Kontzeptua

Euskal literatura XX. mendean. 1900-1975

Hainbat izen erabili izan badira ere 1930-1937. urteen artean euskal literaturak sorturiko taldeari deitzeko, gurago dugu orain ere alde historikoa azpimarratu eta ez soilik alde literarioa.

Adibidez, Jokin Zaitegik (1906-1979) "Aitzolen belaunaldia" deitu zuen garai horretan agertu zen literatura taldeari. Izenak bere arazoak ditu, batez ere Jose Ariztimuño, Aitzol (1896-1936) eragile eta bultzatzaile nagusia izan bazen ere, ez zelako sortzailea izan. Eta beste alde batetik, "belaunaldi" kontzeptu eztabaidagarria aipatzen duelako, une honetan Espainiako literaturaren historiaren barnean defendatzen dena soilik, eta geroago eta zabalagoa dena eta gero eta gutxiago erabiltzen dena goi mailako ikerketetan. Bigarren izen batez ere ezaguna izan da taldea: Pizkunde garaia. Beste horrek, nahiz eta haiek bere garaiari (eta zenbait kasutan buruari) emandako izendapena izan, arazoak sortzen ditu euskal literaturaren historiografiaren aldetik. Orduan, bada, Pizkunde garai bi aipatuko genituzkeelako: XIX. mendearen bukaeran gertatzen den Pizkunde erromantikoa (1876-1903), daten artean kokatzen du Joseba Intxaustik, 1992: 135) eta Errepublika garaian agertzen den beste hau.

Garai historikoari begiratzen badiogu, ordea, Errepublika Garaiak ez du soilik une historiko bat adierazten, estetika sortzailea ere kontuan hartuko lukeen bidea izango litzateke berea.

Estetikaren aldetik, eta batez ere lirika arloan, Espainiako Modernismoari eta sinbolismoari egiten zaion hurbilketa izango litzateke ezaugarririk nabarmenena. Modernitate aroari heltzeko ahaleginetan ari da euskal literatura, eta modernizazio prozesu horretan oso esanguratsuak dira AJ/PNVren barnean gertatzen diren zenbait mugimendu estrategiko eta ideologiko. Idazleen pentsamoldeetan badago Europako literaturara (Europako literatura kontserbatzailera zehaztu beharko genuke) hurbiltzeko zenbait ahalegin nahiko garrantzitsu. Egia da Modernismoa Espainian bukatua zela I Mundu Gerratea hasi zenerako, eta beraz euskal idazleak berandu hasiko direla haiekin bat egiten eta Modernismoaren ereduari (Francisco Villaespesa (1877-1936), zein Juan Ramón Jiménezen (1881-1951) lehen lana) edo Sinbolismoaren ereduari (Antonio Machado, 1875-1939) jarraitzen, ahaztu gabe zein jarraitua izan zen, isilpean izan bazen ere, Miguel de Unamunoren (1864-1936) poesiaren estetika bidea.

Jose Ariztimuño Aitzolen jarrera oso kontuan hartzekoa da garai hartan gertatzen den euskal literaturaren eta kulturaren indarberritzean. Bere eginkizunik oroigarriena literatura sistema eratzeko orduan datza. Literatura sistema deitzen da literaturak autonomia lortzen duen unea, eta egileek, irakurleek eta beste erakunde sozialek literaturaren indarra ikusten dutenean eta eragin sozialek sorkuntza erakunde sozial gisa onartzen dutenean. Aitzolek garbi ikusi zuen euskal gizarteak beharrezko zuela euskararen alde eta euskal literaturaren alde egitea gizarte euskaldun bat sortu nahi bazen. Euskal literaturaren prestigioaren alde egin zuen, euskaraz arituko zen gizarte prestigiotsua nahi zuen neurrian. Garbi dago Aitzolen helburuak ezin direla bere joera politikoetatik banandu. Euskal nazionalismoaren alde egin zuen, eta literatura eta kultura bultzatuz euskal nazioaren independentzia bultzatzen zuela behin baino gehiagotan adierazi zuen. Jakina da nolako loturak zituzten garai hartako idazleek euskal nazionalismoaren indar nagusi zen EAJ-PNVrekin. Aitzol bera ez zegoen alderdi horretatik urrun. Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi (1896-1933) EAJtako buruzagia izan zen Gipuzkoa Buru Batzarrean, Esteban Urkiagak, Lauaxetak (1905-1937) alderdi horretako buruzagien artean nabarmendu zuen bere burua. Eta beste horrenbeste esan dezakegu garaiko hainbat idazleri buruz. Juan Antonio Irazusta, Abelino Barriola, Antonio Maria Labayen, Kepa Enbeita, Bernardo Garro, Andima Ibinagabeitia, Balendin Aurre Apraiz, Sabin Muniategi, Errose Bustinza, Sorne Unzueta, Francisca Astibia "Onintze" ... hainbat eta hainbat idazle eta kulturgile mugitu ziren literatura eta politikaren artean. Horregatik, hain zuzen ere, bihurtuko da literaturaren ideologiaren eta autonomiaren arteko eztabaida hain garrantzitsua aipatzen ari garen garaian.

Aitzolek lehendik sortu zen Euskaltzaleak (1928) erakundea hartu zuen plataforma gisa euskal kultura bultzatzeko asmoz. Esparru asko hartu zituen bere gain: Euskal kulturaren aldizkaria bultzatu, Yakintza aldizkaria (1933), alegia; egunkariak eratu eta diruz hornitu, Donostiako El Día (1930), egunkari nazionalista, nahiz eta EAJri organikoki lotua izan ez; Euskal Olerti Egunak martxan jarri zituen (1930-1936), ondoren Bertsolarien Egunak (1935-36), Bertsolari Guduak izenarekin argitaratuko dira liburuak, baina; Lore Joko modernoen moduan antolatuak, baina literatura eta ekintza kultural zein politikoak biltzen zituzten Egunak.

Aitzolek garbi zuen, eta agian hor "Institución Libre de Enseñanza" (1876), Madrileko erakunde pedagogiko krausistaren aipamena zegoen, kulturak eraberritu egingo zuela herria, kulturak bultzatuko zuela gizakia beste mundu berri bat asmatzera eta lortzera: "Es tan elevada y esencial la misión de crear una cultura indígena, que para suscitarla es menester poner en actividad el patriotismo de todo el grupo étnico" (1932-II-19). Idealismoaren erraietan kokatuz, Aitzolek poema nazionalaren sorkuntzan jarri zuen bere asmo nagusia, poesiaren bidez herriaren pentsamoldea aldatuko zela sinisturik, eta azken batean kulturak eta poesiak herriaren independentziaren alde egingo zuela baietsiz. Esaldi biribil bat geratu zaigu hark esandakoen artean: "Es un fenómeno general que se observa en el renacimiento literario de todas las lenguas. En la vanguardia figuran los poetas". Hasiera batean poesia berpizkunde literarioaren abangoardia bada, laster eginkizuna zabaldu egingo dio Aitzolek, eta herriaren kontzientzia pizteko lana emango dio poesiari: "La coincidencia de la inspiración poética y la concepción de resurgimiento patrio en esos genios restauradores de las modernas nacionalidades" (1932-IV-24) edo "La mayoría de los genios que alumbraron a sus naciones oprimidas fueron poetas" (1932-XI-25), edo garbiago: "La poesía es uno de los factores más importantes en el resurgimiento nacional" (1933-X-5) . Eredu nagusia Frederik Mistral (1830-1914) Provenzakoa izango du hasiera batean 1930. urtearen aldean, eta ondoren Mistralekin batera Elias Lönnrot (1802-1884) poeta finlandiarra, 1933. urtetik aurrera. Azpian, baina, Aitzolek herri poesia baten defentsa egiten du eta Mistralen estetika Baudelaireren, Lamartineren eta Victor Hugoren estetiken aurka jartzen du, bata panteista zelako, bestea eszeptikoa eta hirugarrena burugabea eta puskatzailea. Beraz, herri irudi batean oinarrituriko poesia bilatzen zuen: garbia, herri formetan atxikia. Horregatik, elkarrekin izan zituzten eztabaiden gainetik, Nikolas Ormaetxea, Orixe (1888-1961) zuen euskal poesiaren eredu (Aitzolen "El cantor de la vida vasca" artikulua, 1930-X-12). Hargatik enkargatu zion euskal poema nazionala idaztea, Euskaldunak poema, 1935. urterako bukatu zuena, baina 1950. urte arte argia ikusiko ez zuena, Europako hainbat herritan poesiak nazio kontzientzia sortzeko izan zuen papera aztertzen zuen artean: Catalunyan, Galizian, Flandrian, Letonian eta Finlandian.

Aitzolek joera nagusia literaturaren ideologizazioaren alde jarri zuen. Eta hemen sortu zen garai hartako poesiaren gaizki ulertu nagusia. Aitzolek herria piztu zezan nahi zuen poesia epikoa, garbia, eta herri folkloreari lotua zen. Lizardik eta Lauaxetak egin zuten poesia, aldiz, bestelakoa zen: autonomiaren alde egiten zuena.

Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi (1896-1933) garai hartako poeta nagusitzat hartu da. Obra bakarra eman zuen argitara: Bihotz-begietan (1932). Ez zen erraza garai hartan euskaraz liburuak argitaratzea eta bereak ongi merezitako sona lortu zuen. Liburuaren izenburuak ematen du jada nondik nora joango den bere poesia. Dirudienez, José Ortega y Gasset-en (1883-1955) teoria estetikoan oinarrituriko poesia da. Errealitatea, pentsalari madrildarren ustetan, kanpo munduak (begiak) eta barne munduak (bihotzak) bat egiten zutenean lortzen zen. Lizardiren poesiak ere asmo bera lortu nahi du, barnea eta kanpoa bilduz eta osatuz, errealitatearen ikuspegi osatua sortu nahi zuen. Garaiko liburuetan gertatzen zen bezala, liburuak bere poesiaren historia kontatzen zuen. Liburuaren agerpen data baino askoz ere lehenago argitaraturiko poemek biltzen zituen. Poema bildumaren lehen argitalpena 1932. urtekoa bada, lehen poemen argitalpen datak lehenagokoak dira: 1917an sinatzen du atarikoa den "Yaun errukiorra" sonetoa.

Kronologiaren aldetik, aro hauek ikus ditzakegu bere osotasunean:

  1. Ikasketa aroa: 1917-1929. Lehen aroa aurretiaz agerturiko poemen bilduma da. Mende hasierak indarra eman zion sonetoaren lanketari eta bide horretan kokatzen du Lizardik bere "Yaun errukiorra", 21 urterekin egindako poema erlijiosoa. "Oia" poemak gure olerkariak izan duen ironiaren berri eman du. 1920. urtetik aurrera hasten zaio egileari hain ezagun bihurtu duen naturaren agerbidea. "Mendi-gaña" poemak lehen aldiz agertzen du poetaren irudian oso ezaguna egin duen naturaren poeta izatea. Dena dela, natura ez da soilik deskribatu egin, beti da sinboloaren esanahiaren agerbidea, eta zentzu horretan mendi gainera, gailurrera, idealera heltzeko poetak egin dituen ahaleginen sinboloa da. Bertsolaritzari eta bat-batekotasunari eman zion garrantziaren adibide ederra da "Zeru azpia". Garai hartan asko zabaldu zen Oskar Wilderen lana eta horren adibidea da 1927. urtean Joseba Altunak Ipuñak lanean argitaratu zuen itzulpena, giro horren beste fruitu bat dirudi Lizardik argitara eman zuen "Aldakeri" poema. Mende hasieran Espainiako literaturan asko zabaldu zen semearen heriotzaren gaia oso egoki landu zuen Lizardik "Xabiertxo?ren eriotza" poema hunkigarrian. Hurrengo hiru poemek, "Neskatx urdin-yantzia"k, "Bultzi-Leiotik"-ek eta "Parisko txolarrea"k modernismoaren jitea agertzen dute. Rubén Darío eta Juan Ramón Jiménezen eragina oso ageria da horietan.
  2. Helduaroa: 1930. Urte horretan emandako poemetan, Lizardik bere izadiaren ikuspegia ondu eta aberastu egin du. Hurbiltasunaren deskribapena eginez, izadiaren poeta bihurtuz, Lizardik poesia heldu bat zabaldu du gure begien aurrean, erabili duen edozein elementu sinbolo bihurtuz. "Otartxo utsa" objektuaren deskribapena eginez, bakartasunaren sinbolo bihurtu du. "Agur!" poemarekin heriotzaren hausnarketa sakondu du Xabier Lizardik. Semearen benetako heriotza eta alaba bakarraren heriotza irudikatu badu, hemendik aurrera sinbolismoaren gai nagusia tratatu du Lizardik, bai zuzen adieraziz denboraren joanak adierazten duela bere poesia ("Biotzean min dut (Illeta-Eresi)") edo bai eta ere izadiaren denboraren joanaren bidez, giza heriotza aipatuz ("Urte-giroak ene begian").
  3. Noranahikoak: 1931. Liburua argitaratu baino urtebete lehenago izenpeturiko lau poemak analogikoak dira. "Izotz ondoko eguzki"k mantentzen du oraindik izadiaren deskribapena, baina beste hirurak euskal hizkuntzaren eta euskal arimaren iraupenaz ari dira. Gizakiaren bizitza baino gurago dute orain poemok euskararen biziraupena kontatu eta kantatu. "Izkuntza larrekoa,/nai aunat noranaikoa/ yakite-egoek igoa" bertsoen bidez agerturiko poesiak oso kontutan du euskarak bizi duen egoera lazgarria.

Lizardi baino bederatzi urte gazteagoa zen Esteban Urkiaga, Lauaxeta, eta bera baino poeta ausartagoa, ahulagoa bada ere. Lizardiren poesiak hizkuntzaren baliabideetan zuen oinarri, eta horregatik deitu izan zaio "kontzeptista", Orixek jarritako bideari eutsi ziolako, eta forma hertsian esanahi ugaria ematen zuelako. Lauaxetak berriz, kanpoko erreferentzien oihartzunean eta berritasunaren indarrean jarri zuen bere poesiaren izaera. 1930. urteko I Eusko Olerti Eguneko saria irabazi zuen "Maitale Kutuna" poemaren bidez, eta ezaguna bihurtu zen egunetik egunera. Lauaxetak baina, bazituen beste indar batzuk euskal gizartearen arloan ezaguna izateko. Euzkadi egunkariko euskaraz argitaratzen zen "Euskal Orria" saileko zuzendaria zen eta EAJ-ren barnean karguak zituen. Gipuzkoan ez bazen oso ezaguna, eta sistema literarioan gunea hortxe zegoen, Bizkaian eragin handia zuen kazetari lanagatik eta alderdiaren barnean izan zituen lanengatik, artean mitinlari gisa, edo euskarazko irakasle gisa. Errenteriako saria jaso eta laster, 1931. urtean argitaratu zuen Bide barrijak liburua. Izenburua bera asmo berritzaileen metafora bat zen, euskal literaturaren barnean "Odiseu berri gara" adierazi nahi zuen poetaren hitzetan. "Oldia eta indarra" agertuz, Lauaxetak mundu berri bat ikusi nahi zuen, aldaketa politikoek ekarri behar zuten giro berria asmatzen zuen, eta EAJen bateratzea zegoen ikuspegi baikor horren arrazoien artean. Lauaxetaren lehen liburu horrek molde oso desberdinak biltzen ditu: badira Jesuitekin ikasten ari zuenean onduriko poemak, badira musikaltasunari men eginez sorturikoak ("Lied"), kutsu erromantikoz mamiturikoak, jostailu politak, "Txakurtxuba", Unamunok itzuli zuen eta Orixek euskaraz eman zuen Joan Maragallen "La vaca cega"ren zantzua duena. Baina modernisten oihuarekin, "Zer dodan ez dakit, baña gexo nago", hasten zen poema bildumak landu zuen euskal lirikan "zadorraren", misterioaren alde iluna. Erromantizismotik badu zerbait liburuak, badu klasizismotik, badu hausnarketa poesiatik. Orixek laster erantzun zuen horrelako poemak bigunak zirela, eta arrazoiz, gaineratu zion berak, Orixek, aspaldi landu zituela joera horiek. Baina ez liburu batean. Lauaxetak, aldiz, liburuaren azken aldean, ezilkortasunari buruzko hausnarketa poesia berriagoa aurkezten zuen, "olerki hutsa" lantzen zuten zenbait poetek egiten zuten bezala. Nazionalista garbia izanik, Lauaxetak Sabino Aranak jarritako arau, batez ere, lexikoak eta morfologikoak jarraitzen zituen, eta horrek guztiak eman zion poeta ilun eta zailaren sona.

Aitzolek 1933. urtetik aurrera bultzaturiko herri olerkira egin beharreko hurbiltasunaren fruitu da Arrats Beran (1935) Lauaxetaren bigarren poema liburua. Herri lirikaren jokoak jarraitu zituen horretan, baina elipsia jokabide nagusia zuenez zaila izaten jarraitu zuen bere poesiak. Garaiko barrokismoa kontuan hartuz, Garcia Lorcaren bideari jarraitu zion, estetika herrikoia landuz, liburuan. Baina poeta hori nagusia bada bere eraginpean, beste poeta askoren oihartzunak dira liburuan, besteak beste; Rafael Alberti, Manuel Machado, Paul Valéry, Rimbaud... Europako poesiaren irakurle ona baitzen poeta, eta bere asmo nagusia euskal lirika eta Europako poesia lotzea zen, modernistek egin zuten bezala, bere helburu nagusia. Gerra aurrean abangoardia gutxi egon bazen ere, Lauaxetak agertu zituen garaiko euskal poesian aurki genitzakeen adibide bakarrak; futurismoaren ("Langille eraildu bati") zein surrealismoaren (ezezaguna den "Neska lixunaren urte giroak" poeman) aztarnak aurki ditzakegu bere poesian.

Olerti taldeko hirugarren poeta, Nikolas Ormaetxea, Orixe (1888-1961), dugu, bere bizitza guztian euskalaritzaren barnean itzal luzea izan zuen idazlea, batik bat bere euskararen aberastasunagatik. I Olerti Egunean saritu ez zutelaketa ongi moldatzen ez zen Aitzolen hitzetan, Orixe zen euskal arimaren sena batzeko, literatura bihurtu eta adierazteko egilerik aproposena. Horregatik Euskaltzaleak erakundearen babespean itzuli zen Orexa herrira eta 1931. urtetik aurrera Mireio poemaren pareko izan behar zuen Euskaldunak poema nazionala (baina idilikoa gertatu zena) idaztera. Poema 1935. urterako bukatua omen zen, baina ez zen garaiz argitaratu, eta 1950. urtean argia ikusi zuenean, bestelakoak ziren garaiak eta irakurleak.

Orixek lan literario asko argitaratu zituen garaiko aldizkarietan, bera zen Mireio euskaraz eman zuena eta bere trebezia garaiko idazleek ezaguna zuten. Berea da adibidez, euskara labur eta kontzeptista batez poesia idazteko bidearen deskribapena. Baina aztertzen ari garen garaian poema liburu bakarra argitaratu zuen. Egileak Barne-muinetan (1934) izenburua eman zion. Hausnarketa poesiaren munduan kokatua, hizkuntzaren balio espresiboa bilatzen zuen uneoro Orixek.