Literatoak

Antoñana Chasco, Pablo

32 urte zituela lehen eleberria idatzi zuen, El capitan Cassou, eta Acento nobela laburreko saria eskuratu zuen. Europako gerra handiaren testuinguruan militar frantses baten istorioa kontatu zuen; ordenantza fusilatzeko agindu ondoren, arranguren mende geratu zen, zoratzeko puntuan. Bi urte geroago Antoñanak Sésamo saria irabazi zuen No estamos solos nobelarekin (Madril, AULA edizioa, 1963); lan horretan partida karlista baten desegitea azaltzen du, militarki porrot egin ondoren; argumentu horrekin gerran galdu duenaren tragedia azaldu zuen, bere iraina eta jazarpena. Urte berean Nadal sariko finalista izan zen La cuerda rota lanarekin (Iruñea, Pamiela, 1995); istorio honetan lau etorkin portugesen istorioa kontatzen du, lan bila Frantziara iristen saiatzen ari direnak. Pobreziari eta klandestinitateari buruzko nobela izan zen, eta 1995 arte ez zen argitaratu.

1964an, ordea, bigarren nobela editatu zuten, El sumario, azpi izenburua El dilema de un juez zuena (Bartzelona, Plaza y Janés, 1964); eleberri honetan Cornelioren hilketa egoerak eta arrazoiak atzera begirantz eraiki zituen (Cornelioren hilotza ibai ertzean agertu zen). Harrezkero, Antoñanak 9 urteko tartea hartu zuen beste narrazio obra bat argitaratu arte, Pequeña Crónica izenekoa; honekin nobela laburreko Donostia Hiria Saria lortu zuen (Donostia, Kurpil, 1975; Iruñean, Pamiela, 1984 berrargitaratua). 1976an Ipuinen Tuterako Hiria saria eskuratu zuen, eta 1978an nobela laburreko Navarra saria, Relato cruento lanarekin (Iruñea, Nafarroako Kutxa, 1978). Saritutako lanean Vignecourt familia aristokraten bukaera izan zuen mintzagai. Istorio horretan Gerardo kaikua, haur tentela eta familiaren azken ondorengoa, elementu nagusia eta jauntxoen hondamendiaren sinboloa da.

1962 eta 1977 artean Antoñanak atal bat izaten zuen Diario de Navarra egunkarian, Las tierras y los hombres izeneko, igandeetan. Testu haietako batzuk Patrañas y otros extravíos liburuan jaso ziren (Iruñea, Pamiela, 1985), ipuinak, testigantzak eta oroitzapenak biltzen dituen obra askotarikoa, eta Botín y fuego y otros relatos lanean (Iruñea, Pamiela, 1985). 1983 eta 1986 urte artean Navarra hoy argitalpenarekin kolaboratu zuen eta, ondoren, Diario de Navarra eta Diario de Noticias-ekin.

1990an Noticias de la Segunda Guerra Carlista argitaratu zuen (Iruñea, Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta 1993an La vieja dama y otros desvaríos lanean (Iruñea, Kultura Zuzendaritza Nagusia) zenbait ipuin eta bi nobela laburbildu zituen, besteak beste El capitán Cassou, tartean argitaratu gabe zegoela, eta Cartas guineanas. Urtebete geroago Pamielak La cuerda rota berreskuratu zuen, 1962an Nadal sariaren finalista izan zen lana.

1996an Principe de Viana Saria lortu zuen; horri esker bere zenbait lan berrargitaratu ziren, eta Textos y Pretextos izenburupean (Bermingham, 1996) artikulu pertsonalen eta elkarrizketen bilduma osatu zen. Horrez gain, Memoria, divagación, periodismo izenburua zuen hausnarketen bilduma ere plazaratu zen (Iruñea, Pamiela, 1996). Urtebete geroago Despropósitos lana eman zen argitara (Iruñea, Pamiela, 1997), hogeita hamahiru ipuin labur, batzuk hamar bat lerrotan bildutakoak. Lan horretan Antoñanak gerra karlisten eta kolonialisten garaira jo zuen berriz ere, baita "Ioar Errepublika" maitera ere, fikzioa eta historia nahierara nahastuz.

1999an berrogeita hamar bat ipuin bildu zituen Extraña visita y otras historias lanean (Iruñea, Pamiela, 1999), idazlearen ohiko gaiei helduz: gerra, porrota, mende hasierako immigrazioa edo beherakada; eta 2001ean Último viaje y otras fábulas lanean (Donostia, Ttarttalo, 2001) prentsan argitaratutako narrazio testuen bilduma osatu zuen; berriz ere, gai komuna gerra izan zen, eta kontakizun guztien atzeko paisaia krudeltasunak eta etsipenak osatzen zuten.

2008ko otsailean azken liburua izango zena argitaratu zuen, Aquellos tiempos, Orbela aldizkarian 6 urtez plazaratutako 60 artikulu kostunbrista baino gehiagoren bilduma; horietan, pasadizoak, jendea eta galdutako usadioak izan zituen mintzagai.