Arkitektura

Nafarroako Lanzelot infantearen eta Beaumont leinuaren jauregi-gaztelua

Arazuri

Eraikin dotore honek aipamen berezi eta zehatza merezi du. Argaren ibai-terrazan kokatua, ibaiaren ibilgua eta erdi-aroko zubi zahar bat oso ongi menperatzen du. "Cabo de armería" jauregia izan zen, eta Nafarroako erresumako Armeria Liburuan dago (L.A.R.N. 129. zk.), bere armak honela deskribatzen direlarik: "de gules, cabrio combado de oro, entre panelas de oro".



Ver mapa más grande

Eraikin dotore hau epealdi ezberdinetan altxatu zela pentsatzen dugu. Jauregiaren jatorria XI. menderaino iritsiko da zalantzarik gabe, momentu horretan "Araçur" izeneko leinua aipatzen da eta. Hurrengo mendean familia honek garrantzi handia hartu zuen, eta une honetarako dorre edota "sala" moduko bat edukiko zuen hemen, nahiz eta, ziur aski, eraikin zahar horren aztarna ikusgarririk ez den gelditu. Eraikinaren hego-ekialdean dagoen "Dorre Nagusia" izenekoa izan daiteke, gure ustez, jauregiaren zonalde zaharrena. Hau izango zen Karlos III. Nafarroako erregearen sasikumea zen Lanzelot Nafarroakoak erosi zuen eraikina, XV. mendearen lehen laurdenean. Geroago Johan Ibáñez de Monreal erresumako diruzaina eta Bianako Printzearen idazkariaren eskuetara pasa zen, berak zeukan oraindik 1442an, eta beranduxeago Beaumont leinu boteretsuak eskuratu zuen.

Eraikinak oinplano errektangeluarra du, 65 x 52 metrotako dimentsioekin. Formatu ezberdineko lau angelu-dorre ditu, egoitz-atal baxuekin lotuta, eta barla handi bat erdian. Atal baxuetatik bi iritsi zaizkigu, hegoaldekoa eta ekialdekoa, beste bietan murru soilak geratu direlarik. Bestalde, jauregi honek duen tamainagatik, baita dituen osagaien aniztasunagatik, bere murruetan oso aparailu ezberdinak ditu, hala nola estereotomia oneko harlandu handiak edota harlankaitza xehe sinplea. Gauza bera gertatzen da murruen lodierarekin, mendebaldeko murruak dituen 77 zentimetroetatik dorre nagusiak dituen 110 zentimetroetara.

Mendebaldeko murruan irekitzen zen hasiera batean jatorrizko sarrera. Hormatal honen luzera 29 metrotakoa da, eta 7 metrotako altuera du, harlankaitza arruntaz egin zelarik. Hasiera batetan, behar bada, harrizko hegal bat edota zurezko galeria bat zuen barrutik, baina gaur egun, lehen esan bezala, murru sinple bat besterik ez dago. Jauregiaren sarrera ezkerreko muturrean zegoen, ipar-mendebaldeko dorrearen ondoan, baina aspaldian handitu zuten, nekazal makineriaren mugimenduak errazteko. Gaur egun ate errektangeluar handia du, zurezko ateburu batekin. Murruan gezi-leihoen bi hurrenkera ere ikus daitezke.

Ipar-mendebaldeko dorrea osagai babesle bat da batez ere, bai ondoan zegoen atea baita iparraldeko eta mendebaldeko murruak ere saihetsetik babesteko. Edozein kasutan ere, torre itzela da, 16 metrotako altuerarekin eta 11'67 x 12'77 metrotako dimentsioekin, 100 metro karratu inguruko zabalera lortuz. Hiru solairu izan zituen gutxienez, gehi gailurrekoa, almenaduna ziur aski eta behar bada gaztelubegiekin. Oso estereotomia oneko harlanduekin eraiki zen, nahiz eta gaur egun adabakiak eta material pobreagoetan eginiko berreraiketak ikusten diren. Jauregiaren barnealdean dagoen aldean ate bat dago. Orijinala dirudi, eta gaizki kontserbatutako arku beheratu bat darama, sei dobelekin eta giltzarririk gabe. Lehen solairuan, ondoan dagoen jauregiko atea zaintzeko leiho txiki bat dago, baina ez dago beste baorik, eta ondorioz pentsatu behar dugu defentsa bertikala adarbetik burutuko zela batez ere. Jauregiaren kanpoalderantz gelditzen diren aldeei dagokienez, bi gezi-leiho daude lehenengo eta bigarren solairuetan, dorre honen defentsa-funtzioa baieztatuz.

Jauregiaren iparraldeko murru luzea ukuiluekin, lastategiekin edota zalditegiekin okupaturik egongo zen ziur aski, bere orientazio kaxkarra kontutan hartuz. Gainera, badakigu jauregiaren zonalde zigortuenetako bat izan zela gerretan, XVI. mendean berreraikiko zutelarik. Gaur egun murru sinplea eta itsua da, eta bao txiki karratu batzuk besterik ez du.

Ekialdeko hegala 53 metroko luzera du, eta jauregiaren egoitza nobleena izan zen. Bere bi muturrak altueran luzatzen dira bi dorre sortzeko, 13 metrotako altuerarekin, eta 8 metrotako aldeko oinplano karratua dute. Ekialdeko atal hau estereotomia oneko harlandu handiez egina dago erdiko zatian, muturreko dorreak harlanduxka txikiez egin ziren bitartean.

Jauregiaren kanpoalderantz ematen duen murruaren aldean gezi-leihoen hurrenkera bat ikus daiteke, lurretik gertu, jauregiaren aurrean dagoen eremua babesteko. Hobekien kontserbatu direnek tiro egiteko zirrikitu luze eta estua dute, oso ongi egina beraz, eta beranduago kolpeka burututako zulo zirkular traketsak dituzte, su-armen erabilerarako egokitzeko asmoz.

Lehen solairuan zortzi leiho daude. Jatorriz leiho errektangeluarrak ziren, erdiko mainelarekin, Europako XV. mendeko kastellologian maiz agertzen den eredu bat jarraituz. Badirudi erdi-aroko bao bikoitzen eta geroko leiho lauangeluarren arteko iraganeko diseinua dela. Hormataleko erdiko zatian armarri bat ere ikus daiteke. Armak erabat ezabatuta eta galduta dauden arren, Martínez de Aguirrek dio jatorriz Lanzelot Nafarroakoaren armarria zela, eta honek XV. mendeko lehen laurdeneko datazioa suposatuko luke.

Bigarren solairuan gaztelubegien erlaitza jarraitua dago, gehi behatxulo txiki batzuk eta argizuloren bat duen parapeto sendoa, bi isurialdeko teilatu baten azpian. Gaztelubegiak mailakatutako mentsula bozelatu hirukoitzez osatuak daude. Azpimarratu behar dugu, gainera, ez direla gaztelubegi dekoragarriak, Erriberriko gazteluan ikusi ditugunen antzera. Kasu honetan erabat funtzionalak dira, tiro bertikalez azpian dagoen murrua saihetsetik babesteko, irekitako bao defentsiboen bitartez.

Jauregiaren barnealdeko barlara ematen duen atal honen aldeak baieztatzen du bere egoitza-funtzioa. Bao zabalek eta dotoreek azpimarratzen dute bere itxura noble eta zibila. Beheko solairuan ate zorrotz orijinala dago, hegalaren ezkerreko muturrean eta hegoaldeko dorrearen ondoan. Bao zabala da (2'09 x 1'35), eta hamar dobela luze ditu (70 zm.), giltzarririk gabe. Ezaugarri hau, jauregiko beste ateetan errepikatua, ez da trebezia teknikoaren gabeziaren ondorioa, tailerreko berariazko ezaugarri estilistikoa baizik. Hegalaren beste muturrean beste ate bat dago, zuzena eta modernoa.

Hormatalaren erdian harrizko patin bikoitza dago, erdiko erdi-puntuko deskarga-arku baten gainean. Lehen solairuan dagoen ate jasora igotzeko balio du. Atea hari molduratuko hiru dobelez osatutako arku beheratu bat da. Solairu honetan dagoen bao orijinal bakarra da, gainontzeko leihoak zuzenak direlako, nahiz eta horietako batzuk erdi-aroko baoen edota gezi-leihoen handitzetik sortuak izan daitezke.

Bigarren solairuan diseinu bereko bost leiho dotore irekitzen dira. Leiho bikoitzak dira, bi arkutxo zorrotz eta hiru gingildunez osatua. Arkuarteetan moldura triangeluar txikiak daude, alde makur batekin arkuaren formari egokitzeko. Hariak alakatuak daude. Leiho dotore hauek XIV. mendearen bigarren erdialdekoak izan daitezke, edota XV. mendearen lehen erdialdekoak.

Hegoaldeko hegala egoitza bezala erabili izan da duela gutxira arte, bere orientazio onarengatik eta Arga ibaiaren gaineko bistarengatik. Horrexegatik, kanpoalderantz ematen duen murruan tamaina eta forma oso ezberdineko baoekin zulatu dute mendeetan zehar. Gezi-leihoren bat dago, lehen ikusitako XV. mendeko leiho errektangeluar maineldunak, leiho lauangeluar modernoak, etab. Batzuetan, garai bateko markoetako harlanduak leiho berri handiak egiteko berrerabili dituztela nabaritzen da, eta beste batzuetan leihoak erdi-aroko gezi-leihoen handitzetik datozela sumatzen da, batez ere hegalaren ekialdeko muturrean.

Barlara ematen duen aldean, hegal hau nahiko itsu eta trinkoa agertzen da, baina dauden baoak orijinalak direla nabaritzen da. Horregatik, ondorioztatu behar dugu hauxe dela erdi-aroan jauregiak zuen itxura. Beheko solairuan ate txiki eta estu bat ikus daiteke, arku zorrotzarekin eta 8 dobela, giltzarririk gabe ondorioz, jauregiko beste bi ateetan ikusi dugun moduan. Lehen solairuan bi leiho zuzen daude, erdiko mainelekin, eta ongi kontserbatutako kalitate oneko bi gezi-leiho. Tiro egiteko zirrikitu estu eta luzeak ditu, XIII. eta XIV. mendeko frantziar kastellologia hoberenean ikus daitekeen moduan, XV. mendeko su-armen ugaritzea gertatu baino lehen.

Egoitza-atal hau lotuta dago jauregiko dorre nagusiarekin harrizko hesi sinple batez. Murruak ez daude behar bezala uztartuak, eta berreraiketa zahar baten ondorioa dela ematen du. Kanporantz, horma honetan ataka bat irekitzen da ibaiaren gaineko terrazara. Harrizko ateburua du, bi mentsula ahurrekin indartua, eta zaharra da zalantzarik gabe.

Komentatzeko falta zaigun jauregiaren azken osagaia dorre nagusia da, gure ustez eraikinaren gune zaharrena. Oinplano errektangeluarreko dorretzar sendoa da (15'5 x 11,1 m.), 1'10 metrotako murru mardularekin, eta 119 metro karratuko zabalerarekin. Ongi eskuairatutako harlandu onez egin zen, suntsipenen eta berreraiketen aztarnak oso nabarmenak diren arren. Azken berreraiketa ziur aski izan zen Iturgaitz harginak burutu zuena, XVI. mendean, dorre honetan lan egin izan zuela espresuki aipatzen zuelako. Altueran lau solairu ditu, gailurreko adarbeaz aparte, eta gaur egun 18 metrotako altuera du, gutxi gora behera. Barneko egitura, zurezkoa jatorriz, galdu da erabat, eta dorrea gaur egun hutsik dago.

Dorrearen sarrera arku zorrotz bat da, barlara ematen duen aldean irekia. Tamaina onekoa da (1'51 x 1'45), eta 7 dobela luze ditu (59 cm.). Giltzarrian landu gabeko armarri lau bat ikus daiteke, eta arkuak hari alakatua darama. Honetaz aparte, beheko solairu honetan bi gezi-leiho ikus daitezke mendebaldeko eta hegoaldeko murruetan, eta beste bat ekialdekoan.

Lehen solairuan dorre honek badu sarrera orijinal bat iparraldeko murruan. Ate jasoa da, hormaren eskuinean jarrita, beheko aterantz jaitsiko zen zurezko patin baten kokapena errazteko ziur aski. Tamaina handia du, beraz ez zen mendebaldeko hegalera edota zurezko galeriara pasatzeko ate xume bat. Zazpi dobela luze dituen arku zorrotza da, giltzarri garatu batekin. Horma berean leiho noble eta dotore bat ikus daiteke. Kolpeka itxuragabetu duten arren, hiru gingilduna zela sumatzen da. Leihoburua harri bakarrekoa da, eta bi moldura triangeluar ditu, alde makur batekin arkuaren formara egokitzeko. Barnealdean horma-barruko harrizko jarralkiak ditu. Ekialdeko murruan gezi-leiho bat dago, ezkerreko angeluaren ondoan, eta beranduago irekitako ate trakets bat. Bao honen azterketa zehatz batek, hala ere, leiho gotiko zahar baten handitzetik datorrela erakusten du, goitik ikusten den deskarga-arku beheratuak frogatzen duen bezala. Ziur aski jatorriz ez zegoen beste eraikin atxikirik, eta horregatik leiho eta gezi-leihoa ireki zituzten. Baina alde honetatik beste hegal bat itsatsi zenean, lehengo bao zahar horiek bere jatorrizko funtzioa galdu zuten. Mendebaldeko murruan bi gezi-leiho txikiek babesten dute jauregia eta elizaren artean dagoen lur eremua.

Bigarren solairuak egoitza-funtzioa zuen. Barlara begira dagoen iparraldeko horman tamaina oneko leiho bikoitza dago. Arku hiru gingildunak ditu, nahiko itxuragabetuak. Murruaren lodiera soluzionatzeko ohiko deskarga-arku beheratua du, horma-barruko bi jarralkiekin. Ekialdeko murruan ate jaso bat dago. Altuera honetan ate bat paratzea printzipioz arraroa suertatzen den arren, orijinala da zalantzarik gabe, markoa osatzen duten harlanduak oso ongi uztartuak daudelako hormatalean. Ate txiki eta estua da, simetrikoki kokatutako harlanduekin, eta bi mentsula ahurrekin indartutako ateburu batekin doa. Baoaren inguruan lau metxinal txiki daude, zurezko egitura bati eusteko zalantzarik gabe, behar bada kadalso bat, balkoi bat edota zurezko patin bat. Ate honetatik aparte, murru honetan leiho txiki bat ere ikus daiteke, erdi puntuko arkuarekin eta barruko jarralki batekin. Hegoaldeko murrua itsu eta trinkoa da solairu honetan ere, nahiz eta ate estu eta txiki bat ikus daitekeen, metxinal ugari utzi dituen zurezko egitura handi batetara ateratzeko. Elizara begira dagoen mendebaldeko murruari dagokionez, tamaina txikiko bi leiho ditu, dintelatuak eta jarralki bakar batekin barruan.

Hirugarren solairuak ere egoitza-funtzioa izan zuen, garrantzi handiko paper defentsiboa ere jokatzen zuelako, geroxeago ikusiko dugun bezala. Iparraldeko murruan solairu honek ez du leihorik, baina bai defentsarako harrizko balkoi gaztelubegidun handia. Balkoi gaztelubegidun hauek, "txapitula" izenarekin ezagunak ere (erdarazko buharda edo ladronera deiturikoak), ohiko osagaiak dira XIV. eta XV. mendeko europar kastellologian, eta azpian dagoen ate baten defentsa bertikalerako kokatzen zituzten normalki, kasu honetan gertatzen den bezalaxe. Ekialdeko murrua itsu eta trinkoa da solairu honetan, hegoaldean bi leiho irekitzen diren bitartean. Lehenengoa bao sinplea da, eta leihoburuan arku zorrotz hiru gingilduna landu dute. Haria alakatua du, eta arkuarteetan lehengo solairuko leihoan ikusitako moldura triangeluar berdinak daude. Bigarren leihoa handia da, bi piezatan banatua doan leihoburuarekin. Dintelari eusteko zutabetxo bat paratu zuten, harroin molduratuekin, fuste zilindrikoa eta apaingarri figuratiborik gabeko kapitelarekin.

Hirugarren solairu honen gainean gailurreko maila dago, gaztelubegiez osatutako erlaitza batekin. Iparraldeko murru osoa hartzen du, baita ekialdeko murruaren erdia eta mendebaldeko hormatalaren ezkerreko angelua ere, baina falta da gainontzeko guztia. Kontserbatu den zatia bat dator dorrearen fabrikatik kontserbatutako zati orijinalarekin, baita barruko barlara ematen zuenarekin, hau da, hobekien babestua dagoenarekin. Ondorioz, pentsa dezakegu XVI. mendean egin zen berreraiketan ez zela adarbea errestauratu. Ez dago parapetoaren arrastorik gelditu, ezta almenena edota merlonena ere, eta gaur egun ezin dugu jakin terraza batekin zihoan edota estalkiren bat ote zuen.