Politikariak eta Kargu publikoak

Monzón Ortiz de Urruela, Telesforo

Otea.

1904ko abenduaren 1ean Bergaran (Olaso etxea) jaiotako idazle, politikari eta buruzagi nazionalista euskalduna. 1981eko martxoaren 9an hil zen Baionan.

Madrilen zuzenbide ikasketak hasi zituen (ez zituen bukatu) eta 1930ean EAJ alderdia berriz ere bateratu zenean bertan afiliatu zen. Urtebete beranduago, II Errepublika aldarrikatzea ahalbidetu zuten 1931ko udal-hauteskunde historikoetan bere jaioterriko zinegotzi izateko hautatu zuten.

Euskal estatutuen lehen prozesuan bere herriko Udalak , beste batzuk egin zuten bezalaxe, Eusko Ikaskuntzen Estatuturako erlijio-zuzenketak eta hamar urteko zuzenketak proposatzea lortu zuen. Zuzenketa horiei esker, estatutu hori Lizarrako estatutu konfesional bilakatu zen. Gortetako diputatu izateko hautatu zuten bi legealditan (1933-1936). Jendaurrean egindako ekintzetan, emandako hitzaldietan eta mitinetan erreparatuz bere ibilbide errepublikanoa jarrai daiteke. GBBko presidente eta EBBko kide izan zen, eta bere oratoriarekin Hegoalde guztia zeharkatu zuela esan daiteke. Hitz goxokoa izaki, euskaraz nahiz gaztelaniaz, jende asko erakartzen zuen. Hurrengo ekintzok azpimarratu behar dira:

1931. Donostiako Eusko Etxean, Hondarribiako Juventud Vasca delakoan eta Zarautzeko Eusko Etxean emandako hitzaldiak; Andoain, Oiartzun eta Legazpiko mitinak; Getariako Batzokiaren inaugurazioan egin zuena; Gasteizen Juventud Vasca delakoaren inaugurazioan eman zuen hitzaldia; Bilboko Emakume Abertzale Batzan emandakoa

1932an Eskoriatzako Eusko Etxearen inaugurazioan. Iruñeako Gayarre Antzokian; Ondarretako Gizarte Etxean (Bilbo); Donostiako Eusko Etxean Elvira Zipitriaren aurkezpena; Estatutuaren aldeko mitina Oñatin, Euskal deklamazioaren eskola Donostian, Hernandorena eta Altzetarekin; Durangoko Tabira Antzokian. Azken ekitaldi horretara Luis de Arana-Goiri eta Bizkaiko Buru Batzar osoa bertaratu ziren; Estatutuaren aldeko mitina Billabonan, Altzeta, Manuel Irujo eta Julene de Urzelairekin batera; Batzokiaren inaugurazioan eta Emakume Abertzale Batzan Amurrion; Batzokiaren inaugurazioan eta Iru Gudariren estreinuan Durangon. Azken horretan Monzon, Basaldua eta Julia Fernandez Zabaleta nafarrak parte hartu zuten. Bergaran Euskal Ikasleen Lehen Kongresua ospatu zen. Lojendio, Arilla, Urkaregi, Etxegarai, Apraiz, Onaindia, Jose Antonio de Aguirre eta Monzonek parte hartu zuten; Emakume Abertzale Batzan eta Eusko Gaztetxuaren inaugurazioan Oiartzunen; Begoñako Emakume Abertzale Batzanen inaugurazioan; Basauri eta Elantxobeko batzokien inaugurazioan; Tafallako Eusko Etxearen inaugurazioan; Tolosako EAJ alderdiaren Asanbladan. Asanblada horretan Luis de Arana-Goirik ere parte hartu zuen eta ikurriña aberriko bandera gisa aldarrikatu zen.

1933. Bilbon, Euskalduna pilotalekuan protesta bat burutu zen, Jesusen Bihotzari egindako monumentua erauztearen akordioaren aurka. M.ª Teresa de Zabalak, M. Irujok, Monzonek, Landaburuk eta Egileorrek diskurtso bana eman zuten; Ordizian Julene de Urzelaik, Artechek eta Monzonek mitina egin zuten; Bartzelonan, Palestrako ekitaldi-aretoan euskal nazionalismoari buruzko hitzaldian egon zen; Donostian "Euzkadi-Europa" lelopean egindako Aberri Egunean ere izan zen. Aipagarria da Aberri egun horretan Estoniako Ammende doktorea, "Gutxiengo Nazionalen Kongresuko" idazkaria ere bertan izan zela. Monzon nafarroan: Iruñean, Lekunberrin, Elizondon eta Tafallan.

1934. Irailaren 2an, igandez, goizeko hamaiketan. Parlamentarien eta herriak hautatutako udal-agintarien bilkura jendetsua. Kataluniako Esquerra Republicana alderdiko parlamentari katalanez osatutako ordezkaritza bat iritsi zen Monzonek pertsonalki gonbidatuta. Oldarketako guardiek eta beste indar batzuek ia Zumarraga osoa setiatu zuten. Besteak beste, Jose Antonio de Aguirre, Indalecio Prieto eta Telesforo de Monzon buru zirela, jende asko bertaratu zen eta, azkenean, jende oldeak egindako presioari esker errepresio-indarrak gainditu eta areto nagusiraino iritsi ziren. Bizkaiko diputatuak eta Errepublikako ministro ohiak, Indalecio Prietok, hitza hartu eta bilkura zuzendu zuen. Jarraian, Monzonek hitz egin zuen euskaraz eta Muga gobernadore zibila haren mintzaldia eten nahirik ibili zen.

EAJ alderdiak urrats ezkertiarrak eman bazituen ere, 1936ko apirilean iraultzaren aurkako eskuinarekin elkartu zen. Bilkura hartan Monzon joan zen bere alderdiko ordezkari gisa.