Filologoak

Lardizabal, Frantzisko Ignazio

Frantzisko Ignazio Lardizabal Zaldibiako (Gipuzkoa) Zubiaurre etxean jaio zen 1806ko uztailaren 5ean. Aita, Frantzisko Xabier Lardizabal, orendaindarra zuen, eta Maria Antonia Urretabizkaia ama, aldiz, Zaldibiakoa bertakoa. Bederatzi neba-arrebetan zaharrena izan zen Frantzisko Ignazio. Aita herriko sendagilea izan zen arren, ez dirudi diru asko irabazten zuenik: bizimodu xumea egiteaz gain, estutasun-sasoiak ere igaro zituzten. Garai hartako Zaldibia (eta Gipuzkoa nahiz Euskal Herri gehiena) landa-girokoa zen ia erabat: 100 etxetatik 20 baino ez zeuden herrigunean, eta gainerakoak baserriak ziren. Hain zuzen ere, herrigune horretatik hurbil, elizatik hurbil, zehazki, jaio eta bizi izan zen Lardizabal.

Lehenengo ikasketak Lazkaoko karmeldarrekin egin zituen, eta badirudi Markinako Frai Bartolome de Santa Teresa XIX. mende hasierako bizkaitar idazle ospetsua bertan ezagutzeko aukera izan zuela; izan ere, biak egon ziren garai bertsuan karmeldarren etxean. Gauza ziurra ez den arren, Resurrección María Azkuek markinarraren eragina ikusten omen zuen zaldibiarraren testuetan. Lardizabal ikasle ona eta apala izan zela irakur daiteke garai hartako karmeldar irakasleen gutunetan, eta badirudi izaera horrek lagundu ziola hurrengo urteetan. Izan ere, karmeldarren aita jeneralak Lazkaora egindako bisita batean Lardizabalen berri izan zuenean, zein langilea zen ikusita, berarekin ikasten joateko aukera eman zion, eta zaldibiarrak, bere nahiei jarraikiz, baiezkoa eman zion. Hurrengo urteak Burgosen egin zituen, bada, filosofia eta teologia ikasten.

Hamazortzi urte besterik ez zituela, tontsura egin nahi zuela eta, horretarako baimena eskatu zuen, eta onartu egin zioten: 1824an hasi zen prestaketa-lanetan. Ikasten jarraitu zuen, eta urtebeteren buruan benefiziadu-plaza eskuratu zuen. Alabaina, Lardizabalen ikasle-ibilbidea ez zen hor amaitu, Burgos eta Madrilen ikasten jarraitu baitzuen (Espainiako hiriburuan amaitu zuen karrera). Hogeita lau urte zituela lortu zuen presbiterotza, eta sorterrira itzultzea erabaki zuen. Zaldibiako apaiz eta erretore izan zen 1830 eta 1855 artean. Ikertzaile batzuek Lardizabal bere baitan bilduta eta mundutik aparte bizi izan zela esan dute, baina beste batzuek ez dute ideia hori bete-betean onartzen, sinesgaitza egiten zaielako kanpoko hiri handietan bizi izandako garai hartako pertsona ikasi batek joera hori izatea.

Zaldibiako apaiz zela piztu zen lehenengo karlistaldia, eta ondorio latzak izan zituen euskal herritarrentzat eta Lardizabalentzat berarentzat. Gizartea zatitu egin zen karlisten eta liberalen artean, eta horrek haserreak, istiluak, borrokak eta gudak besterik ez zituen ekarri. Zaldibiako herritar gehienak karlistak izan ziren arren, badirudi liberalak ere egon zirela, eta Lardizabalek zuzenean ikusi ahal izan zuen banaketa horrek gizartean eragindako arrakala. Zaldibiar apaiza ere karlisten aldekoa zen, eta aldaretik edo lagunartean esandakoak ez bide zitzaizkion gustatu liberalen bati, ziur aski salaketaren baten ondorioz, atxilo eraman baitzuten Ordiziara. Giro gaiztotu hura ikusita, Lardizabalek sorterritik ihes egitea erabaki zuen, eta Nafarroan ibili zen, ezkutuan, harik eta gerra amaitu zen arte. Zaldibiara itzuli zen orduan.

Jakin badakigu Zaldibian bizi zelarik ikasten eta irakurtzen jarraitu zuela Lardizabalek, eta tartean euskal egileen lanak ezagutu zituela, hala nola, Markina aldeko idazleenak, Larregi lapurtarrarenak, Zavala bilbotarrarenak eta abar. Euskalari on eta zintzoaren ospea irabazi zuen, eta Iztuetari bere lanak txukuntzen lagundu zion. Lardizabalek etxean eduki zezakeen liburutegiaz, alabaina, ez daukagu zehaztasun handirik. Badago zerrenda bat, baina ez dakigu liburu guztiak ala bakar batzuk besterik ez diren agertzen. Halaber, badakigu zaldibiarra hil zenean hainbat idazki, dokumentu eta artxibo galdu zirela, tartean Lardizabalen beraren obra argitaragabeak (hori dela eta, ez dago zehatz esaterik zenbat obra idatzi zituen).

XIX. mendearen erdialdean Asiako kolera morbo gaixotasuna arin zabaldu zen Gipuzkoan barrena, eta hainbat eta hainbat hildako eragin zituen. Zaldibiara ere iritsi zen halako batean, eta Lardizabal kutsaturik hil zen, gaixotasun horren ondorioz, 1855ean.