Literatoak

Mendiburu, Sebastian

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Oiartzun, 1708-1782.

Oiartzunen, Altza txiki baserrian, jaio zen Sebastian Manuel Mendiburu Olano 1708ko irailaren 8an Pedro Mendiburu eta M. Juana Olano oiartzuarren zazpi seme-alaben arteko nagusi. Hamazazpi urte betetzeko zituela Loiolara jo zuen jesuita sartzeko asmoz. Handik bi hilabetera, josulagun anaia ikasletzat onartzen zutela erantzun ziotenean hasi zen bere eliz bizitza, eta lehenago Agustin Kardaberazek eta Manuel Larramendik egin bezala Villagarciako ikastetxera joan zen bi urteko nobizio-aroa egitera. Ondoren "zinitzak" egin eta Burgosko ikastetxera igorri zuten. Urtebetez Gramatika irakasten aritu eta Medina Kanpoko (Palentzia) josulagunen ikastetxean egin dituen filosofiako ikasketak 1728 eta 1730 bitartean. Hurrengo urtean Salamancako Errege-Ikastetxera joan zen lau urteko Teologia ikasketak egitera. Hirugarren urtea amaituta, 1734ko azaroaren 7an apaiztu zen eta 1735n, Salamanca utzita, Valladolideko San Ignazio ikastetxean egin zuen josulagun apaiztu berriek apaiz lanetan hasi aurretik ikasten eta gogo jardunak egiten eman behar duten urtea.

Ikasketak bukatuta Loiolara bidali zuten apaiz lanak egitera, baina ez luzarorako laster eman baitzioten Nafarroara joateko agindua. 1737an Iruñeko jesuiten ikastetxean zen irakasle: Gramatika, Logika, Teologia, Metafisika, Fisika...Bestek lehenago sakondua irakasten eta baita berak irakaskuntza lanean laguntzeko tratatuak idazten. Honelako hainbat lan egin zituen, orduan ohi zen bezala latinez eta guztiak Filosofia eta Teologia gai zutela. Lehen liburua ,Cursus philosophici prima pars continens physicam, idatzi zuen urtean, 1743an egin zituen azken lau boto nagusiak.

1741ean etxeko nagusiorde izendatu zuten. Baina misiogintzan nabarmendu zen batik bat; Jesusen Bihotzaren Debozioa piztu nahirik, misioen euskarrirako kongregazioak sortzen, dantzen kontra mintzatzen 30 urte luzetan. 1745an aita probintzialak Loiolara joateko agindu zion.Urte hori darama azalean latinez ondutako bigarren liburuak: Tractatus de anima.

1745ean Loiolan ziren Mendibururen lehengusu J. Lekuona oiartzuarra, eta Manuel Larramendi eta Agustin Kardaberaz. Larramendik urte horretan argitaratu zuen bere hiztegia, baina urte horretan bakarrik izan zuten aukera elkarrekin bizitzeko. Urtea guztiz emankorra gertatu zitzaion Mendibururi: hantxe mamitu zuen bere lehen euskal liburua, Jesusen Bihotzaren devocioa, 1747an lehen aldiz argitaratu zena. Baina 1746an nagusiek berriro bidali zuten Iruñera. Teologia irakasle aritu zen bederatzi urtez, baina, aldizka, beste ardura batzuk hartu zituen: Erretorearen kontseilaria hiru urtez (1750-1753), jesuiten etxeko aitor entzulea...eta artean misioak egitera ateratzen zen Nafarroan eta Gipuzkoan. 1755ean Madrila joateko agindu zioten Iruñean frantsesek San Ignazio zauritu zuten lekuan Gogo-jardunak egiteko etxea altxatzeko baimena lortzera. Bertan eman zuen urte eta erdian 1760an argitaratutako bigarren euskal liburua burutzeko beta izan zuen: Jesusen amore-nequeei dagozten cembait otoitz-gai. 1756ko bukaeran Iruñean zen berriro, lehenagoko lanetan eta batez ere misioak egiten Nafarroan, Gipuzkoan eta Euskal Herriko Iparraldean. XVIII. mendean oraindik sortu gabe zen Jesusen Bihotzaren Debozioa-ren inguruko bilerak eta kongregazioak pizten ibili zen beste josulagun batzuekin, haien artean A. Kardaberaz. Hizlari ona izateko berezko dohainak zituen; hizkuntza errotik menderatzen zuen, etorri handikoa zen, argia eta trebea.

1764rako bukatua bide zuen kristau dotrina luzea prestatzeari eman zion denbora baina ez zuen lana argitaratua ikusterik izan, erbesterako bidea hartu baitzuen. Espainiako errege Karlos III.ak 1767ko apirilaren 2ko agiri batez Espainiako erreinuan, Ameriketako koloniak barne, bizi ziren 6000 inguru jesuitek lur haietatik alde egiteko agindu zuen. Mendiburu, Kardaberaz, Elkanoko Lizarraga eta beste jesuitek alde egin behar izan zuten Italiarantz egun batzuk Donostiako presondegian eman ostean. Vatikanora heldu eta ez zituztenez onartu Korsikarantz bidali zituzten. Erbesteratuok guztiz aldatu behar izan zuten eliz bizimodua 1773an Aita Santuak jesuitei erabat debekatu baitzien konfesatzea, predikuak egitea, irakastea... Ikasten eta idazten eman zituen urteok Mendiburuk. Erbestean ondu zituen argitaratua ikusteko aukera izan ez zuen Igande eta festa-egunetaraco iracurraldiac, 1982an P. Altunak kaleratua, eta beste hainbat. Deserriak ernaldurik baina sortu gabe zituen hainbat ekimen zapuztu zituen, baina ez zuen sorterriarekiko lotura eten J.B. Agirre Asteasuko erretorearekin gutun bidezko harremana izan zuen eta Euskal Herrira eta lehengo lanetara itzultzeko itxaropena ez zuen inoiz galdu. Ez zuen lortu baina. Bolonian hil zen 1782ko uztailan.

Ez dago zehazki jakiterik zein lan idatzi zituen. Batzuk bizi zela ikusi zituen argitaraturik, baina beste batzuek ez zuten moldiztegirako bidea hartu harik eta hil zeneko bi mende igarota Manuel Lekuona, Koldo Mitxelena eta Patxi Altunak Sebastian Mendibururen lanak denon esku jartzeko ahalegina egin arte. Badira oraindik eskuizkribu dirautenak, eta aurkitu ez direnak bere berri idazleak berak eman ala beste idazle batzuen lanetan aipatzen diren arren.

Mendiburuk euskaraz eta latinez idatzi zuen batez ere; helburuen arabera aukeratu zuen hizkuntza. Lehen lanak, filosofia eta teologia gai duten irakaskuntzarako tratatu edo testu liburu modukoak latinez egin zituen: Cursus Philosophici Prima Pars continens Physicam (1743), Tractatus de anima (1745), Tractatus de Fide divina (1749), Tractatus theologicus de Spe et Charitate theologicis (1750), Tractatus theologicus de aeterna hominis beatitudine (1751),Tractatus theologicus de merito vitae aeternae (1753), Tractatus theologicus de meritis Christi Domini...(1754). Euskaraz eskolatik kanpoko kristau hezibidekoak ondu zituen, eta gaztelaniaz ere bai argitaratu ez diren lanak: Gogo jardunak, misioak egiteko langaiak...

Literatura ez zen bere helburua idazterakoan, ezta euskara gorestea ere. Fedeak eta erlijioak bultzatu zuten. Elizgizon euskalduna zen eta bizi zuen egoerak kezkatzen zuen, erlijio libururik apenas baitzegoen euskaraz; gutxiago Hegoaldean. Predikariek eta gainerako kristauek beharrezkoak zituzten bere hizkuntzan idatzitako lanak. Eginbide horretan Manuel Larramendi azpimarratu behar da, bere garaikoak euskaraz idaztera bultzatu ez ezik, tresnak ere eskaini baitzizkien. Mendiburu, neurri batean tresna horiezaz baliatuz aritu zen haren asmoak egitate bihurtzen. Euskaraz eginiko lehen liburua, Jesusen biotz maitearen debozioa (1747) lantxoa, bi aldiz argitaratu zen idazlea bizi zela. Datu honek garaian izan zuen ospe eta harrera onaren berri ematen du, egilearen sermolari lanaren ondorio aurki. Hirugarren edizioa J.I. Aranak ondu zuen 1882an, idazlearen heriotzaren lehen mendeurreneko ospakizunetarako eta gerora edizio gehiago ere izan ditu. Lanari ekiteko arrazoia eta helburua hitzaurrean garbi esanak daude: Jesusen bihotzaren debozioaren berririk euskaraz ez duten euskaldunoi aukera hori jarri nahi izan die eskura kongregazio-bilerek ez baitute iraungo otoitz egiteko liburu lagungarriak izan ezik. Bestalde, predikariek eskatu diote eskura diezaien euskaraz ongi aritzeko lagungarria. Hasieratik aitortzen du liburuaren originaltasun eza, latina, gaztelania zein frantsesa menperatzen dutenok hizkuntza horietan ikus eta ikas dezaketena erakusten baita liburuan. Eta honez gain: "liburua ez da gucia nerea, ez era befterena ere....;beguietan iduqui dut gueyenean, Jefuf-en Conpañiaco Aita Juan Croifetec devocio bera-ren gañean eguin zuena".

Azalpen hauek ez ezik, moldapenean izandako oztopoak eta nola jokatu duen ere adierazten du; hizkera bera hautatu eta egokitu behar izan duela, bai lexikoan, bai hizkera-mailan. Tradizio idatzirik ia ez duen euskalkian idazten du, giputz-nafarreran, baina ulerterraztasuna burutik kendu gabe, hiztegi kontuetan giputzek eta nafarrek antzekoen dauzkaten hitzak aukeratuz eta behar izan duenean erdaratik mailegatuz. Hizkera maila egokitu behar izan dio euskaraz eskolatua ez dagoen euskaldun irakurleari. Ezaugarri hau goraipatu izan dute gerora euskal literaturaren kritikariek batzuen ustez Mendibururen idazkera geza samarra geratu bada ere.

Jesusen amore-nequeei dagozten cembait otoiz-gai (1760) Madrilgo egonaldian mamitu zuen aurreko lanaren osagarri eta euskarri izateko: "Kongregazioen kargudunei lagundu nahiez eta beste euskaldun guztien onerako". Laurogeita zortzi meditazio edo otoitz gai eskaintzen dituen lan honek bi argitaratzeko modu izan zituen, hamaika liburuxka txikitan eta hiru liburu handixkotan hau izanik aipatuena 1982ko Altunaren edizioko lanak agertu arte.

Debozio liburua dugu hirugarrena, Euscaldun onaren viciera, mezaren entzun-vide labur erreza, errosarioco amarrecoen asiera eta cembait bederatz-urren edo novena, erbestera joan baino lehen Iruñean 1762an argitaratua eta 1765an beste argitaraldi bat izan zuena.

Eskuizkribuak ere franko utzi zituen argitaratzeke. Batzuk, galdutzat eman beharko dira seguru aski, baina gorde ahal izan direnen artean badira atalak falta dituztenak; Irakurraldietako batzuk esaterako eskas dira. Lan hauek berreskuratzen ahalegin handia egin du P. Altunak. Bi liburukitan argitaratu zituen hainbat, batez ere Loiolako artxiboan zirenak, 1982an Mendibururen heriotzaren bigarren mendeurrena zela eta egin zioten omenaldirako: Aita Sebastian Mendibururen idazlan argitaragabeak. Lehen liburua eta Aita Sebastian Mendibururen idazlan argitaragabeak. Bigarren liburua. Lehenik Loiolan aurkitu eta egiletzat makina bat duda sortarazi zuen Asteteren dotrinaren euskal itzulpena Kristauaren Dotrina izenekoa jarri du, Mendiburuk Italiara joan aurretik idatzia eta Larramendik aldatu, zuzendu eta osatua. Italiako atzerrialdian mamitutako urte guztiko igande eta festa egunetarako irakurraldi, sermoi eta antzekoak ere badaude lehen aldiz argitaratuak, Altunak Irakurraldiak izenaren pean bilduta, eta San Frantzisko Xabierren bederatziurrena, 1767an, Italiara alde egin behar izan zuten urtean egina. Altunarena baino lehen bi argitaraldi izan zituen gutxienez 1880an eta 1922an. Edizio kritikoaren azken lana Larramendiri gaztelaniaz eginiko gutuna da "Larramendiren zentsurari erantzuna"; testu oso jakingarria idazlearen nortasuna, isuria, Mendiburu eta Larramendiren arteko harreman gorabeheratsuak, XVIII. mendeko ohiturak... eta abarren berri izateko.

Idazlanen arloa bukatzeko azken bat aipatu behar da. Idazleak berak dio 1764rako amaitua zuela ia mila orrialdeko, Kristau Dotrina. Buruhauste nahiko izan zituen argitaratzeko nagusien baimenak (Larramendirena tarteko) zirela eta. Azkenik, kaleratzeko zela, jesuitak deserrira erauzi zituzten eta bertan bera geratu zen, oraingoz behintzat galdutzat eman behar delarik.

Mendiburuk ez zuen gogoko itsumustuan jokatzea. Larramendik Jesusen biotz maitearen debozioa lanaren gorazarre gutunean zera gomendatzen dio: "Atera ezazu beraz zure liburu hori, eta lehen bana ezazu euskalerrietan ...Uste duzun baino on gehiago egingo diozu Euskal Herriari". Izan zuten baina, liskarbide gaitzik ere Mendiburuk nahiago baitzuen jendeak aisialdia kongregazio edo bileretara joanez ematea dantzan eta olgetan baino. Gai eta heziketa asmoari dagozkion ardurekin batera hizkuntza ardura ere nabaria da idazlearengan. Euskal liburu faltari egozten dio hiztegiaren gutxitzea eta euskal hizkeren bereizketa eta zatiketa, honekin batera ulermen zailtasuna azaleratuz. Egoera horrela "Non nai adi ditezqueanac billatu" dituela argitzen du eta "eufcarazcoac utciric, befte cenbait hitz." hartu dituela. Baina idazlearen estilo zaindua kalteturik agertzen da Mitxelenaren ustetan (2001, 98) idazlanen indar eta kemen faltagatik, eta behin eta berriro irakurlearen sentipenei eginiko dei nekaezinagatik. Gaien ondoko argudiatze luzeak eta azalpen, adibide zein latinezko aipamen ugariek luzatu egiten dute atalen garapena. Onartu behar zaio ordea ordura arte urriki idatziriko hizkera dotore darabilela. Irakatsi nahia da idazlea bultzatzen dutenetariko arrazoietako bat, eta nahi horrek bere azalpenak ahalik eta argien agertzen bultzatu du.