Euskarazko idazlea, Oñatin (Gipuzkoa) jaioa 1971ko ekainaren 2an.
Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen Filosofia ikasten, baina ez zuen amaitu. Ofizio askotan aritu da, irakasle, bankako langile eta sukaldeko laguntzaile gisa. Bere jaioterrian eta Arrasaten (Gipuzkoa) lehiaketa batzuk irabazi ondoren, 1995ean Bilboko Udalak sortutako Gabriel Aresti ipuin lehiaketan akzesita eman zioten.
Nongo nor (Potxo, 1999) poesia liburuaren egilea da. Jon Kortazar kritikariak honako hau idatzi zuen poema-liburu honi buruz Euskal poesiaren kritika 1999 lanean (Olerti Etxea, 2001):
"Plaquette itxurako liburu honek hamasei poema biltzen ditu, egitura ezberdinekoak eta ahots anitzekoak, oraindik heltzen ari den egile batenak bezalakoak".
Hitzaurrearen egileak, Gerardo Markuletak, hiru multzotan sailkatzen ditu poemak: Erdi Aroarekin lotutakoak, geltokiak eta hotelak hizpide dituztenak, eta sententzia itxurakoak. Kortazarren iritziz, gaurkotasunarekin, bidaiekin, hotelekin eta telefonoekin zerikusia dutenak dira onenak, nahiz eta Erdi Aroan kokatutakoak ere iradokitzaileak iruditzen zaizkion. Kritikoaren ustez, denbora, galderak eta mapak bezalako kontzeptuak oinarrizkoak dira Aiastuiren lehen liburu honetan.
2002. urtean euskarazko ipuinen Donostia Hiria saria irabazi zuen, Eguzkiak jotzen duen aldetik lanagatik. Protagonista nagusia psikiatriko batean ingresatuta zegoen pertsona bat zen, askotan ihes egiten duena, lekurik susmagaitzenetara joateko. Halako batean, ordea, ospitalera zuzendaria aldatu da, eta arduradun berri horrek protagonistaren ihesaldiak erabat eten nahiko ditu.
2004an Biolinaren jatorria argitaratu zuen.
2011n, EHUko Fantasiazko Kontakizunen XIX. Lehiaketa irabazi zuen, euskarazko modalitatean, Kontaktua lanarekin.
2013ko urtarrilean Gaua heltzen denean eleberria argitaratu zuen.