Pintoreak

Larrinaga Ibarra, Luis de

Pintorea. 1923ko maiatzaren 1ean jaio zen Bilbon. Jaioterrian hil zen 2006ko abenduaren 21ean.

Artista autodidakta izan zen eta, besteak beste, Vicente Larrea, Juan Manuel Alberdi, Remigio Mendiburu eta Nestor Basterretxea sortzaileak izan zituen garaikide.

Luis Larrinagak oso gazte hasi zuen ibilbide profesionala, Metalarte enpresarentzat eta Fher editorialarentzat marrazkiak eginez.

Berehala bide hori utzi eta ibilbide independenteari ekin zion. Garai horretan, bereziki miniaturazko pintura egiten zuen eta arrakasta itzelak lortu zituen, batez ere Bartzelonan (Syra, Augusta eta Fayans Catalán galerietan) eta Madrilen (Kebos galerian).

Diziplina hori alde batera utzi eta, azkenik, formatu handirako jauzia egin zuen. Horrela, olio-pintura nahiz akuarela izan ziren bere joera nagusiak. Izaeraz geldiezina izaki, adierazpen artistikoaren barnean bide berriak jorratu zituen, esate baterako, eskultura, grabatua, ilustrazioa, kartel-pintaketa eta argazkilaritza estereoskopikoa.

1948an Maria del Carmen Cabañasekin ezkondu zen "Larry". Hiru alaba eta lau seme izan zituzten. Bere emazteak erabateko babesa eskaini zion. Horri esker, karrera artistikoan murgildu ahal izan zen buru-belarri.

Euskal Herriko paisaia bere lehen obren isla bikaina dira. Bertan bereizgarria eta espezifikoa dena nabarmendu zituen. Hori XX. mendearen lehen hamarkadetako euskal pinturaren korronte inpresionista eta kostunbristaren ezaugarri funtsezkoa da.

50eko hamarkadan euskal gaia azaltzen zuten zenbait postal kaleratu zituen Fournier editorialarekin batera. Postal horiek erreferente bihurtu ziren frankismoa gori-gori zegoen garai batean. 1969an "Nora Zoaz?" izeneko euskarazko metodoa ilustratu zuen. Lan horretan trebetasun anitzeko artista zela erakutsi zuen, izan ere, kolore eta freskotasunez betetako marrazkiak egin zituen.

70. hamarkadaz geroztik Luis Larrinagak geometriari "esenzializazio formal" izendatu zuen erabilera bat eman zien bere sormenei. Ondoren, paisaiaren ikuspegi arras kolorista eta espresionista batekin jarraitu zuen. Luis de Lazaro Uriarte arte-katedradunak Bilboko "fauve" izendatu zuen.

1985ean Tonettiren eskultura egin zuen. Lan horri esker, eskultore trebetasuna aitortu zitzaion. Une horretatik aurrera, pinturarekin batera eskultura landu zuen.

Artistak ia heriotza iritsi zitzaion arte jarraitu zuen lanean. Izan ere, 2006ko abenduaren 21ean zendu zen, asmo handiko proiektu batean lanean ari zela: Miguel de Unamuno idazle eta filosofoaren busto handi bat ari zen prestatzen, 2010eko martxoan Bidarteko lorategietan ezarri zena, Deustu-Bilbon.

1992an eskaini zuen elkarrizketa batean pintoreak berak adierazi zuenez: "Zilegi da erretiroa hartu eta pintzelak gordetzea, baina pintatzen jarraituko dut azkenera arte, niretzat ezinbesteko premia baita".

Banakako erakusketa garrantzitsuenak:

  1. Syra (Bartzelona, 1947 eta 1949)
  2. Augusta galeria (Bartzelona, 1948)
  3. Fayans Catalán (Bartzelona, 1948)
  4. Kebos galeria (Madril, 1949)
  5. Villares-Toro galeria (Madril, 1973)
  6. Mikeldi (Bilbo, 1973)
  7. Arte aretoa(Bilbo, 1975 eta 1977)
  8. Decar (Bilbo, 1976)
  9. Espin galeria (Bilbo,1978)
  10. Caledonia (Bilbo, 1979)
  11. Uranga galeria (Bilbo,1980)
  12. Euskadiko Kutxa (Bilbo,1981)
  13. Arteta galeria (Bilbo,1983)
  14. Casa Alavesa (Bilbo, 1984)
  15. Luis de Ajuria aretoa(Gasteiz, 1989)
  16. Hispanoamerikako Ikastetxe Nagusia (Madril, 1991)
  17. Los 4 Arrue galeria(Bilbo,1992).

Erakusketa kolektibo garrantzitsuenak:

  1. Akuarelaren IV. Areto Nazionala (Bilbo, 1963)
  2. Akuarelaren Nazioarteko Aretoa, Isalo Arte (Bilbo, 1971)
  3. Akuarelako "Valladolid" Sari Nazionaleko Erakusketa (Valladolid, 1972, 1975 eta 1976)
  4. "5 Pintores Vascos" Andrea galeria (Gasteiz, 1975)
  5. "Siete plásticos" Studio 75 (Algorta-Getxo, 1975)
  6. Pintura eta Eskultura Erakusketa, Alkartasuna Elkartea (Mungia, 1973)
  7. Euskal Akuarelisten Elkarteak egindako XXII. Erakusketa, Caledonia (Bilbo, 1974)
  8. "6 Acuarelistas Vascos", Aküarella galeria(Madril, 1976)
  9. "Euskal Margolarien Erakusketa" (Zarautz, 1976)
  10. "El Paisaje", Iberdueroren Kultura Aretoa (Bilbo,1980)
  11. "Kultur Egunak", Gizarte Etxea (Arrankudiaga, 1980)
  12. Euskal Akuarelisten XXXIII. Erakusketa, Kultura aretoa (Durango, 1980)
  13. Euskal Akuarelisten XL. Erakusketa, Kultura aretoa (Durango, 1981)
  14. Euskal Akuarelisten 50. Erakusketa, Banco Bilbao (Bilbo, 1981)
  15. Euskal Akuarelisten LIII. Erakusketa, Erakustazoka (Bilbo, 1982)
  16. Euskal Akuarelisten LIV. Erakusketa, Expobask (Bilbo, 1982)
  17. Karrantza Haraneko Pintura Museoa (Karrantza, 1982)
  18. Euskal Akuarelisten LVI. Erakusketa, Casa Alavesa (Bilbo, 1983)
  19. "Salon des Nations", Centre International d'Art Contemporain C.I.A.C. (Paris, 1984)
  20. "9 Acuarelistas Vascos", Arkupe galeria (Hondarribia,1984)
  21. Akuarelako Erakusketa Nazionala, Banco Bilbao (Bilbo, 1984)
  22. Gosearen aurkako Kanpainaren aldeko Euskal Artistak, Banco Bilbao (Bilbo,1986)
  23. Gosearen aurkako Kanpainaren aldeko Euskal Artistak, Arabako Probintziako Aurrezki Kutxa (Gasteiz, 1987)
  24. Euskal Akuarelisten LXXV. Erakusketa, BBV (Bilbo, 1988)
  25. "Acuarelistas Vascos, 50 años de actividad artística", Juan Larrea aretoa (Bilbo,1994)

Eskultura garrantzitsuenak:

  1. Tonettiren eskultura Kasilda Andrearen Parkean (Bilbo, 1985).
  2. Gerhard Bähr filologoaren burua Europako Herrien Parkean (Gernika, 2001).
  3. Unamunoren burua (hil aurretik egindako azken lana) Bidarteko lorategietan (Deustu-Bilbo, 2010).