Euskal kazetari eta idazlea, Donostian (Gipuzkoa) 1962ko irailaren 17an jaioa.
Informazio Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Prentsa idatzian, irratian, telebistan eta Interneten egiten du lan. Hainbat egunkaritan eta astekarietan kolaboratu du, besteak beste, Deia, Berria, Egunkaria, El Diario Vasco eta Herria egunkarietan, eta baita Radio Euskadin ere, non hamaika urtez Vascos en América saioa zuzendu zuen, edota Euskal Irratietan. 2001ean Euskalkultura.com-ko zuzendari izendatu zuten, Euskal Herritik kanpo euskaldunen jarduerak zabaltzeko bide nagusia.
1987an Ameriketara bidaiatu zuen lehen aldiz, New York hirira hain zuzen ere, eta harrezkero Euskal Diasporarekin harremana hasi zuen. Ezagutu eta parte hartu du munduko euskal komunitate eta etxe gehienetan, hala nola, Kuba, Uruguai, Estatu Batuak, Australia, Argentina, Txile, Venezuela...
1999 eta 2007 urteen artean Kanpoan diren Euskal Gizataldeentzako Lehendakariaren Aholku Batzordeko kide izan zen.
Euskal kulturak Euskal Herritik kanpo duen presentziari eta ekoizpenari buruzko gaietan espezializatu zen, eta, horren ondorioz, Euskal Amerika bezalako liburuak argitaratu zituen. Bidaia bat EEBBetan zehar (Elkar, 1994), Vascos y Chile (Eusko Jaurlaritza, 2004), Aña Etxehandi Iriartborde (Eusko Jaurlaritza, 2007). Euskal Diasporari buruzko artikuluak eta elkarrizketak ere idazten ditu.