Arts Plastiques et Monumentaux

Judimendi Centro Cívico: Vitoria

Ver versión en euskera.

Judimendi, lehen Zentro Soziokulturala, 1985ean zabaldu zenetik gaur arte, Europa mailan ere azpimarragarria den ekipamendu sare zabal bat eraiki da Gasteizen: egungo sareak Udaletxeak kudeatzen dituen 13 Gizarte Etxe ditu, horietatik zazpik kirol ekipamenduak ere integratzen dituztenak. Judizmendi edo Judimendi Gizarte Etxeak 1990eko apirilean zabaldu zituen ateak, izen bereko auzoan.

Auzoa Judimendi mendixkaren mendebalderantz hedatzen da, hiriaren erdigunearen eta Judimendiko parkearen artean. Iparraldean Done Jakue auzoa dauka, Mendebaldean Babesgabeaketa eta Ekialdean Santa Luzia. 2014ko urtarrilean 5.647 pertsonako biztanleria zuen. Gizarte Etxea Sefarad Plazan kokatzen da, inguruetako gunerik erabilienetako batean.

Eraikina Fernando Ruiz de Ocenda, Iñaki Usandizaga, José Ramón Castillo eta Carlos Muñozen lana da. Abaniko formako orubean eraikia, guztira 8.000 metro karratuko azalera erabilgarria du.

Morfologikoki, Judizmendi Gizarte Etxea triangelu tankerako eraikina da, geometria dinamikokoa, arkitektura postmodernoan koka genezakeena. Fatxada nagusi deigarria du, hormetan adreilu ikusia. Eskailera zentralak eta zutabeek sarrera nagusiaren konposizioari kutsu klasikoa ematen diote, ez ordea euren materialek. Hiru bolumenetan diseinatutako behe-zokaloari altzairuzko profil jarrai batek ematen dio batasuna, eta goi-erremate gisako erlaitzak eraikin osoa hartzen du. Judimendi parkea, Sefarad plaza eta Aranburutarren Kalearen baitan hedatzen da.

Beira eta altzairuzko leihate zabalak eta fatxadako hutsune txikiak "eraikinaren azalaren urradura zabal edo honen perforazio" bezala deskribatu zituzten arkitektoek. Lurraren kota aldaketa solairuen ordenaren bitartez ebaztea lortzen da, altuera ezberdinetan antolatutako sarrerekin.

Sarrera nagusitik barrena, kontzepzio arkitektoniko deigarriaz nabarmendua, solairu nagusira heltzen gara. Bertan, jatorrizko proiektuan, ludoteka aurreikusten da, zenbait bulegorekin batera. Igerilekuetarako sarrera kontrola ere aurkitzen da bertan. Bi igerilekuok, bata helduentzat eta bestea haurrentzat, sakonera ezberdinetako 25x12 metro (6 kale) eta 10,9x6 metro dituzte hurrenez hurren. Espazioak aberatsak dira, argitasun eta irekitasun handikoak.

Egun bi aldagela kolektibo ditu, bi aldagela egokitu, txapelketetarako irteera plataformak eta harmailak.

Lehen solairuko instalazioek terrazara sarbidea dute. Bideoteka, fonoteka, hemeroteka eta liburutegia kokatzen dira bertan.

Bigarren solairuan topalekuak eta erabilera anitzeko areto eta tailerrak aurkitzen dira.

Sotoan Kiroldegia dago, kirol modalitate ezberdinetara egokitu daitezkeen jokalekuak dituena (saskibaloia, eskubaloia, boleibola, badmintona eta futbol-5 aukeran), 1300 metro karratukoa. Hormetako adreilu gorri eta zoruen koloreek kontraste argitsuak sortzen dituzte.

Egiturari dagokionez, Kiroldegiaren bolumena estalki arin batez ebazten da, habe triangelatuz osatua, espazio ireki zabalak ahalbideratzen dituena. Egitura bera pasabide baten euskarri da, harmaila gisa erabilgarria dena alde batean. Beste harmaila eraisgarri bat ere proiektatzen da ekitaldi berezietarako. Kirol ekipamendu hauetara zuzenean heltzen da Aranburutarren kaleko sarreratik.

Altuera ezberdintasunak eta ekipamenduak konplexuak izanagatik ere, proiektuak modu onean islatzen ditu Gizarte Etxearen zonalde ezberdinen funtzionaltasun bereiziak. Areto gehienak neurri ertainekoak dira, erabilerak trukatu ahal izateko egokiak: ikasgelak, klubak, konferentzia gelak, ekintzen programazioan mugikortasun eta malgutasun handia eskaintzen dituztenak. 3,6 metroko zabalerako barneko kale batek, goiko aldean beirate batez estalia, pasabide lana egiten du, zirkulazioaren ardatz nagusia da eta eraikinaren hiru sarrerak komunikatu eta uztartzen ditu.

Gaur egun, 2015 urtean, Judimendi Gizarte Etxeak honako zerbitzuak ere eskaintzen ditu, besteak beste: 8.875 unitateko liburutegi orokorra; 3.766 unitateko familientzako liburutegia; erakusketetarako espazioa; 205 eta 69 metro karratuko bi gimnasio eta beren aldagelak; 20 metro karratuko argazkigintza tailerra; 202 metro karratuko elkartze aretoa, adin eta baldintza guztietako pertsonentzako informazio, motibazio, bideratze eta hezkuntzarako espazioa; 54 metro karratuko sukaldea; 51 metro karratuko bilera gela; 96 metro karratuko askotarako gela; ludoteka eta tailerrak.

  • Gasteizko Udala, Prentsa-bulegoa. "El Centro Cívico Judimendi amplía la red de equipamientos socioculturales". Boletín de información municipal de Vitoria / Udal Informazioaren Aldizkaria, 71.zenbakia. 1990ko Urtarrila-Martxoa.
  • CASTAÑER, Xesqui. Arte y arquitectura en el país vasco: el patrimonio del románico al siglo XX. Donostia: Nerea, 2003.
  • ALTUNA, Ainhoa; SAMPEDRO, Nuria. Los centros cívicos como utopía integradora de la ciudad: el caso de Vitoria-Gasteiz. Vitoria: Estudios Alaveses, Sancho el Sabio, 1999.
  • VALLEJO IRIARTE, Ana. "La red de centros cívicos: origen y desarrollo". ZERBITZUAN, Gizarte zerbitzuetako aldizkaria/ revista de servicios sociales, 27-28. zenbakiak.
  • GUINEA ASTOBIZA, Blanca. "Centros cívicos en Vitoria-Gasteiz: Una experiencia ya consolidada". ZERBITZUAN, Gizarte zerbitzuetako aldizkaria/ revista de servicios sociales, 27-28. zenbakiak.
  • www.vitoria-gasteiz.org. Gizarte etxeak. [Kontsulta data: 2015eko urria].
  • WIKIPEDIA entziklopedia askea. Judimendi. [Kontsulta data: 2015eko urria].