Architecture

Teatro Arriaga. Bilbao

Ver versión en euskera.

Behin-behineko bi antzoki egon ziren Bilboko Areatzan 1833an lehenengo behin-betiko (geroago Arriaga antzokiak ordezkatu zuen) antzokia eraikitzen hasi ziren arte. 1834 urtean amaitu ziren estilo neoklasikoko Escondrillasen antzoki honen lanak. Besteak beste Hormaechea eta Delmas idazleek 60ko hamarkadan, antzokien neurri txikiaz eta zituen deserosotasunez kexu agertu ziren. Ondorioz berrikuntza garrantzitsuak egin ziren arren, hiriko biztanleria handitzen ari zenez, berrikuntza horiek ez ziren nahikoak izan.

1882ko azaroaren 13an, Arriaga antzokia eraikitzeko lehiaketaren oinarriak idatzi zituen Bilboko udaletxeak. Eraikin berriak, 1834 urtean eraikitako Juan Bautista de Escondrillasen antzokia zegoen lekuan kokatua egon behar zuen, barne-egiturak burdinezkoa izan behar zuen, eta 1.500 ikuslerentzako antzokia eta behe-solairuan komertzioak, jatetxeak eta kafetegiak jartzeko espazioa bereganatu behar zituen. Baldintza garrantzitsu horietaz gain, materialekin, banaketekin eta beste hainbat aspekturekin lotutako baldintza ugari zeuden.

Aurkeztutakoen artean Joaquín Rucobak, garaiko udal arkitektoak aurkeztutako proiektuak irabazi zuen, baina oinarri guztiak bete arren, hiritarren sektore bat kontra agertu zen. Bidebarrieta kaleko biztanleak bi arrazoi zituzten proiektuaren aurka, higienikoa bata, kalearen aire korrontea moztuko zuela, eta hirigintzari lotua bestea, kalea ibaira iritsi aurretik moztuko zuen. Auzokoen presioaren ondorioz, 1884ean Rucobak aldaketak onartu eta kokapen berria onartuta antzokiaren fatxada Bidebarrieta kalearekin zuzenean jarri zuen, eta espazio nahikoa eduki zezan, kaia 14 metro zabaldu behar izan zen. 1885ean oinarriak aldatu ondoren, 1886ean antzoki zaharra botatzez bukatu eta berria eraikitzen hasi ziren, 1890ean bukatu zituzten eraikitze lanak.

Hasiera batetan, Bilboko antzoki berria izena jarri zioten, baina antzokia kokatzen zen plazari Arriaga izena jarri ziotenez, berehala jendea Arriaga antzokia izena erabiltzen hasi zen. 1902 urtean ofizialki jaso zuen izen hori. Ireki zutenean bertan, garaiko antzoki hoberenen artean sailkatua izan zen, eto ondorioz aktore eta antzerki konpainia hoberenen lanak jaso zituen.

Geroztik, 1914ean barrualde guztia suntsitu zuen sutearen ondorioz, eta 1983an uholdeak eragindako kalteen ondoren, bi eraberritze sakon jasan ditu antzokiak. Urteen poderioz gertatutako kaltetzeak konpontzeko ere berritzeak egin dira, nagusiena eta azkena 2000 urtean egindakoa da.

Arriaga antzokia izen bereko plazan dago kokatua. Era guztietako ikuskizunak bereganatzen ditu, batez ere, dantza, antzerkia eta musika, 1.628 ikusentzulerentzako tokia du.

Ibaiaren eta alde zaharraren artean dagoen lursailaren formak eraginda, antzokiak oin trapezoidala du, era honetan San Nikolas elizatik abiatzen den Areatzako boulebarraren diagonala errematatuz. Oinplanoan italiar antzoki-eraikuntzaren bereizgarri den ferra-arku egitura erabili zuen Rucobak, eta ikuslegoa bost eremutan banatzen da; besaulki-patioa, solairu berean dagoen platea, eta solairuak igo ahala, palkua, anfiteatroa eta goialdea. Hala eta guztiz ere, besaulki-patioa kalearekiko 9,1m altuago dago, lehiaketak hala eskatuta, azpian zerbitzu sektorerako lokalak baitzeuden, behe eta tarte-solairutan banatuta, gaur egun "esku-hartzeak" atalean azaldutako aldaketen ondoriz lokal hauek ez dira existitzen. Ikuslegoa antzokira sartzerako orduan, klase diferentziak nabari bereizita geratzen ziren, dirudunak fatxadako bi sarreretatik sartzen zirelako, eta goialdera zihoazenak aldiz, eraikinaren alboetan zuzenean kaleetatik bostgarren solairura dihoazen eskaileretatik igo behar zirelako. Gaur egun larrialdietarako eskailera moduan erabiltzen dira azken horiek.

Fatxada diseinatzerakoan, Frantziako antzokietan lortu zuten inspirazioa, bai Rucobak, Parisko Opera antzokian, eta bai eskulturak egin zituen Jose Solerrek, Renaissance antzokian.

Fatxadari, antzokiaren barruko banaketa isladatuz, tratamendu kurbo-konbexoa ematen zaio erdiko danborrean. Zati honetan balkoi jarrai bat dago apaindura handiko mentsuelan gainean. Azken solairuan, harria imitatzen duten hormigoizko eskulturen artean, frontoi oker bat dago, frontoi honek bere azpian erlojua du. Hiru ordena bereiz ditzakegu: basamentua, sarrera eta solairuetan; fustea, antzokian bertan; eta atikoa, erlojua dagoen gunean. Erdiko zati honen alboetan dorre poligonal bana dago, eta azkenik, hauen kanpoaldean erremate pisu baten ordez erlaitz jarraia duten bi gorputz agertzen dira. Azkenik bi gorputz hauetan eta alboko eta antzeko altxaeretan, erdiko danborrean bezala balkoi jarraituak daude zerbitzuetarako proiektatutako lokalen gainean.

Lehiaketaren oinarrietan eskatzen zen bezala, eta suteei aurre egiteko helburuarekin, egitura metalikoa da. Erabaki hau garai hartako antzoki gehiagotan ere hartua zen arren, Pariseko Operan esaterako, egitura estali egiten zen. Arriagan berriz egitura metaliko begibistan uztea erabaki zuen Rucobak, horrela Bilboko garaiko ekonomiako jarduera nagusienetako baten sinbolo bilakatuz.

Barne dekorazioari dagokionez aipatzekoa da garaiko altzariak eta Errege tapiz fabrikako alfonbrak dituela. Bestalde gainontzeko eremu osoaren dekorazioari kontrajarriz, alargunentzako eraikitako bi palku egin ziren, euren egoerak eskatzen zuen diskrezioa zela eta.

1914 urtean, egitura suteei aurre egiteko burniz eginda zegoen arren, sute batek antzokiaren barnealdea txiki-txiki egina utzi zuen. Hori dela eta Federico Ugalde arkitektoak barrualdea berplanteatu zuen, egitura indartuz segurtasuna haundituz. Estalkiko eskultura erremateak kendu egin zituen. Bost urteren buruan 1919ko ekainean berriz ere antzokia zabaldu egin zen.

1978 urtean udal eskuetara igaro zen antzokia, eta eraikinaren egoera ikusita, istea erabaki zuten. 1980an hasi ziren eraikina berritzeko lanak eta hasiera batetan berritze azkarra izango zela uste zuten arren, hormigoizko egitura berri bat egin behar izan zuten. Lanak luzatu egin ziren eta hortan zirautela, 1983 uholdeek are gehiago kaltetu zuten antzokia.

Uholde honen ondorioz azpiko lokal komertzialak ustu egin zituzten, besteak beste Club Nautikoa, eta eremu hau antzerkiaren parte izatera pasatu zen. 1986 urtean Hurtado de Saracho arkitektoak egindako proiektuak hall bat eta bi aldetarako egiten duen eskailera proposatu zituen. Lan hauen ondorioz Arriagak gaur duen itxura lortu zuen. Antzokiak 1986ko abenduan ireki zituen berriz ere bera ateak.

2000 urtean kanpoaldearen berrikuntza egin zen. Oraingoz hau izan da antzokiak jasan duen azken berrikuntza lana.

Gaur egun antzerkirako erabiltzen da batipat antzokia, Opera eta eskala handia duten lanak Euskaldunan egiten baitira.

  • ARANBURU, Arantza. Ruta geomonumental por Bilbao: estudio de los materiales constructivos de tres edificios históricos : el Teatro Arriaga, el Ayuntamiento y el Palacio de Víctor Chávarri. Bilbo: EHU/UPV, Servicio Editorial, 2009
  • atae.org [web] Ficha técnica. Teatro Arriaga Antzokia. [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 26a]
  • BACIGALUPE, Carlos. Pequeña historia del teatro Arriaga. Bilbo: Caja de Ahorros Vizcaína, 1986.
  • BASAS FERNÁNDEZ, Manuel. Vida y milagros del Teatro Arriaga, 1890-1990. Bilbo : Udaletxeko kultura eta turismo saila, 1990.
  • BILBAO SALSIDUA, Mikel. Teatro Arriaga de Bilbao. La arquitectura como símbolo de un modelo sociocultural. Bilbo.
  • PÉREZ DE LA PEÑA, Gorka. Bizkaiko ondare historikoa. Arriaga Antzokia (Bilbo). Bizkaiko foru aldundia.