Frontera Films-ek produzitu zuen filma, 1983an. Alfonso Ungríak zuzendu zuen, eta Ángel Amigok eta Luis Calparsorok produzitu.
La fuga de Segovia-ren arrakastaren ondoren, Ángel Amigo beste proiektu bati heltzeko kemenarekin aurkitu zen. Horretarako, film hartako antzezle ugari izan zituen ondoan; esaterako, frankismoaren aurkako borrokako bere aspaldiko lagunak: Imanol Gaztelumendi eta Patxi Bisquert. Eta baita beste aktore batzuk ere: Ramón Barea, Xabier Elorriaga, Klara Badiola...
Ángel Amigo kartzelan egon zen garaikoa zen asmoa. Han, Nafarroako historiari buruzko liburu bat irakurtzen ari zela, jakin zuen nafarrek espedizio bat egin zutela Albaniara Nafarroako Karlos II.aren erregealdian. Gidoia idazten denbora luzea eman ondoren, lehen zirriborroetako doinu hotsandikoa kendu, eta kontakizun normal bat eratu zuen; gaiari dagokion alderdi epikoarekin, baina intimistagoa. Nafar taldearen abenturaren paraleloan, gatazka dramatiko bat idatzi zen. Pedro de Lasagaren idealismoaren aurrean, Don Luisen desengainua eta gerrak berekin ohi dituen zakarkeria nahiz basakeria dauzkagu. Filmak hasiera ona du. Pertsonaiak ongi karakterizatuak dira. Gero, ordea, parte nahasiagoa dator: nafar tropak Albaniara heltzen dira; batetik bestera dabiltza, etsai ikusezin baten bila. Werner Herzog-ek eta Francis Ford Coppola-k fruitu bikaina sor zezaketen hor, Aguirre, la cólera de Dios-en eta Apocalypse Now-n egin zuten bezala. Baina Ungríak huts egiten du, ez baita gai horrelako odisea baten poesia eta transzendentzia jasotzeko. Kritikari minbera batzuek esan zuten, egileek beti ukatu arren, obrak paralelismo batzuk zituela orduko euskal errealitate politikoarekin. La conquista de Albania apustu ekonomiko eta politiko itzela izan zen Eusko Jaurlaritzarentzat. Lehen aldiz, euskal film bat 100 milioi pezetako aurrekontura heldu zen. Gainera, 24 orduz atzeratu zuten estreinaldia Donostiako Zinemaldian, Garaikoetxea lehendakaria bertan izan zedin. Kritikak, ordea, harrera gogorra egin zion filmari, eta hark ibilaldi komertzial kaskarra izan zuen. Dena dela, obra handinahia da, eta bistako lorpenak ditu. Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen, Biarritzeko Zinema Iberiarraren eta Latinoamerikarraren Jaialdian.
- Amigo, Ángel: Veinte años y un día, San Sebastián, Igeldo Komunikazioa-Communication, 2001, 221 pp.
- Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
- López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbao, Mensajero, 1984, 331 pp.
- Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
- Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
- Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
- Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
- Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.
- Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 pp.
- Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 pp.