Écoles basques

Urnietako Eskolak

Urnietako parrokiko erretore zen Nikolas Azkonobietak, 1664. urtean eginiko testamentuan, bere jabegoko Miranda etxearen erdia, eskola bihurtzeko eskeini zuen.

XX. mende hasieran, berriz, eskola udaletxe zaharrean kokaturik zegoen.

Bitxia da benetean garai hartako pedagogi jardunean"Eraztunaren sistema". Urnieta guztiz euskalduna izanik, umeek gaztelera ikasi eta erabili beharra zeukaten ikasketak egin ahal izateko. Irakasleak goizean eraztun bat ematen zion ikasle zaharrenari eta honek beste norbait euskaraz hitzegiten somatuz gero, eraztuna pasatzen zion. Horrela behin eta berriro. Egunaren amaieran eraztuna zeramanak, ordubete geratu beharra zeukan eskolan zigorturik.

1905. urtean udaletxea erre zen eta ikasleak ikastetxerik gabe geratu ziren. Udalak, Miarritzen bizi zen Pedro Viteri Arana jaunari eraikuntza berri bat egin zezan eskatu zion (gizon honek gipuzkoako herri askotan eskolak eraikitzeko dirua jarri zuen).

1906. urtean Viteri jauna bere arkitektoarekin azaldu zen Urnietan eta urtebeteko epean eskola eraikitzeko asmoa agertu zuen.

Maria Galarmendi eta Agustin Michelana jaunandereek terrenoen truke metro karratuko 1?50 pta. jaso zituzten udaletxearen eskutik. Jose Trekuk, berriz, beste terreno batengatik trukatu zuen berea. Obrak hasi aurretik zenbait urnietarrek desmontea egiten lagundu zuten. Eskola berria egin bitartean mutilak Oblato misiolariek utzitako gelatan egon ziren eta neskak aldiz, Idiazabal kaleko Ostatuberri etxean.

Azkenik, 1907. urtean inauguratu zituzten Urnieta eta Hernaniko eraikuntzak eta Viteri jauna bertan egon zen. 1981. urtean berritze lanak egin ziren: teilatua, eraikuntzaren sarrera eta barruko gelen banaketa.

1970. urte inguruan herriak hazkundea izan zuen eta aldameneko terrenoetan bi solairutako eraikuntza berri bat egin zuten. Lau urte beranduago beste bi solairu erantsi zizkioten. Egungo zortzi gelako eraikuntza izatera pasa zen. 1989. urtean eraikuntza honen berogailu sistema eta itxitura berritu ziren eta 1996.ean berriz, Bigarren Hezkuntza emateko egokitzapenak egin ziren.