Peñafloridako kondea.
Gipuzkoako pertsonaia ospetsua, Peñafloridako kondeen leinuko kidea. 1729ko urriaren 23an jaio zen Azkoitian -San Martin de Iraurgui zaharrean-, txikia izan arren, garai hartan, dagoneko Gipuzkoako herri garrantzitsuenetako bat zena. 1785ko urtarrilaren 13an hil zen Bergaran.
Francisco de Munibe e Idiaquez eta Maria de Idiaquez e Insausti zituen guraso; aitaren aldetiko aiton-amonak Francisco Antonio de Munibe Ugalde eta Luisa de Idiaquez Zaldivar zituen eta, Antonio de Idiaquez y Eguia eta Luisa Maria de Insausti e Ibarra amaren aldetik. Guztiak euskal aristokraziako familia itzaltsuetan hazitakoak, eta aipagai dugun Muniberen biografian agertzen diren elementu batzuei so, haren arbasoen artean santuak (Ignacio de Loyola edo Francisco de Xavier) eta Frantziako, Normandiako eta Nafarroako erregeen dinastiako kideak ere aurki daitezke. Jaio zen egun berean bataiatu zuten gure Munibe eta kristautzerakoan Francisco Xavier, Maria, Jose, Francisco, Joaquin, Felipe, Felix, Jacinto eta Ignacio izenak hartu zituen.
Oso dokumentu gutxi dago bere haurtzaroari buruz, dena den, badakigu bere jaioterrian bizi izan zela, Azkoitia erdian eta ibaitik hurbil zegoen "Dukeko etxea" edo Etxe Beltza delakoan. Halaber, badakigu bere familia leinu paregabe batekoa izan arren, inor ez zela bere heziketaz arduratu eta Jesuiten ikastetxera bidali zutela heziketa jaso zezan. Han, gizarte-maila orotako adiskideak ezagutu zituen eta lehen letrak, gramatika eta oinarrizko irakaskuntza ikasi zituen: hasiera batean oso garrantzitsua ez dirudien arren, heziketa modu horrek eragin nabarmena izan zuen bere nortasunean eta gerora izango zuen jardunbidean. Familia giroa, jokamodaleei dagokionez, nahikoa berezia zenez, ikastetxeko adiskideekin harremana izateak on egin zion gizartearen ikuspegitik, bere biografo zorrotzenetako batek eman zuen arrazoia tarteko: "etxean gizalegezko ohiturak eta jokamoldeak ikasten zituen eta kanpoan pertsona guztiak zintzotasunez tratatzeko ohitura hartu zuen" (Itzulpen moldatua gazteleratik).
Arestian aipatutako ikastetxea XVI. mendearen amaieran eraiki zuten eta Muniberen arbaso batek haren sorreran parte hartu zuen. Ziur aski Olano dorretxean kokatuko zen, eta irakasle apartak zituenez oso harrera ona izan zuen azkoitiarren artean. 1732 inguruan, ikastetxe horretako ikasketa-planak eraberritu eta areagotu ziren eta Munibek Latina ikasi ahal izan zuen. Ikasketa horiek amaitu ostean, Euskal Herriko familia dirudunetan ohitura zenez, atzerrira bidali zuten bere kultura-prestakuntza areagotu eta hobetzeko. 1742az geroztik Tolosan (Frantzian) izan zen hiri horretako jesuiten ikastetxean. Bertan alor ugaritako goi-ikasketak burutu zituen, horien artean, Frantziako Entziklopedismoan modan jarri ziren zientzia-ikasketak ere jorratu zuelarik. Ikastetxe horretan irakasle bikainak zeuden eta Munibek prestakuntza moral eta kultural paregabea jaso zuen; hala, Munibek berak esan zuen moduan gaztetan ikasteko "utzia, nagia eta makal samarra" bazen ere, prestakuntza bikaina jaso zuen. Argi dago, ondoren adjektibo horiek ez zirela Muniberen bidelagun izan. Horrez gain, aldi berean, harreman onak egin zituen jesuita batzuekin, eta horietako zenbait, gerora, aholkulari apartak bilakatu ziren Muniberen eginkizun kulturaletan.
1746ko udazkenean aita hil eta Azkoitira itzuli zen familiaz arduratzeko; beranduxeago, 1747ko ekainaren 3an, 18 urte eskas zituela, Maria Josefa de Areizaga e Irustarekin ezkondu zen Oñatin, Areizagako baroien, Jose de Areizaga y Corral eta Maria Josefa de Irusta y Aguirreren alabarekin. Bere aitaren oinordeko modura ondasun asko jaso zituen Munibek, tartean Maiorazko garrantzitsuak. Horien artean zaharrena Apraizena izan zen, 1559an ezarria. Dena den, garrantzitsuenak Insaustirena (1622koa) eta, batez ere, Muniberena izan ziren. Azken horren titulartasuna Peñafloridako kondearen duintasunari atxikita zegoen, 1719an Markinan sortu zena. Esan beharrik ez dago gure Munibek berehala, 1635ean Felipe IV erregeak ezarritako titulu hura jaso zuela, hura hartzeko hurrenkeran zortzigarrena zegoenez. Ezkondu ondoren, konde berria eta bere emaztea Azkoitian finkatu ziren, bere amaren, kondesa alargunaren, alboan izateko xedez. 1749an hil zen Muniberen ama eta ordura arte hura zaintzen izan zen. Ezkonberriek, familiaren baitan zegoen Insausti jauregian lekutu ziren. Jauregi horretan hainbat berrikuntza eta hobekuntza egin zituzten, garai hartako ohitura, estilo eta joeren arabera hornitu eta apaintzeko.
1767ra arte izan ziren han eta bizitza sozial handia izan zuten; han, urteen joanarekin lau seme (Manuel Maria, Ramon Maria, Antonio Maria eta Luis Xavier) eta bi alaba (Juana Maria eta Anastasia) izan zituzten, oso bizitza ezberdinak izan zituztenak, bai iraupenari, bai berezitasunei so. Sema zaharrena oso goiz hil zen eta, ondorioz, 1751n jaiotako haren oinordekoak, Ramon Mariak, jaso zituen premutasunaren pribilegioak. Hain zuzen, hura izan zen aitaren kuttunetako bat, hala, zientziaren esparruan kultura sakon eta zorrotza eskaini zion, lehenengo herrialde barruan eta ondoren kanpora bidaliz, Europa erdialdean, Frantzian, Suedian eta Italian ikasketak burutzeko. Baina, bidaia luze hartatik itzuli eta berehala Ramon Maria Markinan hil zen, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla medio; orduan, Muniberen oinordekotza hirugarren semearen eskutan geratu zen, hots, 1754an jaiotako Antonio Mariaren eskutan. Hirugarren seme horrek, ere, gaztetan prestakuntza ona jaso zuen kultura eta zientzia arloan.
Aipatutako gorabeherak gorabehera, fisikoki eta espiritualki hazi zenean, tamaina arrunteko baina gorpuzkera sendoko gizona zen Munibe, ehun kiloz gorako gizasemea. Ahots ozena zuen eta, gorpuzkera handikoa bazen ere, arintasunez mugitzen zen, jokamolde finduetan Frantziako heziketaren eragina islatzen zela; garaiko modaren arabera jantzi eta apaintzen zen, bere gizarte-mailako jendearengan ohikoa zen dotoretasunarekin, baina, bere bizimoduko atal guztietan behin eta berriz errepikatzen zen sinpletasuna ezkutatuko zuen gehiegikeriarik gabe. Alderdi espiritualari dagokionez, Frantziako heziketaren eragin argia izateaz gain, garai hartan Europan indarrean zegoen entziklopedismo kulturalaren eragin nabarmena bazuen ere, Pañafloridak beti garbi eta zorrotz mantendu zuen familia giroan bereganatu zuen morala, eta ez zuen sekula ahantzi edo baztertu, benetako kristau bati zegokion eran. Ez bera eta ez bere ekintza ugari eta anitzak ez zituen Ofizio Santuko Tribunalak zentsuratu, hori da arestian esandakoaren froga argiena. Behin eta berriz findutako heziketa espiritual horri eta bere ekintzei zerien naturaltasun eta sinpletasunari esker ziur aski-gizarte-maila guztietako jendez inguratuta egindako lehen ikasketekin batera bereganatu zituenak-, bere ingurukoek eta harekin tratua izan zutenek estimu handian zuten Munibe. Halaxe adierazten dute hari buruzko biografia atondu duten biografo gehienek, eta ezaugarri horiek izan ziren gizartean nahiz ingurukoengan utzi zuen arrastoaren oinarri, izan ere, bere ekintza ugarien lekuko bilakatu ziren eremutan eragin nabarmena izan zuen Munibek.
Aurrez aipatu dugun moduan, ekintza ugari eta anitzak gauzatu zituen; horien artean, lehenik eta behin, aholkulari eta kontseilari gisa bere ahaideei zuzendutakoak aipatu behar ditugu, bizitzan jarraitu beharreko bidea eta premia espiritual eta material oro helarazteko helburua zutenak. Hori argi geratzen da senideei igorritako gutunetan erreparatuz gero. Horiekin batera barnerakoitasun ildotik jarraituz, administrazioak bere aberastasun handiak zirela medio eskatutakoak azpimarratu behar dira, izan ere, bertan era guztietako legatuak agertzen zirenez, bakoitzaren berezitasunei erantzun behar izan zien arretaz eta zuhurtziaz, horren ondorioz, hainbat ekintza ekonomikotan parte hartu zuen Euskal Herria barruan nahiz kanpoan. Haatik ez zuen bizitza soziala alde batera utzi; eta bilkura eta gau-jai aristokratikoetan parte hartzeaz gain, festa eta erromeria herrikoietan ere parte hartu zuen, apaltasun osoz era guztietako gizarte-mailako jendartean nahasten zelarik. Erregeak, nazioko goi-agintariak eta bere garaiko pertsona entzutetsu ugari ezagutu zituen eta, hala eta guztiz ere, ez zion muzin egiten molde orotako jendearekin harremanak izateari: hori argi geratzen da bere gutunen edukiari eta eguneroko gorabeheren aurrean zuen jarrerari erreparatz gero. Bestalde, nobleen artean ohikoa zenez, gure Peñaflorida politikagintzan ere ibili zen; ez bakarrik bere jaioterrian baita Euskal Herriko beste hainbat bazterretan ere eta, are, Euskal Herritik kanpo.
1747-48 biurtekoan Azkoitiako alkate izan zen eta, gerora ere, 1755ean eta 1765ean udaletxe hartako buruzagitza ukan zuen. Modu horretan, herriaren zerbitzura egoteaz gain, bere sendiak XVI. mendetik hasitako tradizioari eutsi zion, izan ere, asko izan ziren herri horretako alkatetzan izan ziren Peñafloridatarrak. Aurrez aipatutako karguarekin batera Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen 1746, 1750, 1754, 1758 eta 1761 urteetan. Gainera, 1758an Gorteetarako Diputatu ere izan zen. Azken kargu horretan lan asko egin zuen bere probintziaren alde, izan ere, oso estimuan zuen probintzia eta, urte luzez, bere ekintza on eta berezienak haren alde gauzatu zituen ilusioz beteta. Nekerik gabe lan egin zuen bere txokoaren aurrerapen desiratua erdietsi eta gipuzkoarren bizi-maila hobetzeko xedez. Leialtasun eta trebetasun handiz bete zituen kargu politiko horiei esker, zeharka baina merezimendu eta doitasun osoz, herritarren egoera sozioekonomikoari buruzko informazio andana jaso zuen. Gerora, egoera hori hobetzen saiatu zen klase herrikoiaren kultura-maila altxatuz, modu horretan, egunerokotasunaren premiei samurtasun gehiagoz erantzun ahal izateko. Eta uneoro present zegoen eta egunero eraberritzen zuen pentsamendu hori izan zen, beranduago benetako ekintza bilakatuta, Munibek kulturaren esparruan gauzatutako lan bikainaren oinarri eta sostengu.
Eboluzio-prozesu etengabe horretan ezinbestekoa zen pentsamendua ekintzetan islatzea, eta prozesu hori, lurralde nazional osoan garai hartan hedatutako ohiturari jarraiki, Azkoitian egindako solasaldi luze batekin hasi zen, Insausti jauregian, bertako jebaren, Peñafloridako kondearen, babes eta presidentetzarekin. Hasiera batean solasaldi horiek izaera soziala bazuten ere, gerora instituzionalizatu egin ziren. Horrela, kultura handiko bilkura bilakatu ziren eta bertaratzen zirenek, aurrez taxututako plan bati jarraituz, Filosofia, Literatura, Historia edo Zientzia bezalako gaiak jorratzen zituzten txandaka, eta mota guztietako tresna eta makinen bidez hainbat esperimentu gauzatzen ziren. Gainera, zenbait egunetan, bereziki igandetan, antzerki edo musika emanaldiak izaten ziren. Bide batez, azken ekintza horietan gure kondeak ekarpen bikainak egin zituela aipatu behar da, izan ere, oso gazte zela jardun haietan hasi ostean, harmoniaren eta konposizioaren teknikak ere ikasi zituen, modu horretan, hainbat partitura egin zituen. Horien artean, erlijiozko musikako batzuk topa daitezke, esate baterako, Irten ezazu; eta aipagarria da, halaber, El borracho burlado izenekoa, opera izaera eta kategoria zuena. Solasaldi horiek laster oihartzun handia hartu zuten eta aldeko nahiz kontrako iritzi ugari plazaratu ziren. Aita Isla izan zen zentsore nagusietako bat eta solasaldietara bertaratzen zirenak "Azkoitiako zalduntxo" izendatzen zituen; izendapen hori sekula ez zen ahantzi. Zalduntxo horiek, Peñafloridaren babes eta giraritzapean, Zientzietako, Arte erabilgarrietako eta Merkataritzako Elkarte Ekonomiko edo Akademiko baten Plana aurkeztu zuten Alesbesen elkartu zen Probintziako Batzordean, Munibek zuzentzen zuen taldearen proiektu kulturalak gauzatzeko helburua zuena. Batzorde horretan Plana onartu eta 1764ko abenduaren 24an Bergaran Elkartea eratu zen; garai hartako erregearen onarpena eta abegi ona jaso ondoren, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izena hartu zuen eta Azkoitiako kondea hautatu zuten bertako zuzendari izateko. Hemen entitate kulturadun horren eboluzioa emango ez badugu ere, zuzendariak hiru egiteko nagusi ipini zizkiola aipatu behar da: ordura arte txarki finkatu eta okerrago garatzen ziren lehen ikasketak hobetu eta erabilgarri bihurtzea; emakumeei alfabetatzeko aukera ematea, izan ere, ordura arte ez zuten onura hori jasotzen; eta azkenik, beste herrialde batzuetan zegoen moldeari jarraituz, goi-ikaskuntzako zentro bat sortzea, bereziki Zientzia positiboiei buruzkoa.
Helburu horiek egunez egun eta urtez urte gauzatzen joan ziren; hala, ekintza aipagarriena gisa 1776ko azaroaren 4an, San Carlos Borromeo egunez, erregearen babesa jaso ondoren, goi-ikasketako Zentroaren irekiera izan zen. Hasiera batean aberriko eskola izan zen eta, ondoren, Euskal Herriko Erret Seminario Aberkoi izena ezarri zion Carlos III erregeak. Hasiera hartan seminarioak liburutegia, laborategia eta hainbat bulego zituen. Denboran joanarekin hobetu egin zen eta gero eta zabalagoak eta landuagoak ziren ikasketa-planak taxutu ziren. Munibe hil arteko zuzendari iraunkorra izan zen eta eginbehar hura behar zen moduan gauzatu ahal izateko Azkoitiako egoitza eroso eta dotorea utzi eta Bergaran finkatu zen 1767an. Irakasle nazional nahiz atzerritar bikainak hartu ziren bertan lan egiteko, hala, Pirinioz bestaldeko antzeko zentroen maila hartu zuen seminarioak, hori dela eta, bertako sortzaile eta sustatzaile iraunkorra eragile nagusietako bat izan zen Espainiako kultura europartzeari dagokionez. Halaber, Peñafloridak egindako lanaren emaitzak Espainiako lurralde osoan hedatu zirela aipatu behar da: agintari nazionalek Elkarte Ekonomikoak oso interesgarri zirela jabetu eta haien eraketa bultzatu zuten. Modu horretan, Espainia osoan laurogeita hiru Adiskideen Elkarte sortu ziren; horietan lehena eta gainerakoen aitzindaria Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Bestalde, Bergarako Erret Seminarioaren eragin kulturala bikaina izateaz gain, jende asko erakarri zuen, izan ere, Espainiako 30 probintzitatik eta Hispanoamerikako 14 herrialdetatik etorritako ikasleak hartu zituen. Erret Seminario hori Espainiako lehen eskola teknikoa izan zen eta, era berean, lehen ikastetxea izan zen Europako korronte kulturadunetan zeuden ikasketa-planak txertatzen. Horrek guztiorrek Peñafloridak alderdi sozial nahiz kulturalean egindako lan garrantzitsuaren nolakotasuna adierazten digu. Kondea, 1785ko urtarrilaren 13an hil zen Bergaran, oraindik bere lan nekaezinaren emaitza gehiago espero zitezkeenean. Xemeingo Andre Mariaren elizan ehortzi zuten, Markinan.
Bere lanak beti behar bezala ulertu ez badira ere eta beti aldeko iritzirik jaso ez badute ere, kritika modernoak, inpartzialagoa eta informatuagoa izaki, Munibek egindako sorkuntza-lanen balio paregabea aitortu du erreparorik gabe: Gregorio de Altube izan zen Muniberen biografo onenetakoa eta haren ustetan "ezin da esan jeinu bat zenik, baina, ez zen diletantismoa bezain hotza ez eta filantropoa bezain sasijakintsua ere". Eta, sarritan bere kolaboratzaile eta konfiantzazko lagun izan zenak, Narroseko markesak, honela deskribatu zuen gure heroia: "Zuzena, ona, gozoa eta aitortua izan zen. Bere aberria maite zuen. Gizon egiatia, zintzoa eta sentibera, Naturatik jasotako dohainak herritarren zerbitzura maneiatzen zituena" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Bi iritzi horiek argi eta garbi erakusten dute XVIII. mendeko Espainiako "ilustratuen" artean nabarmendu zen Peñafloridako VIII. kondearen nortasuna.