Dantza

Urdiaingo giza-dantza

Izen horrekin, baita modu herrikoiagoan zortzikoarenarekin ere, ezagutzen da Urdiaingo bertako soka-dantzaren bertsioa. Beste leku batzuetan gertatu den bezala, urte batzuetan egiteko tradizioa galdu zen herrian, baina José María Satrustegui eta Iruñako Udal Dantzari Taldearen laguntzaz berregin zen, eta herrian modu horretan berreskuratu, gaur egun batez ere San Pedro erromerian eta jaietan eginez.

Zortziko izenaren zergatia ez dago oso argia, baina bereziki Nafarroako soka-dantzetan badaude atal batzuk 2/4 konpasean idatzita eta oso kantagarriak, askotan zortziko izenarekin ezagutzen direnak. Horien artean Urdianen dantzatzen den bigarrena dugu:

Giza-dantza

Gaur egun Urdianen ez da doinu hau kantatzen, eta zortziko txikiaren estrofa ez zaio oso ongi egokitzen bertsio honi, baina ezaguna da beste bertsio batzuetako letra, zortzikoaren egitura erabat errespetatzen duena. Hauxe da:

"Ai, Isabel, Isabel,
Isabel ederra.

Ez zenekien bada
apaiza nintzala.

Apaiza nintzala ta
koroya niala
nitaz probetxurikan
etzendukiala"

Hala eta guztiz, hori ez da gertatzen kasu guztietan. Giza-dantzako lehen doinua ere oso ezaguna da, beste leku batzuetan egiten baita:

Giza-dantza

Kasu honetan aski ezagunak diren hitzek ez dute zortziko txikiaren estruktura. Doinu hau gainera Urdainen kantatzen da. Halere, hemen paratuko dugu Patxi Arrarasek (1972:24) herri horretan hartu omen zuen bertsiokoak, beste leku batzuekin duen antza handiagoaz:

"Altsasuaren bandera,
ai!, nolakua ote da?
Erreka aldera eraman dute
erakustera
Arratza ta fistua
danbolinaren soinua
danbolinari eramateko
kunplimendua"

Txisturako tonuan dagoen partitura honen armadura, bide batez, ongi dago, sol tonika izan arren, fa naturalak direlako, txuntxuneroen sistema zaharrean ohikoa den bezala. Askoz ere zalantza gutxiago, jakina, ematen du beste izenak, oso gutxi erabilia Nafarroan eta Euskal Herrian zehar: giza-dantza. Hori dugu Urdiango dantza hau, bertako giza-dantza.

Dantza honen elementuak ohikoak direnak dira Nafarroako soka-dantzetan eta bereziki zonalde honetakoetan. Lehen mutikoek osatzen dute soka, eta eguzkiaren norabidean, hots, erlojuaren kontrakoarenean, bueltak ematen dituzte. Lehen dantzariak soilik egiten dituen zati batzuk, eta berezia da atal batean atzeraka dantzatzen duela. Gero neskak ere sartzen dira sokan. Musika gehienak aipatu ditugun 2/4ko konpaseko doinu alaiak dira, beste leku batzuetan zortzikoak deitzen dituztenak, eta azkena zortziko erritmoan dago, 5/8ko konpasean. Ohikoak dira deiak eta zubiak ere, non dantzari guztiak lehen bi dantzariek zapi batekin egiten duten zubiaren pean pasatzen baitira. Bukatzeko denek elkarrekin fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte. Biak oso kantagarriak dira: arin-arinaren doinu nagusia Ama, begira zazu ezaguna da, zakur-dantza izenarekin ezagututa. Leku gehienetan ez bezala, dantza ez da biribilketa batekin bukatzen, Trapatan moduko 2/4ko konpas arinean dagoen doinu azkar batekin baizik.

Jose Maria Satrusteguik, urte luzeetan zehar Urdiaingo apaizak, erreferentzia oso interesgarri batzuk eman zizkion Patxi Arrarasi (1972:56-57). Horien arabera soka-dantza honen erlazioa boterearekin nabaria zen, egun ospetsuenetan alkateak lehen dantza gidatzen baitzuen. Nesken erakutsi behar zuten onestasunaz ere beste erreferentzia batzuk azpimarratzen zituen: ez bakarrik ohikok diren zapiak mutikoen eskuekin ez kontaktatzeko balio zutenak: usadioen artean zegoen mutikoek nork bere bikoteari ardoa eskaintzea, neskak ukatu behar zuena.

Zortziko eta giza-dantza dute Urdianen bertako soka-dantza, bere berezko ezaugarriekin. Ezaugarri zahar batzuk nabariak dira bere musiketan -txuntxunero zaharren sistemaren erabilera, doinu kantagarriak- eta dantzetan ere, Trapatan moduko dantzan adibidez. Ez dira oso ohikoak beste leku batzuetan ez atzerako ibilbideak ez beste pauso batzuk ere. Eta bukatzeko, Urdianen dantza honekin gertatu dena argi adierazten du tradizio bat berreskuratzen ahal dela jende gazteak batez ere horrela nahi badu eta gizartean horretarako giro aproposa badago.

  • ARRARAS SOTO, Francisco. "Danzas de Navarra". In Dantzariak, nº 4, 1972, 13-26 or.
  • RUIZ DE GARIBAY, Carmen. "Francisco Arrarás Soto". In Auñamendi Eusko Entziklopedia, 1978. [Kontsulta data: 2012-11-2].
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. "Arin-arina - porrusalda", in Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2008. [Kontsulta data: 2012-11-2].
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. "Biribilketa-pasacalles-kalejira", in Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2008. [Kontsulta data: 2012-11-2].
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. "Fandango-jota-orripekoa-trikitixa", in Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2008. [Kontsulta data: 2012-11-2].
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. "Txuntxunero", in Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2008. [Kontsulta data: 2012-11-2].
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. "Zortziko", in Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2008. [Kontsulta data: 2012-11-2].
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. "Soka-dantza", in Auñamendi Eusko Entziklopedia, 2009. [Kontsulta data: 2012-11-2].