1927ko abenduaren 16an Leitzako (Nafarroa) Franki baserrian jaiotako bertsolaria. 2012ko otsailaren 12an zendu zen Aretxabaletan.
Hamabi urte zituela sendia Aiara (Gipuzkoa) mugitu zen eta, ondoren, Manuel Oriora aldatu zen. Han errementari modura lan egin zuen. Hemezortzi urterekin abiatu zen bere bertsolari ibilbidea eta garaiko txapelketetan sekula parte hartu izan ez bazuen ere, urte askoan erreferentzia ukaezina izan da. Teknika zorrotza eta hizkuntza gardena erabiltzen zituen eta, horrez gain, diskurtso landua zen berea. Hori dela eta, bertsolari miretsia izan da eta hainbat belaunaldirentzat eredu. Osasun pattaleko gizona zen eta kantatzeko era berezia zuen, ahots sarkorra bezain goxoa, musikaltasun handikoa eta beti doinu egokia hautatuz. Horrela, itxura fisiko horrek eta kantatzeko modu horren ondorioz irudi hunkigarria sortzen zen, ikusleagoari sentimenduak komunikatzeko aproposa.
Halaber, kontalari eta narratzaile aparta zen. Prosa nahiz bertsoa jorratu zituen eta artikulu andana utzi zituen aldizkari eta egunkarietan (El Diario Vasco egunkarian maiz kolaboratzen zuen). Gainera, liburu ugari argitaratu zituen: Gordean neuzkanak (Auspoa liburutegia, 1975), Beranduko lanak (Auspoa liburutegia, 1992), Bertso mordoxka (Auspoa liburutegia, 1970. Auspoa 100), Lazkao-Txiki gogoan (Auspoa liburutegia, 1994. Auspoa 221), Enbor zarraren ezpalak (Auspoa liburutegia, 1995. Auspoa 225), Uztapide gogoan (Auspoa liburutegia, 1999. Auspoa 261).
Omenaldi ugari jaso zituen, besteak beste, Orio, Leitza, Anoeta, Eibar edota Añorgan. Horrez gain, 1971n Donostiako Kultura eta Turismo Ekintzetxeak (KTE) antolatutako hirugarren Bertsolari Egunean ere jaso zuen omenaldia (III. Bertsolari Eguna, 1971).
Behinola, San Tomas egunez, Lasarte txuleta eder bat jaten ari zela, Azpeitiko hiru bertsolari (Imanol Lazkano, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ) zirikatzen hasi zitzaizkion esanez egunero hala janez gero ez zukeela horren tankera meharra izango. Lasartek horrela erantzun zien:
Nere plakezaz ote zaudete
zuek ia saminduan?
zer kulpa daukat nik Jaungoikoak
ola egiñ baninduan?
ez naiz bakarrik gehiago ere
ikusten ditut munduan
arraozietan luzitzen det nik
gizon aundien onduan
- Xenpelar Dokumentazio Zentroa
- CD-Rom Bertsoen Mundua. Usurbil, Elhuyar, 1997
- Bertsotan II 1936-1980, Donostia, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, 1988
- ZUBIZARRETA, Iñaki. Manuel Lasarte. Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila, 2007.