taldeek, Mixel Etxeverryk; bai eta Manex Pagolak ere Xoria kantari liburuko lau poematan oinarriturik eginiko single bat ere. Minaberry kulturaren arlo askotan aritu da, horren adibidea dugu aurreko lana, baina baita ere 1968an euskal kulturaren alde sorturiko "Haize Garbia" taldearekin eginiko lanak. Hor daude, esaterako atera zituzten hiru diskoak: Euskal Herriaren Eguberri, Agur María eta Anjelus; Manuel Lekuonaren Xuri eta Gorri eta Kikirrikiki (1978) Iparraldeko haurrei moldatua; Ion Oñatibiaren euskara ikasteko metodoaren moldaketa (aurretik Basque Ecleir egunkarian argitaratua eta gero liburu moduan), hiztegiak, gramatikak,... eta bere literatura lanak. Izan ere, arestian aipaturiko ipuin eta poema lan horiez gain, Minaberryk genero horretako liburu gehiago argitaratu baditu (azkena, Puxka, Gatuzain 2001, bere txakurrari buruzko ipuina), aipatzekoa da antzerki arloan, haur antzerkigintzan Marijanek eginiko ekarpena. 1965ean Heletten saritutako Mokhor bat eta mokhor bi lana plazaratu zuen, bai eta Begietakoa izeneko lana Gure Herria aldizkarian. 1982an, berriz, Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak antolaturiko Toribio Altzaga saria eskuratu zuen Haur Antzerki lanarekin, eta 1993an Antzerkia ikastetxean (Gero) plazaratu zuen.

2002an Euskonews & Media argitalpenean eginiko elkarrizketa batean, Minaberryk zera dio:

"Ez dut irakurtzen euskaraz, salbuespen batzuk salbu. Ez dut sekulan jakin. Egin dudan guztia maitasunez eta gogoz eta zortea izan dudalako egin ditut."

Eta horixe izan da emakume honen birtuterik handiena, setatsua izan dela, haurrei atsegin emateko lanak eskaintzea zailtasun guztiak gaindituz. Bere hastapenetan aholku eske ari zelarik, Parisen Euskal Etxean ari zirenei eskatu zien laguntza, eta ipuinak, testuak,... bertara bidali eta haiek eginiko zuzenketekin joan zen behar zuen laguntza eskuratzen.

1980an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta Euskal Idazleen Elkarteak, aldiz, 1997ko maiatzean ohorezko lehendakari Donostian haur eta gazte literaturaren inguruan antolaturiko batzarrean.

Azkenik, 1998an Elkar argitaletxeak Marijan konta zan liburua plazaratu zuen, idazlearen 21 ipuin batuz, gehienak, gainera, argitaratu gabek zirelarik. Liburuaren aurkezpenean Marijan Minaberrik zioen bezala, bere "aita istorio kontalari ezaguna zen Brankan, eta segida hartu dut."

E. Egunkaria, 1998-12-22.

  • ARBELBIDE, Xipri. Marie Jeanne Minaberry. Bidegileak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza-Kultura saila, 1998.
  • ETXANIZ, Xabier. Euskal haur eta gazte literaturaren historia. Iruñea: Pamiela, 1997.
  • MINABERRY, Marie-Jeanne Itchulingo anderea... Baiona: Goiztiri, 1963.
  • MINABERRY, Marie-Jeanne Xoria kantari. Baiona: Ikas, 1965.