Kontzeptua

Ipuingintza Euskal Herrian.1970-2000

50eko hamarkadaz gero euskal literaturan izandako aldaketen testuinguruan kokatzen da euskal ipuin garaikidearen benetako sorrera. Berori aitzindaritzat jo ditzakegun idazle batzuei zor diegu. Edozelan ere, sorrera hori benetan gorabeheratsua izan zen, salbuespenak salbuespen, garaiko aldizkarien orrialdetarako mugatzen baitzen. Horrela, sorrera horren aitzindariak, besteak beste, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Jean Etxepare, Martin Ugalde eta Nemesio Etxaniz aipatzen dira. Testuinguru horretan ikusi behar dugu modernotzat jotzen dugun lehenengo ipuin-bilduma, Martin Ugaldek Venezuelan argitaratu zuen Hiltzaileak (1961) liburua. Baina, ez zen izango 70eko hamarkadara arte ipuinak aldizkarietako orrialdetik bildumen argitalpenetara igarotzen ikusten ditugunean. Sasoi horretan beste mugarri esanguratsu bat ezarri behar da gure ipuingintzaren historian, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970). Lertxundiren lan horrek generoarekiko kontzientzia zabaltzen du. Harrez gero, ipuin-bildumen argitalpenak ugaritzen hasi ziren. Generoak ekin zion gure literaturan ibiltzeari, berandu baina arin.