Literaturakoak

Jesusen Bihotzaren devocioa (1747). Sebastian Mendiburu

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Hauxe dugu Sebastian Mendiburuk (Oihartzun 1708 - Korsika 1782) idatzitako lau idazlanetatik lehena. Jesusen Lagundiko apaiz honek Larramendiren lanari eta bultzadari jarraiki ekin zion euskaraz idazteari. Bere jaioterriari eta misiolari lana garatu zuen eskualdeari zegokion modu-moduan, goi-nafarreraz idatzi zuen lan hau, XX. mendera arte euskalki honetan idatziriko lan bakanenetarikoa berau izanik.

Liburuxkak tamaina txikiko 392 orri ditu. Argitaraldi bi izan zituen garai hartan, 1747an lehena eta 1751ean, Irunako P.J. Ezquerroren etxean, bigarrena. Datu honek eskuliburuak garai hartan izan zuen ospe eta harrera onaren berri ematen digu, egilearen sermoilari lanaren ondorio aurki. Azterlan honetarako bigarren argitaraldiko ale bat erabiliko dugu, 1751ekoa hain zuzen ere.

Eskuartean dugun idazlana "buru"-tan banaturik ageri zaigu. Lehen "buru"-an bederatzi atal aurkezten zaizkigu. Bigarrenean bost dira atalak, aurrekoan baino luzexeagoak. Hurrengoan bederatzi datoz, eta azkenerako hamabiko zerrenda ematen digu bukaerako aurkibideak. Bada, hala ere, aurkibidean zenbaturik agertzen ez den hamahirugarren atal bat, bederatziurrenak gaitzat hartzen dituena.

Aurkibidearen ostean, liburua zabaldu bezain laster, irakurri eta bertan esandakoa egiten dutenentzat, Irunako apezpikuak eginiko induljentzia eskaintza dakusagu. Ondoren, idazleak eginiko oharra dator, zeinetan nabarmena den Jesusen Bihotzaren debozioko kongregazio kideentzat eta bestela ere Jesusen Bihotzaren debozioa dutenentzat gida eta laguntza liburua izateko asmoa. Hasieratik aitortzen du idazleak liburuaren originaltasun eza, latina, gaztelania zein frantsesa menperatzen dutenok hizkuntza horietan ikus eta ikas dezaketena erakusten baita liburu honetan. Eta honez gain: "liburua ez da gucia nerea, ez era befterena ere...; beguietan iduqui dut gueyenean, Jefuf-en Conpañiaco Aita Juan Croifetec devocio bera-ren gañean eguin zuena". Bestalde, bere garaian hedaturiko herri xehearen heziketa asmoari jarraiki eginikoa dela ere zehazten da: "Neque andiric gabe norc nai adi ditzaquean moduan epeñi ditut, nere uftez, han modu eder goratuan, guizon adituentzat eguiñac bezala dauden gauzac." Eta horren ondorioz, lanari egoki zeritzon ordena aldaketa egin diola aipatzen du idazleak.

Gai eta heziketa asmoari dagozkion ardurekin batera hizkuntza ardura ere nabaria da idazlearengan. Hori dela eta, euskal liburu faltari egozten dio euskal hiztegiaren gutxitzea eta euskal hizkeren bereizketa eta zatiketa, honekin batera ulermen zailtasuna azaleratuz. Hortaz, "Non nai adi ditezqueanac billatu" dituela adierazten digu, eta "eufcarazcoac utciric, befte cenbait hitz." hartu dituela.

Ohar hauen ondorioz, eta Irunako apezpikuaren gomendioaren ostean, Aita M. Larramendik egileari eginiko gutuna ageri da. Gaiari buruz eginiko iritzi onez gain hizkuntzaz eta bere erabileraren garrantziaz luze ari da Larramendi, euskal hiztunentzat erlijio liburuak eta azalpena euskaraz idazteak duen garrantzi handia nabarmenduz.

Idazlanetarako behar besteko maila izango duen hizkuntza garatzearen garrantziaz ari da, eta baita hizkuntza osotua lortzeko bertakoak ez diren gaztelaniako, latineko zein frantseseko hitzak erabili beharraz, ezen Larramendiren ustean, horrek ulermena eta edozein eratako gaiak aztertu eta lantzeko aukera ematen baitu.

Maisuak idatziriko hitz kementsuen ostean dator "Lembicico burua", non "Cer den ta zeiñ ona Jefus-en Bihotzaren devocioa" ageri baiten. Batez ere galdera-erantzun erara antolaturiko sail honetan, gaiaren alde desberdinei ekingo dio bederatzi ataltxotan zehar. Heziketa asmoari jarraiki, arrazoi mota desberdinak eta luze argudiatutako erantzunak ematen ditu idazleak. Argitasuna helburu izanik, argudio eta erantzun bakoitza zenbatutako paragrafoetan emango du, garrantzi gehienetik gutxienera ordenatuta, eta adibide eta istorio asko emanik, azalpenak arinagoak eta argiagoak izan daitezen herritar arruntentzat.

Berdin antzean antolaturik dago "Bigarren burua", "Cer den Jefus-en Bihotza-ren devocioac gure aldetic efcatcen duena?" argitu nahi diguna. Izenburuan aipaturiko eskakizunak bost ataletan banatzen ditu, eta hauetariko batzuk azpiatalak dituzte. Aurreko "buru"-an legez, azalpen eta argudioak argi adierazteko asmoz, paragrafoak zenbatuta ematen ditu.

Berdin jokatuko du hirugarren eta laugarren "buruak" antolatzeko, baina lehen hiru sailetan gaiaren inguruko azalpen adibide eta argudioetan barna aritu izan bada, hurrengo honetan zeregin praktikoei ekingo die batez ere. Horrela, atalak ugariago eta laburrago izango ditugu eta bertan debozioan parte hartzeko ekintzak, kongregazioak izan behar dituen karguak eta zereginak, eta urte osorako proposaturiko otoitz eta bederatziurrenak zehazten ditu.

Mitxelenaren ustean (2001: 98), idazlanen indar eta kemen faltak eta behin eta berriro irakurlearen sentipenei egindako deiak idazlearen estilo zaindu eta fina kaltetzen du. Iritzion aurkako argudiorik ez badugu ere, egia da gaien ondorengo argudiatze luzeak eta azalpen, adibide zein latinezko aipamen ugariek luzatu egiten dituela atalak. Onartu egin behar zaio idazleari, bestalde, ordurarte urriki erabilitako hizkera maisuki darabilela Mendiburuk, eta sermoilari ohituraren bati jarraiki hartutako luzamenduek ez diotela adierazi eta irakatsi nahi duen mezuari oztoporik egiten. Irakatsi nahia da idazlea bultzatzen duten arrazoietako bat, eta nahi horrek indartzen du aurkezpen eta atalak ahalik eta argien eta errazen aurkezteko asmoa, darabilen hizkuntza ere irakurleari erraztasunak ematearen gogo horren parte delarik.