Architecture

Zumarragako Hilerria

Zumarragako hilerria Beloki mendiaren magalean kokatzen da (43°04'59"N 2°19'00"W), mendiaren izen berdina hartzen duen kalean, Zumarragako herrigunetik horren ezaguna den Antiguako ermitarako bidean hain zuzen ere. Herria Urola ibaiaren arroaren goiko aldean kokatuta dago. Ibai hori dugu Gipuzkoako lurraldea berezko eskualdetan banatzen dutenetako bat. Herritik bertatik kostaldera 39 km dira, eta Antzuola, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi eta Urretxu ditu mugakide.

Zumarragak 18,23 km²-ko azalera du, eta herrigunea itsasoaren mailarekiko 356,9 m-ko garaieran dago, batez beste.

Hilerri hau oso obra arkitektoniko berritzailea da Euskal Herri mailan. Jose Antonio Pizarroren lana dugu, eta bertan aurki ditzakegu Vicente Larrea eskultorearen bi estatua ere: "Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua". 1875ean agertzen dira hilerri honen lehen datuak baina 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutena da gaur egun bertan aurki dezakeguna. Obra berri honen lanak 1990 urtean amaitu ziren.

Hilerriaren ingurua aztertuz, herriaren gainkaldean kokatzen da. Inguruan sendibakarreko etxebizitza ugari aurki ditzakegu eta baita goi mailako zikloetarako irakaskuntza ekipamendu batzuk ere. Ingurua oso lasaia da, belardiz eta zuhaitzez inguratua eta baserri batzuk ere aurki daitezke bertan. Urretxu nahiz Zumarraga udalerriez gaineko ikuspegi ederrak daude bertatik.

Obra hau egiteko ardura izan duen arkitektoak Egiptoko tenpluetako espazioa, "mugagabeko bidaia horrena", gogorazi nahi izan digu, eta sinboloz inguratu du bere obra guztia bidaia hau bisitariari helaratzeko asmotan.

Infiniturantz tenkaturiko espazio batean, arkuek eta nabarmenduriko habeek handiagoturiko perspektibaz, ibilbideari bizitasuna ematen dioten lerroez markatua dago lurra, eta batez ere bi bazter-espazioz, guztiaren amaiera behar luken tokian zerbait abiatzen dela adierazi nahiean. Oso arkitektura lan berritzailea euskal lurrean, nitxoak jartzeko toki egokia eratu baitu lurrazpiko kripta baten bitartez.

Barne espazioari dagokionez, oinplanotik aztertzen hasita, espazio simetriko bat dela esan genezake. Erdian eskailera daukagu eta nitxoak ezkerrera nahiz eskuinera banatzen dira, lau ilaratan. Lehengo eta bigarren nitxo hilaren artean pasabide bat sortzen eta eta hirugarren eta laugarrenaren artean bigarren pasabidea. Planoan argi ikusi daiteke, nola bigarren eta hirugarren hilara elkarri itsatsita dauden. Hilara bakoitzak hilkutxa ugari kokatzeko lekua dauka bertikalean ere. Beraz, hilerria horizontalean nahiz bertikalean hedatzen doa.

Arkuak dira hilerri honen beste berezitasunetako bat, izen desberdinak eman dizkio arkitektoak, "arco de la tierra", "arco del fuego"...

Lurpeko bi galeria zuzen ditu beraz, lau nitxo ilara gorantz galerien alde banatan, guztia zutaberik gabeko arku paraboliko sorta baten pean, eta korridoreen ondoan aipatutako bi eskulturak.

Argi-ilunaren jokoak efektu berezia egiten du, senideek hilkutxa kriptako biribilgunera eramaten duten une hunkigarrian.

Eraikinak oso errespetu handiz jokatzen du inguruarekin, lurrazala libre utzi baitu kanposantu arrunt eta kolapsatu batetan, eta berdegune handi bat eskeintzen dio bertan. Beste arlo bati begiratuz, esan dezakegu egokitu egiten zaiola gaur egungo gizarte doktrinari, eta atzera egiten du neoklasizismoaren berdintasunezko tradizioraino.

Kanpoko itxurari dagokionez, ez du inongo berezitasunik. Harriz egindako fatxada xume bat da hilerriaren bolumena perimetro guztian inguratzen duena. Nolabait arkitektoaren obraren muina edo funtsa horma honen barnean senti daiteke kanpoan baino gehiago, izan ere barnekaldea sinboloz eta argi iturri desberdinez josita dago, eta kanpoko horma, guzti hau gordetzeko itxitura gogor bat besterik ez dela dirudi, barneko gauza guztiak ondo baino hobeto babestuko dituena. Oinplano simetrikoa izanda, sarrerako atea fatxadaren erdigunean kokatzen da, eta hau litzakete fatxadan nabarmendu daitekeen gauzarik nagusienetakoa, bakarra ez baldin bada.

Eraikina fase desberdinetan eraiki da, eta honakoa da bere garapena:

Hilerria parrokiaren zaintza eta administraziopean izan zen 1980. urterarte. Ondoren handipen bat egitea beharrezkotzat jo zen eta udala egin zen honen kargu. Gaur egun 161 panteoi eta 738 nitxo inguru ditu, udalak egin dituen handipenen faseen arabera epe desberdinetan irekitzen joan direnak.

Lehenengo fasea (1980-1981): 318 nitxo erabilgarri gauzatu ziren.

Bigarren fasea (1984): 300 nitxo inguru, lurrazpiko kriptan kokatuta.

Azken fasea (1998-1999): kanpokaldean kokaturiko 120 nitxo.

Barne inguru honetan bi estatua daude: "Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua", Vicente Larrea eskultorearen lanak biak. Estatua sinbolikoak dira, eta aldi berean hilerriko kriptaren presentzia iluna eta hotza apaintzen dute. Vicente Larrea eskultoreak, alarde plastiko bat egin du proportzioei dagokienez, eta baita ere eskulturen kokapen, mugimendu, eta aingeruaren irudiaren karakterizazioari begiratuz ere. Karakterizazio hau, beti ere sentsibilitate garaikide batetik interpretatuta egin da. Irudi hauetan bi esanahi batzen dira, alde batetik aingeruaren izatea bera, eta beste batetik kokatuak izan diren eremu hilkorraren izaera.

"Heriotzaren Aingerua", eskultura independientea da, aingeru baten irudiaren estilizazio librea da, baina uneoro argi irakurtzen da aingeruaren irudia. Eskultura honekin Larreak lehenengo aldiz hartzen dio aurre gizaki irudi bati bere osotasunean, eta gainera hegoak txertatzen dizkio. Sendotasun konstantea duen lamina batez osaturik dago, eta lamina hau plegatuz, eta honen ahurtasun eta ganbiltasunen bidez estatuaren gorputza osatu da; edo gorputza baino honen zati ukigarria osatu dela esan genezake, izan ere aingerua bere osotasunean irakurtzeko, irudia inguratzen duen zati hutsa beharrezkoa da. Eta horrela sortzen da eskultura, fikziozko bolumen baten bitartez, lamina eta bere hutsunea, azala eta honen itzalez osatua. Beraz, irudi barrokoa da bere esanahiari begiratuz.

Hilerriak fase desberdinetan izandako handipenei dagokienez, herriarentzat bete beharreko funtzioa ondo betetzen duela argi dago, eskakizuna handitzen joan den heinean bere hedadura handitu baitu. Beste edozein hilerrik bezela, zeresan berezi bat du bertako herritarrentzako eta batez ere barnekaldetik izaera oso berezia dauka aipaturiko eskultura eta argi jokoek nahiz sinboloek beste hilerriekiko desberdina egiten baitute.

  • Jose Antonio Pizarro. [web] [Kontsulta data: 2012ko abuztuaren 30a]
  • lenbur.com [web] Zumarragako Udal Hilerria . [Kontsulta data: 2012ko abuztuaren 30a]
  • LINAZASORO, Iñaki. Historias y añoranzas ZUMARRAGA nire sorlekua. Zumarragako Udala, 2001.