Literatoak

Aiastui Guridi, Jon (2004ko bertsioa)

Euskarazko idazlea, Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen 1971ko ekainaren 2an.

Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen Filosofia ikasten, baina ez zuen bukatu. Lanbide askotan egin du lan, irakasle, bankako langile eta sukaldeko laguntzaile gisa. Bere jaioterrian eta Arrasaten (Gipuzkoa) lehiaketa batzuk irabazi ondoren, 1995ean akzesit bat eman zioten Bilboko Udalak eratutako Gabriel Aresti ipuin lehiaketan.

Nongo nor (Potxo, 1999) poesia liburuaren egilea da. Jon Kortazar kritikariak honako hau idatzi zuen poema-liburu honi buruz Euskal poesiaren kritika (Olerti Etxea, 2001) lanean:

"Plaquette itxura duen liburu honek hamasei poema biltzen ditu, egitura ezberdinekoak eta ahots anitzekoak, oraindik heltzen ari den autore batenak bezalakoak".

Hitzaurrearen egileak, Gerardo Markuletak, hiru multzotan sailkatzen ditu poemak: Erdi Aroarekin lotutakoak, geltokiak eta hotelak hizpide dituztenak, eta sententzien itxura dutenak. Kortazarren ustez, gaurkotasunarekin, bidaiekin, hotelekin eta telefonoekin zerikusia dutenak dira onenak, nahiz eta Erdi Aroan kokatutakoak ere iradokitzaileak iruditzen zaizkion. Kritikariaren ustez, denbora, galderak eta mapak bezalako kontzeptuak oinarrizkoak dira Aiastuiren lehen liburu honetan.

2002. urtean euskarazko ipuinen Donostia Hiria saria irabazi zuen, Eguzkiak jotzen dituen aldetik lanagatik. Sari horren protagonista nagusia psikiatriko batean ingresatuta zegoen pertsona bat zen, sarritan ihes egiten duena, lekurik susmagaitzenetara joateko. Halako batean, baina, ospitalera zuzendaria aldatu da, eta arduradun berri horrek protagonistaren ihesaldiak eten nahi ditu.

2004an Biolinaren jatorria argitaratu zuen (Elkar).