Konposatzaileak

Iglesias Fernandez-Berridi, Alberto

Konpositorea. 1955eko martxoaren 31an Donostian jaio zen.

Musika ikasketak jaioterrian hasi zituen, solfeo eta pianoa Blanca Burgaletarekin ikasiz. Harmonia eta Kontrapuntu ikasketak Francisco Escuderorekin egin zituen. Donostiako Kontserbatorioan Harmoniako Saria eskuratu ondoren, Parisera joan zen Francis Schwartzekin ikasketak sakontzera. 1979an Musika Elektroakustikoko Teknikak eta Musika Aplikatuko Praktiken eskolak jaso zituen Gabriel Brncicen eskutik Bartzelonako "Phonos" musika laborategian. Halaber, Milaneko RAI laborategiarekin erlazioa eduki zuen. 1981 eta 1986 bitartean Javier Navarrete konpositorearekin bikotea osatu zuen, zenbait hiritan musika elektronikoko kontzertuak ematera iritsi zirelarik.

Bere lanen artetik honako hauek azpimarratzekoak dira: Cautiva, James Joyce eta Ezra Pound-en testuetan oinarritua (1992); Group of Dogs, ensemble-rako pieza laburrak (1992); A Registered Patent - A drummer Inside a Rotating Box, Juan Muñoz-en testuarekin (2001); To the Castle, orkestra eta abeslarientzako lana (2007).

Ballet-erako musika ere konposatzen du, Nacho Duatorekin eta Dantza Konpainia Nazionalarekin batera lan eginez. Horrela sartzen ditu, besteak beste, Cautiva (1992), Tabulae (1994), Cero sobre cero (1995) eta Self (1997).

Zinearekin lehen harremana, Jose Luis anaia eta Montxo Armendarizen film laburren eskutik etorri zitzaion. Lehen luzemetraiak hauek izan ziren: Alfonso Ungriaren La conquista de Albania eta Imanol Uriberen La muerte de Mikel. Hemendik aurrera erregulartasunez hasi zen zine-munduan lanean, baina benetan bere konpositore karrera bultzatu zuena Julio Medemekin edukitako harremana izan zen:

  1. Vacas (Julio Medem, 1991)
  2. La Vía Láctea (J. Estelrich 1992)
  3. ¡Dispara! (Carlos Saura, 1993)
  4. La ardilla roja (Julio Medem, 1993)
  5. La flor de mi secreto (Pedro Almodovar, 1995)
  6. Una casa en las afueras (Pedro Costa, 1996)
  7. Pasajes (Daniel Calparsoro, 1996)
  8. Tierra (Julio Medem, 1996)
  9. Carne trémula (Pedro Almodovar, 1997)
  10. La camarera del Titanic (Bigas Luna, 1997)
  11. Los amantes del Círculo Polar (Julio Medem, 1998)
  12. Todo sobre mi madre (Pedro Almodovar, 1999)
  13. Lucía y el sexo (Julio Medem, 2001)
  14. Pasos de baile (John Malkovich, 2002)
  15. Hable con ella (Pedro Almodovar, 2002)
  16. Te doy mis ojos (Iciar Bollain, 2003)
  17. La mala educación (Pedro Almodovar, 2004)
  18. El jardinero fiel (Fernando Meirelles, 2005).
  19. Volver (Pedro Almodóvar, 2006)
  20. Cometas en el cielo (Marc Forster, 2007)
  21. Che (Steven Soderbergh, 2008)
  22. Los abrazos rotos (Pedro Almodóvar, 2009)
  23. También la lluvia (Iciar Bollain, 2010)
  24. El Topo (Tomas Alfredson, 2011)
  25. La piel que habito (Pedro Almodóvar, 2011).

Lan horietako asko eta asko sariak eta laudorioak jaso dituzte hainbat jaialdi eta ekitaldi ospatetsuetan, besteak beste, Cannes eta Veneziako zinemaldiak. Bestelako sariak jasotzeko izendapen ugari ere izan ditu, adibidez, Europako Zine Sari Nagusia, BAFTA delakoak, Urrezko Globoa edo Oscar Saria, azken hori hiru alditan El jardinero fiel, Cometas en el cielo eta El Topo pelikuletan egindako lanagatik. Aipagarriak dira Espainiako Zinema Zientzietako eta Arteetako Akademiak eskaintzen dituen Goya Sariak soinu banda onenari honako filme hauengatik: La ardilla roja (Julio Médem, 1993), Tierra (Julio Médem, 1997), Los amantes del Círculo Polar (Julio Médem, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999), Lucía y el sexo (Julio Médem, 2001), Hable con ella (Pedro Almodóvar, 2002), Volver (Pedro Almodóvar, 2006), Los abrazos rotos (Pedro Almodóvar, 2009) eta También la lluvia (Iciar Bollain, 2010) eta La piel que habito (Pedro Almodóvar, 2011).

RNE katearen Kritikarien Sant Jordi Saria jaso zuen (2004) ibilbide profesionalagatik, Kultura Ministerioak emandako Zinematografia Sari Nazionala ere jaso zuen (2007), edota Bremengo Zinema Saria (2011) Europako zinemagintzari egindako ekarpenagatik eta bere ibilbideagatik.