Nobelagilea, irakaslea, historialaria, euskal jatorriko editore estatubatuarra. Alturasen (Kalifornia) jaio zen 1923an. Euskal immigrantearen ahotsa zen Ameriketako mendebaldean. Laxalt Renon (Nevada) hil zen 2001ean.
Therese Alpetche, izatez Nafarroa Beherekoa, eta Dominique Laxalt, izatez Zuberoakoa, izan zituen guraso. Sei seme-alaben artean bigarrena zen. Aita artzaina zuen, eta ama, berriz, Hotel Frances pentsio euskalduneko gerentea Carson City hirian (Nevada).
Bigarren hezkuntzatik nabarmendu zitzaion idazketarako jarrera. Bigarren hezkuntza amaitu eta Santa Clarako Unibertsitatean (Kalifornia) matrikulatu zen 1940an.
Unibertsitatea utzi zuen soldadutza egiteko eta Kongo Belgikarreko estatuko departamentuan egin zuen lan. Han ia heriotzara eraman zuten zenbait gaixotasun pairatu zituen. Nevadako Unibertsitatean (Reno) sartu zen eta ingeleseko eta literaturako ikastaroak aukeratu zituen. 1947an graduatu ostean, kazetari-lanetan aritu zen United Press International agentzian. 1948an Las Vegas Evening Review-Journal aldizkarirako ere argitaratu zituen artikuluak.
Joyce Nielsen-ekin ezkondu zen 1949an eta hiru seme-alaba izan zituzten: Bruce, Monique eta Kristin. Fulbright ikerlari gisa hautatu zuten. 1951. urtean, Robert Laxaltek aita, Dominique, jaioterrira lagundu zuen, Zuberoara, 47 urtez kanpoan izan ostean. 1957an, Amerika mendebaldeko artzain euskaldun tipikoa zen bere aitaren historiarekin ibilbide profesionala aldatuko zuen Sweet Promised Land argitaratu zuen.
1961ean University of Nevada Press editoriala sortu zuen eta bertako zuzendaria izan zen 1983 arte. 1966. urtean, William A. Douglass eta Jon Bilbaorekin batera, Euskal Ikasketen Programa (Basque Studies Program) sortu zuen Nevadako Unibertsitatean (Reno).
1965 eta 1966 artean Iparraldera joan zen bizitzera familia guztiarekin. Karrera profesionalean hainbat sari jaso zituen eta baita Pulitzer sarirako bi izendapen ere: Nevadako Unibertsitateko (Reno) Nevadako autore agurgarriaren katedra, Nevadako Ohorezko Autoreen Zerrenda eta Nevadako estatuko Arte Batzordeko hamarkadako saria.
Euskaldunen artean ezagutzera eman zuen lana Sweet promised land (Zin egindako lur maitea) izan zen, New York, 1957. Alemanera itzuli zen 1959an Baskische Heimkeher titulupean eta frantsesera Belloc Bertrand Mouchez fraideak itzuli zuen Mon père était berger tituluarekin eta Gure Herria aldizkarian argitaratu zen 1969 eta 1970 artean.
Handik bi urtera Baionan argitaratu zuen 170 orrialdeko liburuan. Hamabi argazkik dokumentatzen dute liburua. Azalean, Dominique Laxalt, Nevadako Laxalt dinastiaren fundatzailea, azaltzen da zaldi gustukoenaren gainean. Gero Nevadako abeltzaintzako zereginei eta familiako gertakari ugariri buruzko beste hainbat azaltzen dira, "Galantenia"ra iritsi arte, Laxalt sendiaren etxea zena Liginagan, Zuberoan. Azkeneko argazkian Therese Alpetche etxeko andrea azaltzen da, seme-alabekin batera. Lana Munduko Euskaldunen Batasuna elkartearen mesedetan argitaratu zen.
Dominique Laxalten ahotik jaso zituen Robert Laxalt semeak Ameriketako mendi eta basamortuetan bizitzeko borrokaren oroitzapenak, oparotasun-egun handiak eta 1986ko krisi handiarenak.
1986an Donostiako Urrezko Danborra (Gipuzkoa) jasotzeko aukeratu zuten. 1986ko urtarrilaren 20an, haurren danborradak hiriko patroia ospatuz udaletxe aurrean arrada egiten zuen bitartean, Robert Laxaltek Urrezko Danborra jaso zuen udalbatza-aretoan, Ramon Labayen alkatearen eskutik. Literatur lanari esker, euskal kultura eta Donostiako hiria zabaltzeko egindako lanaren aitorpena zen. Alkatearen hitzek euskal kolektibitatearen ahalegin sortzailearen eta bultzadaren ikur izan diren idazlearen eta haren familiaren eta Iparramerikako beste euskaldun batzuen lanak azpimarratu zituen.
Robert Laxaltek emandako saria honela eskertu zuen: "...dagokizun herriaren ohorea jasotzea, idazle batek bizitzan jaso dezakeen saririk handiena da seguru asko".