Arazurik ondare arkitektoniko zibil garrantzitsua izango luke berez, Beaumontarren jauregi bikaina egon izan ez balitz. Hala ere, "cabo de armería" jauregi hau Nafarroako tipologia honen eredurik azpimarragarrienetako bat da, bertan Nafarroako erdi-aroko jauregien konposizio-gailur altuenetako bat lortu zelako, eta horrexegatik eraikin honen analisi zehatza egingo dugu beste artikulu batean. Arazuriko hirigunea muino txiki baten gainean dago, eta Argaren gaineko ibai-terrazatik luzatzen da. Elizaren ondoan oinplano errektangeluarra duen etxe bat dago, bi solairuekin eta lau isurialdeko teilatuaren azpian. murruak harlanduxkaz egina doaz, luzitu gabe, eta bao guztiak zuzenak dira. Tenpluaren atzean eta frontoi modernoaren ondoan enparantza txiki bat dago, bertan etxe gutxi batzuk lerrokatzen direlarik. Horietako batek, alboko aurrealdearekin, bi solairu gehi ganbara du, hegal luzeko teilatuarekin. Murruak luzitu gabe doaz gaur egun, harlankaitza xehea agerian utziz, baita baoetan eta hormataletako izkinetan jarritako harlanduzko kateak ere. Gertuko beste etxe batzuk antzeko planteamenduak dituzte, baina mendeetan zehar eraldaketa sakonak jasan dituzte.
San Joan kalean malda suabe batean atxikitako etxe batzuk daude. Hiru solairu dituzte, eta horietako lehenengoak luzitu gabeko harlankaitza eta arku beheratuko sarrera du. Bigarrenak bere jatorrizko itxura hobeto mantendu du, eta disposizio hirukoitza dauka, luzitutako hormekin eta harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Atea erdi puntukoa da, eta gainontzeko bao guztiak zuzenak, harrizko karel molduratuekin solairu noblean dauden leihoetan. Aurrerago, enparantza batean, antzeko ezaugarriak dituen XIX. mendeko etxetzar bat ikus daiteke, kasu honetan atea ere zuzena den arren. Marmolezko xafla batetan honako inskripzio hau irakur daiteke: HIZO/ ESTA CASA JUANMART (IÑEN) A/ EL AÑO 1844. Alboko kale txiki batetan garapen horizontaleko eta oinplano zabaleko bi etxe daude. Bi solairu dituzte, eta oso eraldatuak daude. Horietako batek, harlanduxkaz egina, XV. mendeko arku zorrotza du sarreran, giltzarrian armarri lau bat ikus daitekeelarik. Gainean beste armarri bat, barrokoa kasu honetan, txertatu dute horman. Ondoko etxea oso antzekoa da, sarrerako arkua erdi puntukoa den arren.
Elizatik aterata eta ibai-terrazaren ertzetik doan kalean ere etxe noble infantzoiak daude. Aipatuko dugu, hasteko, kalearen hasieran dagoen etxetzar dotore bat. Oso eraldatua izan da, baina aurrealdean XV. mendeko edo XVI. mende hasierako oso dobela luzeak dituen arku zorrotz bat kontserbatu du. Gainean, leiho bikoitz bat ikus daiteke, profil zorrotza duten bi arkutxo finez osatua, moldura aberatsekin. Bolez osatutako zerrenda bat duen euri-babes moduko moldura du gainean, eta atearen garaikidea da zalantzarik gabe. Leiho hau zertxobait desitxuratu zuten armarri barroko bat bertan paratzeko. Goiko pisuan beste armarri bat dago, behekoa baino arranditsuagoa eta dekoratuagoa. Geroago, plaza batetan atxikitako etxe batzuk daude, aurrealde luzeekin eta bi solairuekin, batzuk erdi puntuko atea dutelarik. Gertu, aurrealdea ibaira begira duen jauregi eraldatu bat dago, hari molduratuko erdi puntuko sarrerarekin. Kalearen bukaeran beste enparantza bat dago, bertan dauden etxeek antzeko ezaugarriak erakusten dituztelarik.
- Baselizak
Pérez Ollo jaunak Santa Luziaren baseliza aipatzen du. Ibaitik gertu omen zegoen, eta aspaldian izandako uholde batek hondatu zuen. Santa Maria de la Peñaren baseliza hirigunearen zonalde garaian dago. Erdi-aroko eraikina da jatorriz, XIV. mendean eta estilo gotikoan egina. Oinplano errektangeluar luzea du, eta sarrera Epistolaren aldeko murruan dago. Murruak kalitate oneko harlanduez egina doaz, eta bi leiho dituzte hegoaldeko murruan. Lehenengoa moderno eta zuzena da, bestea bikoitza eta gotikoa den bitartean. Arku zorrotz hiru gingilduna du, gainean koadrifolio bat dagoelarik. Habeartea sabai lau sinple batekin estalita doa. Atea arku zorrotz abozinatua da, lau arkiboltekin. Lehenengo giltzarrian krismoi hirukoiztar bat dago. Arkiboltak zutoinen gainean doaz, landare-dekorazioa daramaten kapitelekin, eta zimazio moduko moldura jarraituarekin. Arkuaren kanpoaldetik euri-babes moduko moldura bat dago. Presbiterioan baselizaren irudi titularra dago, Ama Birjina eta Haurra, erromanista goiztiarra eta XVI. mendean egina. Santa Luziaren mende bereko mukulu biribileko eskultura bat ere ikus daiteke, baita San Frantzisko Xabierkoaren irudi moderno bat.
- San Joan Bataiatzailearen Parrokia
Tenplua erdi-arokoa da jatorriz, XII. mendean eta estilo erromanikoan egina, oraindik kontserbatzen duen portadaren arabera. Hala ere, XVI. mendean eliza berreraiki zuten, oraingo fabrika une honetakoa delarik. Azkenik, arestian errestaurazio bat jasan zuen. Gurutze latinoko oinplanoa du, luzera ezberdineko hiru tarteuneez osatutako habearte bakar batekin, gehi bost hormataletako burualde poligonala. Hirugarren tarteuneari tamaina ezberdineko bi kapera atxikiak doaz, transepto baten moduan. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, eta elizaren oinetan zegoen jatorrizko portada ere kontserbatu da. Pareko murruan koru jasora igotzeko horma-barruko eskailera eta dorrera igotzeko eskailera kiribila daude. Sakristiari dagokionez, burualdearen Ebanjelioaren aldeko murruari itsatsitako oinplano irregularreko gela da.
Murruak harlanduxka irregularrez egina daude, eta barnealdean luzituak doaz. Behar bezalako argiztapena bermatzeko bi errosetoi daude hegoaldeko murruetan, burualdean eta alde bereko alboko kaperan, hain zuzen ere. Oinetako horman beste leiho bat dago, arku zorrotz batekin eta, kanpoaldean, palmetak dituzten kapitelekin. Fabrikaren oinetan, bestalde, koru jaso errenazentista bat egon zen, baina hondatu zen aspaldian. Bakarrik geratu dira giza irudiekin eta munstroekin dekoratutako kapitelak dituzten lau zutabe.
Habeartea XVI. mendeko tertzeletezko ganga batekin estalita doa. Tarteuneak erdi puntuko arku fajoiekin antolatua doaz, eta bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira hormetan txertatutako mentsula batzuen bitartez. Burualdeak ganga izarratu bat jaso zuen. Nerbioak loreekin eta izarrekin dekoratutako giltzarrietatik ateratzen dira, burualdean dagoena izan ezik, bertan bandera bat daraman gion bat landu zuten eta. Alboko kaperak gurutze-ganga sinpleekin doaz, eta sakristiak sabai lau sinplea darama.
Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean eraikia dago, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan ohi den bezala. Fuste motz eta trinkoa du, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao daude. Lehen esan bezala, elizaren oinetan portada erromaniko bat dago, jatorrizko fabrikaren arrasto bakarra. Erdi puntuko arku abozinatua da, profil bereko lau arkiboltekin. Hauek zutabetxoen gainean doaz, bolak, palmetak eta burutxoak dituzten kapitelekin. Epistolaren aldeko murruan XVI. mendeko atea dago, arestian paratutako porlanezko aterpe moderno batekin babestua.
Parrokiak gaur egun galdu den erretaula erromanista bat izan zuen, Martín de Elordik egina. Horren ordez bi erretaula neogotiko eta beste bat neoerrenazentista daude, XX. mende hasierakoak, irudigintza modernoarekin hornituak. Gertu, XVII. mendeko zurezko pulpitu bat ere ikus daiteke. Bataio-pontea, Epistolaren aldeko alboko kaperan kokatua, gaurko fabrikaren garaikidea da, eta fuste prismatiko molduratua du, katilu semiesferiko batekin.
Sakristian, zilargintza lan batzuez aparte, horma-barruko konketa bat dago, erdi puntuko arku batekin babestua, eta jatorri zirkularreko motibo herrikoiekin apaindua. XVII. mendeko erretaula barroko txiki bat ere ikus daiteke. Atal barroko bakarra du, frontoi makur batekin, eta ezkatekin eta landare-dekorazioarekin apainduak dauden zutabeekin antolatua doa. Erdian, trazaren garaikidea den Gurutziltzatu erromanista berantiar bat dago.
- ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko doktoretza-tesia.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 437-441 orr.
- FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 386-387 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 134, 135, 150 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 410-415 orr.
- MARTÍNEZ DE AGUIRRE, J.: "Castillos y Palacios góticos en Navarra". El Arte en Navarra, Pamplona 1994, I. tomoa, 192 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 30 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 216 orr.
- MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 129 zk.
JAS 2009