EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Galdakao, 1973.
Julen Gabiria idazle galdakarrak soziologian eta enpresa zientzietan egin zituen ikasketak. Lanbidez itzultzailea da Labayru Ikastegian. Gabiria 90eko hamarkadaren amaiera aldean ezagunak egiten hasi ziren Bilbo inguruko idazle gazteen belaunaldian koka dezakegu, Unai Elorriagarekin, Lutxo Egiarekin Sonia Gonzalez eta Urtzi Urrutikoetxearekin batera. Hain zuzen ere, Gabiriaren lehenengo narratiba-lanak sasoi horretakoak ditugu, ipuin-lehiaketa askotarako idatzitako lanak. Harrezkero, literatura ibilbide oparoa garatu du, eta Gabiriaren lanen artean ipuinak, eleberriak, umeentzako liburuak, gidoiak, itzulpenak eta antzezlanak ditugu. Era berean, kolaborazio ugari egin ditu Euskal Herriko argitalpen askotan: Berria, Deia, Bizkaie!, Asteon, Egin, Ortzadar, Aizu!, Egunkaria, Argia, Bizkaia Irratia, Bost Axola.... Gabiria, idazlea izateaz gain, literatura sustatzailea eta solasaldi literarioen gidaria ere bada. Horretan jardun izan zuen bolada batez Bilboko Irakurlearen Tartean, eta oraintsu hasitako Bediako Irakurleen Klubean. Gidoilari ere izan dugu EITBn, 2000-2002 denboraldietan, Hasiberriak telesailean, eta, 2002an, Baietz gogoratu saioan.
Julen Gabiria ipuin askoren egilea bada ere, orain arte helduentzako literatura arloan behintzat, ez du ipuin libururik argitaratu (bai ordea umeentzat). Baina parte hartu izan du bere ipuinekin bilduma kolektibo askotan: Euskal idazleen ipuin erotikoak (Txalaparta, 1998), Bilbao: ipuin biltegia (Alberdania, 2000), Bero hezeak (Txalaparta, 2001), Marihuanazko bufandak (Txalaparta, 2002), Ipuin izugarriak (Elkar, 2004), Ametsen baratza (2005, Elea), Adiskide maitea (2005, Txalaparta), Bertsolariak idazle (2005, Bertsolari aldizkaria), Hitzak batzen gaitu (2006, Elea) eta Bilbao de cine-Zineko Bilbo (2008, Bilboko Udala).
Dudarik gabe, Gabiriaren lan ezagunen artean nabarmendu beharrekoak dira orain arte plazaratu dituen eleberri biak: Connemara gure bihotzetan (Elkarlanean, 2000) eta Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar, 2004). Biek ala biek irakurleen artean harrera ona izan dute. Biek ere Igartza beka saria jaso zuten (idazle gazteen lanak sustatzeko beka da Igartza), 1998an eta 2002an hurrenez hurren. Connemara gure bihotzetan eleberriarekin estilo gazte eta arina eskaintzen ahalegindu zen Gabiria. Gazteen harreman eta maitasunaren gaineko kezkak eta jokabideak ekarri zituen hizpidera. Ez da, beraz, harritzekoa eleberri horrek irakaskuntza-zirkuituan izan duen arrakasta. Horrela, 2001eko Zazpi Kale saria eman zioten, urte bereko Bilboko Liburu azokako libururik salduena izan zelako. Oroimena bilatzea helburu duen eleberri horretan engainua zer den azaltzea bihurtzen da ardatz. Ipuinak eta bestelako generoak ere nahasten ditu Gabiriak bertan, eta ironia, samurtasuna eta ukitu dramatikoak darizkion "opera prima" ekarri zigun. Aitzitik, Han goitik itsasoa ikusten da oso bestelako lana da. Horri ere Zazpi Kale saria eman zioten 2005eko edizioan. Eleberri horrek Gabiriaren literaturaren garapena erakusten digu, hitz gutxitan esanda, bigarren lan horrek idazle helduagoa islatu zuen. Han goitik itsasoa ikusten da, Euskal Herrian gerra aurreko urteetan hasi baina, batez ere, Munduko Bigarren Gerrara artean gertatzen da Italian. Txirrindularitza dugu alde bi horiek lotzen dituena. Hala ere, zineari ere asko zor dio eleberriak; horra hor Toskanako Ponte a Ema herrian agertzen zaizkigun pertsonaia xelebre eta, aldi berean, hunkigarriak. Han goitik itsasoa ikusten da eleberrian giro ameslaria, ukitu surrealista eta idazkera txinpartatsua nahasi zituen Gabiriak. Hori dela eta, esan izan da Gabiria eleberri horretan Unai Elorriagaren eleberrien estilora hurbildu zela. Are gehiago, estiloan ez ezik, gauza txikiei emandako garrantzian ere bat egiten dute idazle biek. Alabaina, eleberriaren atalen artean sumatzen den nolabaiteko desoreka eta lanari darion ontasunez betetako ikuspegia dira aipatu izan diren alderdi ahulak.
Eleberriak alde batera utzita, Gabiriaren lehenengo lanen artean Iparragirreren biografia ere kontua hartu behar dugu (Elkar, 2001). Halaber, esan beharko genuke Gabiriak azken eleberria argitaratu ondoren bestelako generoak lantzeari ekin diola. Horrela, azken urteotako lanen artean, batez ere, itzulpenak, umeentzako lanak, zuzeneko ikuskizunak eta antzezlanak ditugu.
Itzulpen-lanei dagokienez, Julen Gabiriak J.M Barrieren Peter Pan in Kensington Gardens eta Peter and Wendy liburuak itzuli zituen ingelesetik. Biak batera daude Literatura Unibertsala saileko Peter Pan liburuan (Elkar-Alberdania, 2005). Gainera, Shakespeareren sonetoetan oinarritutako L.O.V.E antzerki obra itzuli zuen ingelesetik, eta ipuin bi idatzi zituen Irakurle anbulanteak antzezlanerako. Atxagaren Guillermoren azalpena ipuinaren itzulpena eman zuen (Bernardo Atxaga, Gara, 2005). Hain zuzen ere, eskuartean dugun Gabiriaren azken lana beste itzulpen bat da, hain zuzen ere plazaratu berri duen Arnaldur Indridason islandiar idazlearen Hilobiko isiltasuna eleberri beltza (Alberdania-Erein, 2010).
Umeentzako literaturaren arloan Metro bateko letrak (Elkarlanean, 2005) ipuin bilduma dauka dagokigun egileak. Horretan, alfabetoko letren gainean jolasa proposatuz, ipuinek gauza askotarako balio dutela erakutsi zuen Gabiriak, hala nola irudimena lantzeko, sormenari ekiteko, jolasteko; azken batean, bizitza irudimenaren eta sormenaren bidez dibertigarriago egiteko.
Ugari dira Gabiriak azken urteotan prestatutako antzezlanak: Urikeriak (2006), Abentura antzokian (2007, Hortzmuga), Txuma Murugarrekin batera musika eta literatura uztartzen dituen Mathilde maitatzeko moduak (2007), Metro bateko ametsak (2008, Hortzmuga) eta Max Saria jaso zuen Super Plast (2009, Hortzmuga).