Arte plastiko eta monumentalak

Judimendi Gizarte Etxea. Gasteiz

Gizarte Etxeen sorrera Demokraziaren ezarpen garaiaren baitan uler genezake: 1979. urteko lehen udal gobernu demokratikoen sorrerarekin, hainbat Udaletxeek zerbitzu eta kultur eskaintza zabalak martxan jarri zituzten, gizarte zibila eta udalen arteko erlazioak sustatzeko ahaleginean. Demokrazia jadanik bertan zenaren erakusgarri, politika herritarrengana gerturatu eta administrazioaren erabakietan herritarren esku hartzea bultzatzeko planean, oinarrizkoak kontsideratu ziren boterearen deszentralizazioa eta herritarren parte-hartzea.

Gasteizen, udalaren kudeaketa auzoetara hedatzeko, lehenik Udal Bulegoak sortu ziren 1976.urteaz geroztik, geroago Zentro Soziokultural bezala ezagutzera emango zirenak. Ondoren, eskaintza osoagoa bermatzeko, "Gizarte Etxeen Proiektua" deituriko plangintza diseinatu zuten. Ekintza plan bat finkatzen da, lau faktoretan oinarrituta: lurraldea, biztanleria, beharrak eta baliabideak. Plangintzak, halaber, auzoari orokorrean zuzendutako ekintzak zein arreta berezia behar duten biztanleriaren sektoreei zuzendutakoak biltzen ditu. Honela, Gizarte Etxeak herritarren arteko topagune eta herritarren eta komunitatearen arteko zubi bezala ulertzen dira: multzo arkitektoniko berean integratutako gizarte, kultura eta kirol ekipamenduak dira, zerbitzu anitz eta adin guztietako herritarrei irekitako ekintzak antolatzen dituztenak. Beraz integratuak eta integratzaileak dira, gizartearen kohesioa eta parte-hartzea bilatzen baitute.